Obamak Iran ohartarazi du huthiak laguntzearen inguruan

Adrian Garcia.
2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Barack Obama AEBetako presidenteak Iran ohartarazi du Yemengo matxino huthiak laguntzearen inguruan. Izan ere, hainbat hedabidek argitaratukoaren arabera, Iranek itsasontzi bidez armez hornitzen ditu matxino xiitak. «Irandarrei esan diegu Yemengo aldeei armak banatzen badizkiete nabigazio askatasuna arriskuan jar dezaketela. Eta hori arazo bat da. Guk nabigazio askatasuna bermatuko dugu», azaldu du AEBetako presidenteak MSNBC kateak argitaratutako elkarrizketan. Iranek hainbat herrialde arabiarrek eginiko akusazioak gezurtatu ditu, eta ukatu egin du Yemengo gatazka sustatu duela.

Izan ere, Iranen eta Mendebaldearen arteko harremanak beste fase baten atarian egon daitezke. Atzo Vienan bildu ziren Teherango eta 5+1 Taldeko ordezkariak, auzi nuklearrari buruzko akordioa negoziatzeko. Ekainaren 30a baino lehen adostu behar dute ituna. Apirilaren 2an behin-behineko ituna erdietsi zuten Lausanan, Suitzan, eginiko negoziazioetan. Orain, alor teknikoak adostu beharko dituzte. Vienako bilkuran, ostiral arte aditu teknikoak eta legelariak bilduko dira.

Dokumentu ofizialik argitaratu ez duten arren, Lausanako aurreakordioan Irango programa nuklearraren mugak eta kontrolak zehaztu zituzten. Halaber, nazioarteak Irani jarritako zigorren inguruan negoziatu zuten.

AEBetako kongresua

Hain zuzen ere, Irango Atzerri ministrorde Abas Araqtxik Irna agentziari azaldu dio zigorren inguruko elkarrizketei helduko dietela Austriako hiriburuan. «Zigor bidegabeak kentzea izan da negoziazioetan egin dugun eskari nagusia».

Negoziazio nuklearren oniritzia AEBetako legebiltzarrari eskatzera derrigortzen duen arauari buruz ere hitz egin du Araqtxik. «AEBetako barne auzia da. Fede onaren printzipioa urratzen duen arren, ez du akordio batek ezarriko lituzkeen betebeharrak betetzerik galaraziko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.