OMEk jakinarazi du Italian kutsatze kopurua mugatuz doala

Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Publikorako arduradunak nabarmendu du «albiste onak» daudela Txinan, Singapurren eta Hong Kongen.

Emakume bat erosketak egiten, Napolesen, Italian. CIRO FUSCO, EFE
2020ko martxoaren 11
12:25
Entzun

Gorantz doaz Europan koronabirusagatik kutsatutakoen kopuruak, baina herrialdeek hartutako neurriek ere badute eraginik. Hala esan du OME Osasunaren Mundu Erakundearen Osasun Publikorako arduradunak, Maria Neirak. Haren esanetan, Italiatik helarazitako datuek erakusten dute «mugatuz» doazela kutsatzeak. «Mundu osoari begiratzen badiogu, datu baikorrak ikusten hasiak gara Txinan, Singapurren eta Hong Kongen. Iranen eta Italian, aldiz, gorantz segitzen dute zenbakiek. Hala ere, badirudi Italian lortzen ari direla kutsatzeak mugatzea, nahiz eta ezin dugun esan datuak baikorrak direla».

Espainiako Estatuari dagokionez, berriz, kopuruek gora egingo dutela ohartarazi du Neirak, baina gaixoen %80 inguruk sintoma arinak soilik izango dituztela. «Neurriak hartu behar dira, bai, baina ez usteetan oinarrituta, arrazoietan baizik, eta beti ziurtatuz eraginkorrak izango direla. Erantzuna mailakatu egin beharko da beharren arabera. Txinan, esaterako, gaitza kontrolatua dute, eta kasuak gutxitu egin dira».

Antzeko adierazpenak egin ditu Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak ere. Lasaitasuna eskatu du hark, eta gogorarazi herritarren gehiengo handi bat kutsatuko dela, eta, beraz, neurriak hartu behar direla osasun sistemak gainezka egin ez dezan. «Denbora irabaztea da helburua; ez gaixotasuna saihestea».

Asteartetik asteazkenera, 10.000 pertsona gehiago kutsatu dira COVID-19 birusarekin; OMEren arabera, 120.000 dira gaixoak, eta 4.285 hildakoak —adinekoak eta lehendik beste gaitzen bat zutenak gehienak—. Herrialdeek neurriak hartzen dira oraindik ere, kutsatzeak mugatze aldera. Indiak eta Thailandiak, esaterako, bertan behera utzi dituzte bisa guztiak, eta Japoniak hamar egun luzatu du ikastetxeetako oporraldia.

Europan, Italia da gaixo gehien dituen herrialdea —10.000 gaixo eta 631 hildako—; ondoren legoke Frantzia, 1,784 kasu eta 33 hildakorekin; eta hirugarren tokian legoke Espainia 1.689 gaixo eta 36 hildakorekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.