NV-A Flandriako Aliantza Berria alderdi independentistak uko egin dio Belgikako beste sei indar politikorekiko negoziazioei berriro ekiteari, Johan Vande Lanotte bitartekariak astelehenean egindako proposamenetatik abiatuz. CD&V alderdi kristaudemokrata flandriarrak, berriz, txostena «birmoldatzeko» eskaria egin du, dokumentu horren inguruan hizketak berriz hastearren. Valoniako hiru indar politikoak, aldiz, prest agertu dira elkarrizketa mahaira bueltatzeko bitartekariaren proiektua abiapuntutzat hartuz, hasiera batean proposamen batzuk begi onez ikusi ez badituzte ere. Azken batean, beraz, Flandriako Groen ekologistak eta SPA sozialistak dira bakarrik bitartekariak aurkeztutako txostena oinarritzat hartuz eta baldintza gabe negoziatzeko prest agertu diren alderdiak.
Jakin-min handienez itxaroten zen erantzuna Bart De Wever buru duen alderdiarena zen, NV-Arena, baina ekainaren 10ean Flandria aldean Legebiltzar federalerako hauteskundeetan garaile irten zen indar independentistak adierazi du «funtsezko oharrak» dituela egiteko Johan Vande Lanotte bitartekariak alderdi guztiei astelehenean aurkeztu zien proposamenari. Ohar egite horiek zein diren zehaztu gabe, bitartekariari eta beste sei alderdiei helaraziko dizkiela zehaztu du NV-Ak. «Gure ohar hauei beste indar politikoek ematen dieten erantzunen arabera, azken negoziazioetan sartzea merezi duen ala ez ikusiko da», dio NV-Ak plazaratutako agirian.
MR alderdiaren haserrea
Vande Lanotteren proposamenari baldintzak jarri gabe hizketaldiak abiatzeko prest ziren, ordea, SPAko sozialista flandriarrak. Bitartekariak aurkeztutako planteamenduakhizpide izan ditu SPAko presidente Caroline Gennezek: «Testua oso orekatua da, autonomiak nabarmen handitzearen eta aginte federal egonkorra mantentzearen artean».
Erabat alderantzizko jarrera plazaratu du MR Alderdi Erreformatzaileak, aurretik negoziazioetatik at den frantses hiztunen alderdiak. Horren diputatu taldeko buru Daniel Bacquelaineren esanetan, frantses hiztunen beste alderdiak Vande Lanotteren proposamenetatik abiatuz negoziatzeko prest izatea «flandriarrei amore ematea» besterik ez da. Arduradun politiko frantses hiztunaren iritzian, «testu horrek larriki kalte egiten die frantses hiztunen eskubideei».
Zehazki, hedabideetan egin diren filtrazioen arabera, bitartekariaren proposamenen artean bada BHV Brusela-Halle-Vilvoorde barruti mistoa bitan zatitzea, flandriarrek nahi duten bezala. Atal gatazkatsu horrez gain, txostenak proposatzen du errenta zergaren emaitzetatik %26 —hots, 15.000 milioi euro inguru— eskualdeen eskumenetan sartzea.Bruselak zerga iturriak %15 igotzea ere proposatu du Vande Lanottek. Belgikan zazpi hilabete daramatzate gobernua eratu ezinik.
NV-Ak uko egin dio Belgikako bitartekariaren testuarekin negoziazioei ekiteari
Indar independentista flandriarrak «funtsezko oharrak» egin nahi ditu dokumentuan berriz hizketan hasi aurretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu