Hainbat diziplinatako Nobel Saria jaso duten 88 lagunek gutun bat sinatu dute gaur, zeinak, bertzeak bertze, Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko liderra babes dezatela eskatzen duen. «Bakerako» eta «demokraziarako» deia egin zuen urte hasieran Ocalanek, eta hirugarren aldia da hainbat Nobel saridunek haren aldeko deia egiten dutena. «Ocalan jaunak Turkiako bakeari eta demokraziari egindako deia itxaropen izpi bat da eskualdeko herrientzat», azaldu dute gutunean.
1999tik Turkiako kartzela-irla berezi batean dago Ocalan: Imralin. Bizi guztirako kartzela zigorra dauka, eta, PKK-k desegitea eta armagabetzea erabaki zuen arren, ez dirudi Ankarak epaia aldatzeko biderik emango duenik. Maiatzaren 12an jakinarazi zuen PKK-k desegiteko erabakia hartua zuela. Hain zuzen ere, otsailean egin zuen Ocalanek armak uzteko deia, eta taldeko milizianoek halaxe egin zuten. Kurduen auzia «politika demokratikoaren bidez» konpondu behar dela argudiatuta agindu zuen liderrak taldea desegiteko. Kurduen kultura eta hizkuntza jazarrita daudenez, milizianoek iritzi diote «helburu nagusia lortuta» daukatela. Dena dela, Ocalanek behin eta berriz nabarmendu du ideia bera: prozesu demokratikoak ez du aurrera egingo urratsak «aldebakarrekoak» baldin badira.
Nobel saridunek salatu dutenez, NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak ez ditu betetzen «dagozkion betebeharrak», eta aurpegiratu diote haren ardura dela giza eskubideak bermatzea. Hain justu, sinatzaileek esan dute «giza eskubideak urratzea» dela bizi guztirako kartzela zigorra izatea. Hortaz, «betebeharrak betetzeko» eskatu diote batzordeari.
«Bakearen Nobel saridunak garen heinean, bake negoziazioen alde egitea dagokigu, eta irmo babesten dugu lider kurduak abiatu duen bake prozesua», esan dute sinatzaileek gutunean. «Herri kurduaren ordezkari politikoa eta liderra da Ocalan, eta aske egon behar du». Gainera, salatu dute «ezinbestekoa» dela Ocalanek eskubidea izatea hark hasitako bake prozesuan parte hartzeko. «Libre komunikatu behar du bere abokatuekin, bere alderdiarekin eta prozesuan parte hartuko duten guztiekin». Hori egin ahal izateko, baina, kartzelatik ateratzeko eskatu dute.
Lider kurduaren aldeko gutun hori Jody Williams eta Xirin Ebadi Nobel saridunek abiatu zuten. Williamsek, urte hasieran egindako elkarrizketa batean, «babesa eta laguntza» eskatu zituen Ocalanentzat. Orduan adierazi zuenez, bake prozesuak «aldebikoa» izan behar du, eta Turkiari eskatu zion «erabaki zuzena» har zezala. «Egoeraren berri luzaroan izan dugunok espero dugu Turkiak modu berean erantzutea, [Ocalanen] deia aintzat hartzea eta hark parte hartzeko modua jartzea». Ocalan «lider bat» dela eta «segurtasuna» behar duela erantsi zuen.
Williamsek, berriz, gatazka zabalago batzuekin lotu zuen kurduen eskubideen aldeko borroka: «Gaur egungo munduan, gorrotoa eta genozidioa besterik ez dugu ikusten… Eta oso inspiratzailea da ikustea Ocalanek jarrera hori hartu duela eta aurrerapausoak eman nahi dituela bakebidean».
Turkia kide den nazioarteko erakunde guztiei igorri diete gutuna, baita Europako Kontseiluko Idazkaritza Nagusiari, Giza Eskubideen komisarioari, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidenteari eta Torturaren Prebentziorako Batzordeari ere. Era berean, Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeari ere idatzi diote, hark irailean berriro eztabaidatu behar duelako Ocalanen auziaz.
Beste gutun bat bidali diote Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteari ere, iritzita hari dagokiola Estrasburgoko Auzitegiaren erabakiak betetzea eta bake prozesuak aurrera bultzatzea.
SINATZAILE BATZUK
- Adolfo Perez Eskibel. 1980an saritua.
- Lech Walesa. 1983an saritua.
- Yuan T. Lee. 1986an saritua.
- Peter C. Doherti. 1996an saritua.
- Jody Williams. 1997an saritua.
- Alan J. Heeger. 2000n saritua.
- Shirin Ebadi. 2003an saritua.
- John M. Coetzee. 2003an saritua.
- Eric S. Maskin. 2007an saritua.
- Herta Muller. 2009an saritua.
- Donna Strickland. 2018an saritua.
- Michel Mayor. 2019an saritua.
- Michael Houghton. 2020an saritua.
- Oleksandra Matviichuk. 2022an saritua.
- Ferenc Krausz. 2023an saritua.