AEB

Ohioko Konstituzioak ere abortatzeko eskubidea bermatuko du aurrerantzean

Botoa eman dutenen %57,4k egin dute neurriaren alde. Alderdi Demokratarentzat garaipen garrantzitsua da estatu kontserbadorean lortutakoa.

Hautesleku bat, atzo, Fairfaxen (Virginia, AEB). SHAWN THEW / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko azaroaren 8a
13:20
Entzun

Abortatzeko eskubidea defendatu dute Ohioko (AEB) herritarrek. Atzo egindako bozketa batean, hautesleen %57,4k babestu zuten estatuko konstituzioan eskubide hori bermatzen duen zuzenketa bat sartzea. Aurrerantzean, haurdunaldia etetea legezkoa izango da «fetua uterotik kanpo bideragarria ez den bitartean»; hau da, gutxi gorabehera, haurdunaldiaren 23. astera arte, baina aurrerago ere posible izango da, medikuek ikusten badute emakumearen bizia edo osasuna arriskuan dagoela. Horretaz gain, eskubide hori politikari kontserbadoreen erasoetatik babestuta geratuko da orain.

Kontsultaren emaitza kolpe gogorra da abortuaren aurkako mugimenduarentzat, are gehiago kontuan izanda Ohio estatu kontserbadorea dela. Iazko ekainean AEBetako Auzitegi Gorenak abortatzeko eskubide konstituzionala bertan behera utzi zuenetik, zazpi estatutan egin dituzte gai horren inguruko galdeketak, eta zazpietan emaitza bera izan da: hura babestea. Alderdi Errepublikanoak —hark gobernatzen du Ohion— milioika dolar gastatu ditu ezezkoaren aldeko kanpainan, baina ez du nahi zuen emaitza lortu.

Aurtengoa ez da Ohion abortuaren inguruan bozkatu duten lehen aldia. Atzoko bozketa baldintzatzeko asmoz, Mike DeWine gobernadoreak kontsulta bat egin zuen udan: zuzenketa konstituzionalak onartzeko aldeko botoen %60 behar izatea nahi zuen. Ezetz erantzun zuten herritarrek, eta atzo nahikoa zuten botoen erdiak eskuratzea.

Sei asteko muga

Auzitegi Gorenaren iazko erabakiaren ondoren, haurdunaldia seigarren astea baino lehen eten behar zela zioen lege bat onartu zuen Ohioko gobernadoreak. Hori, praktikan, abortatzeko eskubidea debekatzearen modukoa da. Neurria 82 egunez egon zen indarrean, epaitegiek bertan behera utzi zuten arte; ordutik, haurdunaldia etetea legezkoa izan da 23. astera arte.

Gaiak Ohion izan duen bilakaeraren antzekoa izan du errepublikanoak agintean dauden beste hainbat tokitan ere; zehazki, 21 estatutan legez kanpokoa da hemezortzigarren astetik aurrera abortatzea, lehenago ere bai batzuetan. Abortatzeko eskubide konstituzionala bertan behera utzi zutenetik, praktika hori erabat edo ia erabat debekatu dute kontserbadoreek, eta milaka emakumek ezkutuan abortatu behar izan dute, edo abortatzea legezkoa den estatu bateraino joan.

Dena den, inkestek diotenez, AEBetan gero eta indartsuagoa da abortatzeko eskubidearen aldeko iritzia. Kalifornian, Kansasen, Kentuckyn, Michiganen, Montanan, Vermonten eta Ohion jada egin dute haren alde, eta 2024an beste 11 estatutan egingo dituzte bozketak. Alderdi Errepublikanoaren ildo aurrerakoienetan hasi dira jada ahots kritikoak entzuten; primarioetara aurkeztu den Vivek Ramaswamyk, adibidez, esan du abortuaren aurkako mugimenduak «sakon hausnartu» behar duela eztabaidari nola aurre egin.

«Demokraziak irabazi du»

Ohioko bozketa hizpide izan du Joe Biden AEBetako presidenteak ere. Pozik agertu da herritarrek «euren oinarrizko eskubideak defendatzearen alde» egin dutelako. «Ohioko eta herrialde osoko biztanleek errefusatu dituzte abortuari muturreko debekuak ezartzeko asmoz Trumpen aldeko funtzionario errepublikanoek egindako saiakerak», adierazi du ohar bidez. Azpimarratu du debeku horiek arriskuan jartzen dituztela milaka emakume, eta haiek artatzen dituzten medikuak kriminalizatzen dituztela.

Antzera mintzatu da Kamala Harris presidenteordea. Bidenek esandakoari gehitu dio «estatubatuarren gehiengoak» argi duela «politikariek ez luketela sartu beharko emakume batek eta haren medikuak hartu beharreko erabakietan». Biek eskatu diote AEBetako Kongresuari iaz Auzitegi Gorenak indargabetu zituen eskubideak berrezartzeko.

Ikusi gehiago:Errepidean barrena, abortua helmuga

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.