Reuters ematen ari den informazioaren arabera, asaltoko fusilekin eta granada jaurtigailuekin armatutako Moktada Al Sadren aldeko ehunka milizianok oldarraldi handia egin dute Basoran, Irak hegoaldeko hiri nagusian. Zenbait auzo erreboltarien kontrolpean direla erantsi du iturri horrek.
Hala ere, informazioak nahasiak dira. BBC Erresuma Batuko komunikabide kate publikoaren arabera, tropa britainiarrek inguratuta dauzkate Al Sadren aldekoen Basorako gune eta eraikin nagusiak. Halaber, milizianoek hiriko gobernadorearen egoitza zein South Oil Company petrolio enpresaren egoitzak hartzeko saioa egin dutela agertu du BBCk, baina Erresuma Batuko indarrek bi gune horietatik aterarazi dituztela.
Nolanahi ere, gutxienez hiru bi hil dira borroka horietan eta, gutxienez, beste sei zauritu dira. Era berean, Erresuma Batuko soldadu bat zauritu da.
Basoran ez ezik, handik 180 bat kilometrora dagoen El Amaran ere borrokak izan dira miliziano xiiten eta soldadu britainiarren artean. Borroka horietan beste hiru irakiar hil dituzte, eta, gutxienez, zortzi zauritu dira.
Iraken okupazioa