Taxilariak leihoa ireki du. Mahuka motzetan dago, eta ziurtatu du inoiz ez duela ezagutu hain negu epelik. Amiq du izena, eta aise mugitzen da Nuuken barrena. Hiriko semaforoak hatzekin zenbatu daitezke. «Estatubatuarrek egin dezatela nahi dutena, baina guri potroak ukitu gabe», esan du.
Autoa kostaldetik doa orain. Danimarkako fragata bat dago ur gris eta izoztuetan. Fiordoaren bukaeran dago, eta olatu horma baten tankera du. Gauean, portuan hartzen du atseden, gurutzaontzien terminalean. Taxi barruan Dire Straits, Bruce Springsteen eta beste musikari estatubatuar batzuen kantuak entzuten dira.
Uluk sorbaldak jaso ditu. Groenlandia independente izatea du amets, baina beldur da. Beldur da izotzezko erraldoia ez ote den ahulegia izango su inperialistari aurre egiteko. «Ez gara daniarrak. Gure gisa bizi gara, eta noizbait bereiziko gara handik», erantsi du.
Autoa AEBen kontsuletxearen parean gelditu da, itsasoa Nuukeko ertz arrokatsua irensten hasten den tokian. Atzean, Ukkusissat-eko eremu zabal eta zuriak zatitu egiten du zerumuga iluna, zeina, pixkanaka-pixkanaka, moretzen ari baita.

Kontsulatuaren aurrean, Groenlandiako, Danimarkako eta Faroe uharteetako banderak daude zurezko makila batetik zintzilik. Jens Kjeldsen-ek jarri ditu: abenturazale daniar bat da, eta goizero protesta egiten du Trumpen asmoen kontra.
Dena dela, gaur ez dago hor. Bizilagun batek dio ez dakiela ezer. «Ez duzu ezer galduko. Burutik jota dago». Kjeldsen hainbat hedabidetan azaldu da, baina, AEBen espantsionismoaren kontra badago ere, oso bestela pentsatzen du daniar kolonialismoaren praktika batzuez, hala nola milaka emakume inuit antzutu izanaz.
Kontsuletxeko argiak piztuta daude, eta sukaldean norbait dagoela ikusten da. Tinbreak hainbat aldiz jo du, eta zaborrontzietan zerbaiten bila ari diren beleak izutu egin dira. AEBak ate gorri baten atzean ezkutatzen dira. Ez dute hitz egin nahi.
Goragoko etxean, ahate pirata baten banderak desafio egiten die marrei eta izarrei. «Jende horrentzat jostailu bat baino ez gara. Gu haiei bost», azaldu du bizilagunak, eta gehitu ez duela sinesten Trumpek Txinatik eta Errusiatik babesteko nahi duenik uhartea.
«Lur azpian dauden mineral guztiak bereganatu nahi ditu, baita bide komertzialak ere», erantsi du. Sutu egin da, eta, hotza dela eta, lurruna dario burutik. Barrez hasi da; barkatzeko eskatu, eta alde egin du, berandu da eta.
Nuukeko kaleak zuri, gris eta marroi nahasketa amaiezina dira. Izotz plakek gogor eusten diote asfaltoari, akain gosetuak balira bezala. Fatxaden koloreek alaitu egiten dute ikuspegia, baina ez dira inuiten tradizio artistikoaren parte: kolonialismoaren ondorena dira.

Daniarrek inposatu zituzten fatxada horiek, eraikinak identifikatzeko. Horiak, esaterako, ospitaleak edo medikuen etxeak identifikatzeko balio zuen. Urteak pasatu ahala, ordea, kode kromatikoak zentzua galdu du, eta, orain, jabeek nahi bezala pintatzen dituzte etxeak.
Etxeen artean autoak daude aparkatuta, baina baita askotariko barkuak ere. Zurezko paleten gainean jarrita daude, eta batzuk tapatu egin dituzte olana industrialak erabiliz. Ontziak portuan lotuta edukitzea garestiegia da, eta ez dituzte itsasora bueltatuko eguraldi ona egiten hasi arte.
Gizon bat bidoiak garbitzen ari da portxe txiki batean. Etxea zaharra da, eta negu gorriak kalte egin dio. Herdoilak janda dauzka fatxadako xafla urdinak, eta koskorrez beteta dago teilatua, hotzagatik. «Hemengo bizimodua gogorra da», esan du.
Arrantzale erretiratua da. Haren etxe aurreko hondartza errekarriz betea dago, eta mugitu egiten dira olatuekin; bitartean, urrunean, zenbait iceberg ilaran irristatzen dira, eta kolorea aldatzen zaie argiak nola jotzen duen. Ontziren bat edo beste eslaloma egitera ausartzen da ziztu bizian.
«Nire adinean [ez du esan nahi zenbat urte dituen], garrantzitsuena lasai bizitzea da, eragozpenik gabe. Nire herrialdea independentea izatea nahi dut, librea, baina ez naiz inorekin fidatzen. Ez dugu munduaren ardatza izan nahi», ziurtatu du.
Begi tristeak ditu, eta itsas zabalean bizi izandako guztiak moldatua dio aurpegia. Ez du nostalgiarik sentitzen fiordoko ur bareetatik kanpora joateko. «Sakrifizio handia egin behar da, eta oso etekin txikia ematen du».
Groenlandiako ekonomia arrantzaren eta Danimarkako laguntzen mende dago batik bat. Gazte askok uhartetik alde egin behar izaten dute, ez baitago lan aukera nahikorik. «Hori jasan ezin dutenek gezurretan hartzen dute babes, edo desagertu egiten dira», azaldu du, alkoholismoa eta suizidioak gogoan dituela.
Nuuken ez daude koloretako etxetxoak bakarrik. Etxebizitza bloke modernoak ere badaude, baita hormigoiz eta plakaz egindako munstroak ere. Iragan brutalistaren arrastoak dira, horiek ere daniarrek utziak.
50eko eta 60ko hamarkadetan eraiki zituen gobernuak bloke horiek, inuiten kokalekuak suntsitzeko helburuz. Lehengoak ez zirela osasungarriak, horixe erabili zuten argudio nagusi moduan, baina, bide batez, inuiten kultura deserrotzeko eta hura «bizimodu zibilizatuan» sartzeko erabili zituzten.
Ezin lorik egin
Hormigoizko pareten artean ibiltzeak arraildu egiten du bihotza. Beleak, itzal faltsuak bezala, begira ari dira erlaitzetatik, eta hots metalikoak egiten dituzte. «Piztia gaiztoak dira», esan du Uluk, txakurra paseatzen ari dela; hegazti beltzen aldean, txakurrak peluxe bat ematen du.
Zigarro bat piztu, eta esan du ez zaiola gustatzen politikaz hitz egitea. Ez du ezer jakin nahi AEBei, Danimarkari, EBri eta NATOri buruz. «Egiten duguna egiten dugula, norbait eskuak igurzten ariko da gutaz aprobetxatzeko, beti bezala», adierazi du.
Edonola ere, aitortu du batzuetan beldurra pasatu duela, batez ere Trumpek mehatxu egin zuenean inbasio militarra abiatuko zuela. «Lagun batzuek okerrago pasatu dute, eta ezin dute lorik egin».
Izan ere, Osasun Publikorako Zentroak eta Groenlandiako Unibertsitateak ikerketa bat abiatu dute aztertzeko nola eragiten dion egoera politikoaren inguruko presioak herritarren osasun mentalari.

Uluk zigarroa itzali du. Arnasotsa atera —zerbait esan du, baina ezin ulertu—, eta Nuukeko erdialderantz joan da. 20.000 biztanle baino ez ditu hiriak, eta bi kalek osatzen dute nagusiki: bat oinezkoentzat da partez, eta han daude parlamentua, gobernua eta merkataritza zentro bat; bestea zabalagoa da, eta handik pasatzen dira ibilgailuak.
Pixka bat gorago, muino batean, estadio nazionala dago. Neguan, ateak gorde egiten dituzte, eta zelai artifiziala mihise zuri bihurtzen da, gune berdexka batzuk agerian daudela. Groenlandiako liga lehiaketa labur-laburra da, eta aste batzuk baino ez du irauten, udan egiten baitute.
Selekzioa, herrialdea bera bezala, purgatorio moduko batean dago. Partidak jokatzen ditu, baina ez dauka nazioarteko aitortzarik. Faroe uharteei ez bezala, FIFAk atea itxi dio Groenlandiari, eta Concacafek ere gauza bera egin berri du.
Zuzendariek, teknikariek eta jokalariek uko egin diote adierazpenik egiteari. Instituzioak kontu handiz ibiltzen dira zerbait esateko edo edozein komunikatu egiteko orduan. Arazorik ez izateko, isilik egotea erabaki dute.
«Groenlandiako Federazioak hartutako bideari jarraituz, bereizi egingo ditugu kirola eta politika». Hori besterik ez dute esan. Ume batzuk muinoan behera joan dira lera gainean.