«Odolusten ari gara. Europako armekin hiltzen gaituzte»

Gazatarren genozidioa geldiarazteko, giza eskubideen inguruko nazioarteko legedia aldarrikatu du Raji Surani abokatuak. Trumpen planari gabeziak ikusten dizkio, eta ez du uste bakea hurbil dagoenik, baina gutxienez su etena berehala ezartzeko eskatu du.

Raji Surani abokatua, erdian, gaur EHUn izandako jardunaldietan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Raji Surani abokatua, erdian, gaur EHUn izandako jardunaldietan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2025eko urriaren 7a
18:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Sakonki gazatarra» dela dio Raji Surani abokatuak, eskua bularrean jarrita: «Nire familiaren zazpi belaunaldi bizi izan dira bertan». Baina handik ihes egin behar izan du berak, eta orain Kairotik (Egipto) zuzentzen du Giza Eskubideen aldeko Palestinako Zentroa. Patxadaz eta leun mintzatu da gaur Euskal Herriko Unibertsitateak Palestinako genozidioaren inguruan antolatutako jardunaldian, baina ahotsa altxatu du Gazako sufrimendua irmoki salatzeko: «Gure herria Israelen okupazio kriminal bortitzaren pean bizi da! Israel gerra krimenak egiten ari da, gizateriaren aurkako krimenak, jazarpena, apartheida, egunero-egunero. Eta krimen horiek guztiak oso ondo dokumentatzen ari gara, mundu guztiak jakin dezan». Gazan egoera latza dela berretsi dute bere azalpenek, baina «baikortasun estrategikoa» izatera behartu du bere burua: «Nahiko indartsu nago. Palestinarrok ez dugu etsitzeko eskubiderik. Borrokan jarraituko dugu justizia eta duintasuna lortu arte».

Sinplea baita Suraniren nahia: «Legea betetzea». Baina txundituta eta haserre gaitzetsi du Europako Batasunak eta AEBek beste alde batera begiratzea Israelek sarraskia gauzatzen duen bitartean. Argi utzi du gatazka ez zela hasi 2023ko urriaren 7an, «Gazan bizitzea ezinezko egin nahi zuten lehen ere», baina, Israelek erasoaldia abiatu zuenean, haren alde lerratu zen Mendebaldea segituan: «Handik hiru egunera, Israelek esan zuen ez zituela bereiziko zibilak eta Hamaseko kideak, denak zirela jomuga; ez zela urik, argindarrik, janik edo erregairik egongo gazatarrentzat; eta gazatar guztiak animaliak zirela. Hiru adierazpen horiekin, argi zegoen zer egin nahi zuten. Eta hala ere, Europak Israel babestu zuen; eskolak, ospitaleak, okindegiak, ur biltegiak jomuga izan arren. Genozidioaren ezaugarri guztiak oso argi egon dira hasiera-hasieratik».

Frogak biltzen

Hain zuzen, giza eskubideen urraketa guztien berri jasotzen ari da Giza Eskubideen aldeko Palestinako Zentroa: «Frogak biltzen ari gara, eta auzi legalak muntatzen. 45 lagun ditugu Gazan, landa lanean bonben azpian, oso giro gogor eta konplikatuan; hiru abokatu gazte galdu ditugu». Edonola ere, mundu guztiaren begien bistara gertatzen ari da sarraskia: «Historian lehen aldiz genozidio bat streaming bidez hedatzen ari da mundu osoan: jendeak zuzenean ikus dezake. Bigarren Mundu Gerran holokaustoa izan zen, baina ez genekien gertatzen ari zenik; ezin dugu barkamena eskatu ez genekien zerbaiten inguruan. Baina norbaitek esan dezake orain ez dakiela ezer?».

«Zer nahi dute gutaz? Biktima onak izan gaitezen», jarraitu du abokatuak. «Gu lasai hil behar gara; gure haurrak nola erailtzen dituzten ikusi behar dugu, eta isilik egon. Gure autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen badugu, terroristak gara. Aldiz, Israelek okupazio kriminal bortitza egiten du, eta bere burua defendatzeko eskubidea du. Benetan? Ukrainarrek badute euren burua defendatzeko eskubidea, Errusiaren okupazioaren aurka armak hartzeko, eta guk ez?». Hala, salatu du Israelek «erabateko zigorgabetasuna» duela, «gero eta basatiago» aritu arren: «Ez dute uste krimenak egiten ari direnik, sostengua daukatelako». Eta nabarmendu du ulergaitz zaiola Europako estatuen jarrera: «Odolusten ari gara. Europako eta AEBetako armekin eta munizioarekin hiltzen gaituzte. Ez dira konplizeak, partaideak dira».

«Zer nahi dute gutaz? Biktima onak izan gaitezen. Gu lasai hil behar gara; gure haurrak nola erailtzen dituzten ikusi behar dugu, eta isilik egon»

RAJI SURANI Giza Eskubideen aldeko Palestinako Zentroko zuzendaria

Aldiz, esker onez mintzatu da gizarte zibilak adierazitako elkartasunaz eta batik bat azken asteetan izandako manifestazio masiboez: «Gure moralean eragiten du. Gaza ia ezabatuta dago, baina bada jendea mundu osoan konprometitua. Haien elkartasuna funtsezkoa da, oso garrantzitsua da protestak masiboak izatea, eta haztea, orekak aldatzeko, gobernuei presioa egiteko. Eta, noski, horrek ondorioak izango ditu lehenago edo geroago». Izatez, Europako gobernu batzuen posizioak aldatzen ari dira, eta horren seinale da hainbatek Palestinako estatua aitortu izana. «Baina gehiago espero dugu», zehaztu du. Eta baikortasun estrategikoa atera du argitara berriz: «Pitzadura bat dago paretan, eta handitu nahi dugu».

Su etenerako aukera

Itxaropen izpiren bat utzi dute egunotan Hamasen eta Israelen artean izaten ari diren negoziazioek, baina baikortasunetik errealismora egin du jauzi Suranik: «Iruditzen zait oso-oso urrun gaudela bakeaz hitz egitetik; su etena lortzeko eta genozidioa gelditzeko aukeraz hitz egin dezakegu». Izan ere, ez du uste Donald Trump AEBetako presidenteak prestatutako egitasmoak bakerik ekarriko duenik: «Oxala ni oker ibiltzea, baina Trumpen planak ez badu hitz bat ere aipatzen nazioarteko legediaz, giza eskubideez, autodeterminazio eskubideaz, okupazioaren amaieraz... nola funtzionatuko du? Bahituez baino ez da kezkatzen, baina ez du hitz bat ere esaten Gazan eraildako 20.000 haurrez, genozidioaz. Bakeaz hitz egiteko, okupazio kriminal bat badela aitortu behar duzu lehenik, eta hori amaitzeko konprometitu».

Abokatuak berriro esan du sinplea dela haien oinarria: «Giza eskubideen inguruko nazioarteko legedia betetzea. Zer bestela? Oihaneko legea?». Ildo horretan, «harro» agertu da Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegian Israelen aurka abiatutako auzibideaz, «palestinarren mina eta sufrimendua epaitegira eraman zuten», baina deitoratu du hango aginduek eraginik ez eduki izana: «Auzitegiaren erabakiak berehala aplikatu behar dituzte estatuek, baina ez dago modurik inplementatzeko». Hala, etsipenak eta ezintasunak talka egiten dute baikortasun estrategiko behartuarekin. Baina Trumpen planarekin, Europako herrialdeen jarrerarekin edota nazioarteko auzibidearekin gertatzen dena gertatzen dela, lehentasun bat jarri du mahai gainean Raji Suranik: «Su etena behar dugu. Oraintxe bertan. Genozidioa amaitu egin behar da. Honek jarraitzen badu, hondamena izango da, ez da Gazarik egongo, eta ezingo da beste Nakba bat geldiarazi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.