Olivier Faurek lortu du PS Frantziako Alderdi Sozialistako agintaritzari eustea; halere, atzo, alderdiaren primarioen bigarren eta azken bozketan, emaitzek are nabarmenago agerrarazi zituzten barne zatiketak. Botoa eman zuten militanteen erdien babesa jaso du Faurek (%50,9), baina ia-ia beste hainbeste boto bildu ditu haren aurkari nagusi Nicolas Mayer-Rossignolek —Rouengo alkatea da—: %49,1. Datu ofizialen arabera, bostehun botoren aldearekin gailendu da Faure.
Frantzia iparraldean jaioa da Faure, eta 2018an izendatu zuten aurrenekoz PSko idazkari nagusi; hain justu, haren alderdikide François Hollandek Frantziako presidentetza (2012-2017) galdu eta urtebetera. Garai hartan, PSk Asanblea Nazionalean zuen talde parlamentarioko burua zen, eta alderdiaren pizkundea bultzatzeko asmoz egin zuten haren alde.
Primarioetako emaitzei erreparatuta, baina, irudi du alderdiaren oinarriaren parte handi batek jada ez duela uste Faurek mugimendua indartu dezakeenik. Antzeko babesa lortu zuen PSren 80. kongresuan, 2023an; bi puntu eskasen aldearekin gailendu zen. Orduan ere Mayer-Rossignol izan zen haren aurkari nagusia, eta Rouengo alkatea idazkariorde nagusi izendatzea adostu zuten, alderdiaren barneko ika-mikak apaltzeko. Berriki aukeratutako zuzendaritzaren agintaldia datorren astean hasiko da, hilaren 13tik 15era bitarte Nancyn egitekoak diren kongresuan.
Ezkerreko aliantzaren auzia
Alderdi Sozialistaren 81. kongresuak ez du balio izan Faureri emandako babesa hauspotzeko, ezta alderdiaren estrategia politikoa zehazteko ere. Alabaina, bi urte barru dira Frantzian presidentetzarako bozak egitekoak, 2027an, eta PSk erabaki beharko du ordurako nola jokatu: Faureren aldeko adarrak uste du ultraeskuinari aurre egiteko «ezinbestekoa» dela ezkerreko alderdiekin bat egitea; Mayer-Rossignolen adarrak ez du baztertzen aukera hori, baina beldur da erabaki horrek Alderdi Sozialistaren «marka pertsonala» ahulduko ote duen. Egun, PSk 66 eserleku ditu Asanblea Nazionalean; denera 577 eserleku daude behe ganberan.