Astebete eskas pasatu da, eta hain urrun dago, non ametsa dirudien. Etxetik atera gintuen lurrikarak, baita birritan atera ere, baina laino artean ikusten dugu orain, inoiz gertatu ez balitz bezala. Gertatu zen, ordea, baita haren ondoko tsunamia ere. Lurrikarak onik utzi gaituen gu, familia, lagunak... galdetzen duten mezuak ordenagailuan, sakelako telefonoan, etengabeak dira, baita lurrikararen ondoko seigarren egun honetan ere, zeinean Fukushimako zentralaren egoerak protagonismoa guztiz kendu dien. Lurrikara eta tsunamia gertatu ez balira bezala gaude, arrisku nuklearra da orain non-nahiko.
Yukok hiru ordu bota zituen bakarrik, 39. pisuan igogailuaren barruan. Hiru ordu, Yukorena ez baita, ezta gutxiago ere, Shinjukuko etxe orratz bakarra. Guztietan, segurtasuna dela eta, lurrikara izan eta berehala, konpontzaileak heldu bitartean, igogailuak automatikoki gelditu ziren. Asko pentsatzeko eman zion lurrikarekin ohituta dagoen emakume bati ere, 39. pisuan zintzilik, bakarrik, lurrikara baten ostean, eta ez nolanahikoa, gainera, historian handiena, igogailu baten barruan hiru orduz egoteak. Telefonoa ez badabil, gainera, are okerrago. Baina, zorionez, Yukok Internet du sakelakoan, eta momentu horretan milaka pertsona bezala, sare sozialen bidez, zer gertatu zen eta zer gertatzen ari zen jakiteaz gain, maite ditugun horiekin harremanetan egon eta nolabaiteko lasaitua ere hartu ahal izan genuen.
Igogailuan preso ez baina etxean, kalean edo lantokian harrapatu gintuenoi ere pentsatzeko asko eman zigun lurrikara gogor horrek, eta atzetik etorri eta oraindik bukatu ez diren ikara txikiago eta ez horren txikiagoek. Ezereza sentitzen zara, oso txiki. Eta hauskor, oso hauskor.
Trenak ere gelditu ziren, eta Yuko igogailuan bezala, lanean, erosketetan, ikasten ari zen miloika pertsona ez aurrera ez atzera gelditu ginen arratsaldeko hirurak laurden gutxitan. Askok lantokietan, irakaskuntza zentroetan, babesleku ofizial eta inprobisatuetan egingo zuten lo. Beste askok, Renak, Ritsukok eta Atsukok kasu, ia 40 milioi biztanle dituen megalopolis honetan, batzuetan puntarik punta, norberaren ohean lo egin ahal izateko kilometroak eta orduak ibili behar izan zuten. Kaleak jendez eta autoz gainezka ikusi ziren, eta autobusa hartzeko —zebilen garraio publiko bakarra zen—, ilara amaigabeak, tokioarrek erabiltzen duten tren sare erraldoia martxan jarri arte. Gau berean hainbat linea berriz ere lanean jarri zituzten, lur azpiko metrokoak lehenik, lur gaineko gutxi batzuk geroago. Oraindik ere ez dabilen linearik badago.
Jende andana kalean, beraz, baina oihurik ez, ageriko urduritasunik ez, negarrik ez; naturaren alde suntsitzaileenarekin milaka urte bizi izanak ematen duen duintasun aurpegiak soilik. Eta isiltasuna, isiltasun estua pentsa liteke, baina ez, ohiko isiltasuna, semaforoari itxoiten, kalea zeharkatzen, etxera oinez abiatzen.
Bizitzen jarraitzen, Naoe legez, zeina gertatutakoa gertatuta ere lanera nola iritsi behar duen aztoraturik dabilen. Japoniarra da Naoe, bizitzen tokatu zaiona onartzen du, ez gaijin-ek (atzerritarrak) bezala, zeinak histeriko, batzuk besteak baino gehiago, gabiltzan. Yukok berdin, ez du alde egingo, «herri arriskutsuan» bizi dela onartzen duelako. «Herri arriskutsua» esaten du, natura arriskutsua dela esan nahi du, baina Japonian, gauez atea ixten ez dugun herrian, biak elkartuta doaz, herria eta naturaren indarra bereizezinak dira.
Lurrikara gertatu eta hurrengo egunean Europara alde egin zuen Ninak, beldurraren beldur. Gertatu eta bi egunera, Arnaudek eta Robertok. Hiru egunera Marionak, Johanek, Patriziak... Beste Txernobyl baten beldur ziren, eta, agian, arrazoi handiz; jada ez dakit zer pentsatu. Ihesaldian, ordea, lehenak txoriak izan ziren, eta atzean haiek utzitako lasaitasun kezkagarria dago. Tokion inoiz egon denak jakingo du zertaz ari naizen, beste hirietako usoen lekua hartzen baitute bele zaratatsuek hemen. Beleak ez entzutea, ez ikustea aztoragarria bihurtu da oso.
«Ez da ezer», esan baina guztiz sinesten ez duen Tokion normaltasun anormala dago. Euskal Herritik, Europa osotik familiek Japoniatik alde egin dezagun presioa egiten digute, baita hainbat komunikabidekTokion gertatzen ari dena baina guk ikusten ez duguna kontatzen ere.
Tokiotik Osakara
Gaur Osakarako autobusa hartuko dut, egunetan nik ere «ez da ezer» esan badut ere. Dendetan ogirik, esnerik, ramen-ik (istanteko fideoak) ez, baina «ez da ezer». Erradiazioak hartutako eremua handituz doa, baina «ez da ezer». Ying, Tomoko, Shirko, Kazuya eta bostok alde egitea erabaki dugu, Japoniatik ez oraingoz, Tokiotik. Atzean Lien Chu, Emmanuel eta Christian aireportuan euren hegaldiei itxoiten utziko ditugu. Baita «ez da ezer» jarraitzen duen hainbat lagun ere, tartean Paulo, Javi eta Rico. Chiekok zerbait gertatuz gero aitarenera, Hiroshimara, alde egingo duela dio, lasaitzeko. «Zerbait» hori zer eta noiz gertatuko den edo gertatuko ote den ez dakit, baina gertatzen bada ez da Tokiotik irtetea erraza izango.
«Gertatzen dena gertatzen dela, ez naiz hemendik mugituko, hau da nire lekua», pentsatzen duten japoniar asko dago. Guk, badazpada ere, egun batzuetarako alde egitea erabaki dugu, haize bortitz batek Tokio astintzen duen egun berean. Ezin jakin etxea mugitzen duena haizea den edo oraindik gertatzen diren ikarak diren, akaso biak. Abiatu baino lehen, gela txukundu dut, itzultzen naizenerako. Izan ere, azken egunetan lurrikarek utzitako kaosari aurre egin nahi barik ibili naiz. Neure buruari laster itzuliko naizela esaten diot, baina prestatutako fardel pisutsuak besterik dio. Bihotz-bihotzez oker genbiltzala entzun nahiko genuke hemendik ahalik eta gutxienera. Atzean utzi ditugunen txantxak jasateko irrikan gaude. Sake-a geure kontu.
Lurrikara Japonian. Testigantza
Normaltasun anormala
Tokion ingeles irakasle izanik, bertatik bertara bizi izan ditu Japoniako lurrikara eta tsunamia Gorka Diez-Sanxurxok, 'Berriketan.info' sare sozialeko jarraitzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu