OMEk gomendatu du ukalondoak ukituz ez agurtzea

Tedros Adhanom Ghebreyesus Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendariak kontaktua fisikoa eskatzen duten agur guztiak baztertzeko eskatu du. Alternatibak ere proposatu ditu.

Miguel Angel Revilla eta Iñigo Urkullu, ukalondoekin elkar agurtzen. Irudia ohiko bilakatu da azken hilabeteetan. MIGUEL TOñA / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko irailaren 14a
16:52
Entzun

Koronabirusaren pandemiak utzi duen irudietako bat da: era guztietako pertsonak elkar agurtzen bata bestearen ukalondoak edo ukabilak ukituz. Bada, orain, hori egitea ere ez dela gomendagarria berretsi du Tedros Adhanom Ghebreyesus Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendariak, ez delako segurtasun distantziarik mantentzen, eta azalaren bidez kutsatzea posible delako.

Gaiak zeresana eman du sare sozialetan. Ghebreyesusek berak pandemiaren hasieran (martxoaren 7an) idatzi zuen Twitterren gaiari buruz: «Jendea agurtzean, hobe da ukalondoekin ez agurtzea, ez baita metro bateko distantzia mantentzen. Nik nahiago dut eskua bihotzean jarriz agurtu». Atzo, gauza bera dioen mezu bat birtxiokatu zuen.

Beraz, OMEren gomendioa ez da berria, baina zeresana eman du gaiak, eta sare sozialetan bat baino gehiago ausartu da alternatibak proposatzera. Ghebreyesusek esan bezala eskua bihotzean jar daiteke, Asian egin ohi duten namaste agurra egin daiteke, hala besterik gabe burua altxatuz agur daiteke. Nafarroako Gurutze Gorriak, adibidez, zeinu bidezko hizkera gomendatu du.

Izan dira gomendioa serio hartu ez dutenak, baita aurkako jarrera erakutsi dutenak ere. Besteak beste, Onintza Enbeitak uztailean BERRIAn idatzi zuen kontaktuaren beharraz: «Badakit birusa airean dabilela, eta ezin ditudala gauza irrazionalak esan etengabe, baina nik ez dut pertsonengandik urrunduko nauen normaltasunik nahi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.