«Kurdistango herritarrok kaleak betetzen jarraituko dugu egunero, Abdullah Ocalan askatzen duten arte». Euren eskaria bete bitartean ez dutela etsiko ohartarazi zuen Emine Ayna Turkiako Parlamentuko BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduko legebiltzarkideak atzo Estrasburgon (Frantzia), Europa osotik bildutako 50.000 lagunen aurrean. Joan den urtarrilaren 31n Genevan (Suitza) abiatutako martxa luzearen amaiera izan zen atzo. Azken hemeretzi egunetan 420 kilometro egin dituzte oinez 300 lagun inguruk Estrasburgora bidean Askatasuna Ocalanentzat; estatus politikoa kurduentzat lelopean —hilaren 15ean iritsi ziren—. Hizlari ugari igo ziren atzo oholtza gainera Estrasburgon, eta ideia bera azaldu zuten denek: «Kurduen auzirentzat konponbide politikoa aurkitzeko garaia da. Eta, konponbide politikoa errazteko, ezinbestekoa da Ocalan askatzea eta kurduek estatus demokratiko autonomoa izatea. Ocalan askatzeak, gainera, ez luke soilik konponbide politikoa erraztuko, Ekialde Hurbilean egonkortasuna bermatzeko ere baliagarria izango litzateke».
PKK Kurdistango Langileriaren Alderdiaren sortzaile eta burua da Ocalan, eta hamahiru urte bete zituen kartzelan iragan asteazkenean. Turkiako agenteek 1999an atxilotu zuten, Greziak Nairobin zeukan enbaxadorearen etxean, eta handik Turkiara bidali zuten. Imrali uhartean dago preso harrezkero—Istanbuldik gertu— , Marmara itsasoan. Erabat bakartuta daukate Ocalan, eta iazko uztailaren 27az geroztik, ez abokatuek, ez senideek ezin izan dute bisitatu.
Mahmut Sakar haren abokatuak gogor kritikatu du Estrasburgon CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordearen eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren isiltasuna. Frantziako hirian dute bi erakundeek egoitza, eta martxa antolatu duen KON-KURD Europako Erakunde Kurduen Konfederazioko kideek bilera egin dute CPTko ordezkariekin. «Ocalan bisitatzeko eskatu diegu, haren egoera zein den jakin ahal izateko. Erantzun digute orain dela gutxi bisitatu dutela, baina ezin digutela inolako informaziorik eman Turkiako Gobernuaren baimenik izan barik», azaldu dio BERRIAri Fayik Yegizayk, BDPk Europako Kontseiluan duen ordezkariak —Europako Kontseilua EB Europako Batasunetik kanpoko erakundea da—.
Turkiaren menpeko Kurdistango hainbat hiritan martxoaren 19ra arteko gose greba hasi zuten herenegun hainbat lagunek, Ocalan kartzelatik atera dezaten eskatzeko. BDPk Istanbulen duen egoitzan, aldiz, hiru egun egin dituzte gose greban hamabi lagunek. Estrasburgora ere hedatu da protesta, eta atzo jakinarazi zutenez aste bi barru hasiko dute Ocalanen aldeko gose greba hemezortzi ekintzailek Frantziako hiri horretan.
Nazioarteko babes falta
«Ez da nahikoa nazioarteak egiten duena. Inplikatu egin behar luke kurduen auzian. Estatus politikorik gabe gaude milioika kurdu, eta inork ez du horretaz hitz egiten, inork ez du horren gaineko interesik. Ez EBk, ez NBE Nazio Batuen Erakundeak, ez nazioarteko iritzi publikoak. Are gehiago, PKK mugimendu kurdurik handiena terroristen zerrendan sartu dute, eta Turkiari babesa eman diote», azaldu du Yegizayk. KON-KURDek, hain zuzen ere, salatu du nazioarteko erakundeak haien balioen kontra ari direla: «Ez dago zalantzarik eskualdeko estatuek kurduen kontra darabilten zapalkuntza sistematikoa ezinezkoa litzatekeela AEBek, Israelek eta EBko estatuen babesa barik. Nazioarteko legeek ez dute balio kurduak tartean daudenean».
Tahir Kemalizade KNK Kurdistango Kongresu Nazionaleko presidenteak, hain zuzen, kurduen askatasun eskaera entzuteko eskatu die Estrasburgon Europako herrialdeei. Kongra-Gel Kurdistango Herri Kongresuko presidente Remzi Kartalek, berriz, Turkiako AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiaren gobernuaren azkenaldiko errepresioa gaitzetsi du. Izan ere, azken bi urteotan 8.000 lagun atxilotu ditu Ankarak lege antiterrorista erabilita —parlamentari kurduak, abokatuak, kazetariak, alkateak, emakumeen mugimenduen ordezkariak...—, eta horietatik 5.000 oraindik kartzelan daude. Urte hasieraz geroztik are gehiago gogortu du errepresioa Recep Tyyip Erdogan Turkiako lehen ministroaren gobernuak. KCK auzia delakoaren barruan 1.300 lagunetik gora atxilotu dituzte arrazoi politikoengatik urtarrilaren hasieraz geroztik; egunean 29 lagun, batez beste. KCK Kurdistango Herri Konfederazioko kideak izatea eta PKKrekin harremanak izatea leporatzen die Ankarak atxilotuei. PKK «talde terroristatzat» jotzen dute Turkiak, AEBek eta EBk.
Azalpenaren indarra
Kurdueen egoera salatzeko eta nazioartean jakinarazteko antolatu du KON-KURDek Genevatik Estrasburgorako ibilaldia. Sinbolikotasun handiko ibilbidea hautatu dute horretarako: NBEk Genevan dituen egoitzengatik aukeratu dute abiapuntua, besteak beste; Lausanne Suitzako hiria bisitatu dute gero, 1923an Greziak, Turkiak eta Lehen Mundu Gerraren osteko aliatuek bertan sinatutako hitzarmenak zatitu zituelako lau estatutan —Turkia, Irak, Iran eta Siria—; helmuga, berriz, Estrasburgon jarri dute, EBk bertan duen ordezkaritza zabalagatik.
Yegizayk martxa osoa egin du oinez Genevatik Estrasburgora, eta esperientzia ederra izan dela dio, jende askok izan duelako kurduen egoeraren berri. «Bidean aurkitu dugun jendeak, herrietako jendeak, zoratuta gaudela esaten zigun. Horrelako baldintzetan 420 kilometro oinez egiteagatik —zero azpitik 21 gradu izan ditugu egun batzuetan bidean—. Baina martxaren arrazoiak azaldu ostean aurpegia aldatzen zitzaien. Kurduon egoera sinestezina dela esaten ziguten». Hain zuzen ere horixe da, Yegizayren ustez, egiteko duten lana, kurduen auzia nazioarteko iritzi publikora zabaltzea.
Kurdistan. Askatasunaren eta Justiziaren Aldeko Martxa
Ocalan askatzeko eskatu dute milaka kurduk Estrasburgon
Nazioarteko erakundeek kurduen auziarekin duten jarrera salatu dute manifestariek, eta kurduen ahotsa entzuteko eskatu dieteOcalan bisitatu duela aitortu du CPTk, baina ez du inolako informazioarik eman
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu