Ondorio «latzen» mehatxupean, Trumpek Zelenskirekin biltzera behartu nahi du Putin

Ukrainara troparik ez duela bidaliko baieztatu du AEBetako presidenteak. Macronek iradoki du bilera Genevan egin litekeela; Suitza prest agertu da Errusiako presidentea Hagako Auzitegiaren atxiloketa agindutik salbuesteko.

Trump eta Zelenski, atzo, Etxe Zurian; haien atzean, NATOko Rutte eta Europako beste zenbait agintari. AARON SCHWARTZ/EFE
Trump eta Zelenski, atzo, Etxe Zurian; haien atzean, NATOko Rutte eta Europako beste zenbait agintari. AARON SCHWARTZ/EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko abuztuaren 19a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea hasi da dagoeneko hiruko bilera prestatzen; alegia, Vladimir Putin Errusiako presidentearen, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen eta beraren bilera. Eta eskaerak ere egin dizkie hemendik aurrerako negoziazioei begira: espero du Putin «ona» izatea, eta Zelenskik «malgutasuna» erakustea. «Bestela, denbora galduko dugu, eta ez dut halakorik nahi», esan du gaur Fox News AEBetako telebista kateak egindako elkarrizketan. Trumpek ez du uste «arazorik» egongo denik biak mahaiaren bueltan eserarazteko, haren esanetan bai Errusiako presidentea eta bai denak «nazkatuta» daudelako Ukrainako inbasioarekin. «[Putinek] Ez badu akordiorik nahi, egoera latza topatuko du parez pare», erantsi du negoziogizonak.

Washingtongo burua eta Kievekoa Etxe Zurian bildu ziren atzo —geroago, Europako zenbait buruzagi eta Mark Rutte NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusia ere juntatu ziren haiekin—, eta Ukrainari segurtasun bermeak emango zizkiotela berretsi zuten alde guztiek. Are, «dagoeneko» horretarako lanean ari direla ziurtatu du Zelenskik; «garantiak, egon, egongo dira», esan du gaur, sare sozialetan. Errusiak kontzesioa egin dio Ukrainari, ez baitu gaizki ikusten NATOren 5. artikuluaren moduko formula bat —gerra amaituko lukeen ituna erdietsi eta gero eraso egiten badiote, aliatuek militarki erantzuteko aukera izatea—; Putinek eta Zelenskik horretaz aurrez aurre eztabaidatzekotan, ordea, aurretik «xeheki» prestatu beharko da bien arteko «edozein harreman». Hala nabarmendu du Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak gaur, herrialdeko telebista publikoan. «Adituek hasi behar dute prestatzen, eta goi bileraranzko pauso guztiak bete».

Trumpek esan du Europako aliatuek tropak bidali nahi dituztela Ukrainara, berme gisa, eta ez duela uste horrek «problemarik» ekarriko duenik —nahiz eta Errusia aliatuen tropak gertu izatearen aurka agertu izan den—. Washingtonek, baina, ez du bidaliko troparik; Trumpek ziurtzat jo du hori. Bestelako segurtasun bermeak emateko prest agertu da: aire bidezkoak, hain zuzen. «Inork ez dauka gu bezalako gauzarik». Uztailean, iragarri zuen Patriot aireko defentsa sistemak bidaliko zizkiola Ukrainari, NATOren eta EB Europako Batasunaren kontura. Atzo ez zuten tropez eztabaidatu, «inondik inora», gaur NATOko idazkari nagusiak esan duenez Fox News AEBetako telebista kateak egindako elkarrizketa batean; «negoziazioa orain hasiko da, eta arituko gara horretaz».

Etxe Zuriko bileraren biharamunean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere egin du proposamena: Errusiako eta Ukrainako presidenteak toki «neutral» batean elkartzea. «Hipotesi bat baino gehiago da: nahi kolektibo bat da», esan du gaur La Chaine Info Frantziako telebista katean. Genevan (Suitza) egitea iradoki du, eta herrialde hartako Atzerri ministro Ignazio Cassisen onespena jaso du Macronek. Aintzat hartzekoa da Nazioarteko Zigor Auzitegiak emanda daukala Putin atxilotzeko agindua, eta auzitegi horren jurisdikziopean dagoela Suitza; dena den, Cassisek azaldu du Errusiako presidentea atxilotze agindutik salbuesteko aukera dagoela: «Gure zeregin bereziagatik eta Genevarenagatik, Nazio Batuen Erakundearen Europako egoitza baita».

Bilera ostean atzo emandako prentsaurrekoan, Zelenskik adierazi zuen «baldintzarik gabeko» bilera bat egin nahi duela Putinekin bi aste baino lehen —ez su eten eta ez ezer adostu behar izatea elkartu aurretik—, eta balitekeela horretarako «AEBen presioa» behar izatea. Kontrako iritzia erakutsi zuten, besteak beste, Macronek eta Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak: negoziazioei ekin aurretik menia indarrean egotea galdegin zuten —bart, 270 drone eta misil jaurti ditu Errusiak; energia azpiegiturak eta zaurituak egon direla salatu du gaur Andri Sibiha Ukrainako Atzerri ministroak, sare sozialetan—. Dena den, Trumpek ere agertoki hori baztertu zuen bai iragan ostiralean, Putinekin bildu ostean, bai atzo: haren arabera, menia ez da beharrezkoa gerra bukatzeko, eta «bake akordio bat» erdiestea da lehentasuna.

Lurralde trukea eztabaidagai

Akordio hori lortze aldera, «lurralde truke posibleez» hitz egin beharraz aritu zen atzo Trump; horixe omen da gatazka amaitzeko baldintzetako bat. Gaur, AEBetako presidenteak esan du Ukrainak «lur asko» eskuratuko dituela bueltan, baina gogoratu du Errusia «nazio militar boteretsua» dela. Lavrov Errusiako Atzerri ministroak, berriz, agerian utzi du gatazkak konpontzeko «berebiziko osagaiak» izan ohi direla lurralde trukeak.

Bileraren ostean, Trumpek Putini deitu zion, Juri Uxakov Errusiako presidentearen aholkulariak gaur jakinarazi duenez, eta Istanbulen (Turkia) ekindako elkarrizketa saioak egiten jarraitzea eta bi delegazioetako «ordezkarien maila igotzea» eztabaidatu zuten. Hirutan bildu dira dagoeneko —maiatzean, ekainean eta uztailean—, eta gerra preso trukea egitea eta frontean hildako soldaduen gorpuak entregatzea adostu dute. Ukrainako Gerra Presoen Tratamendua Koordinatzeko Zentroak gaur jakinarazi duenez, mila soldaduren gorpuak berreskuratu ditu. Errusiako TASS agentziak kaleratu du trukean Errusiak hemeretzi soldaduren gorpuak jaso dituela.

Gaur, Ukrainari emandako laguntza militarra koordinatzea asmo duen Boluntarioen koalizioa eta Europar Kontseilua bildu dira, nor bere aldetik, Washingtongo bileraren berri izateko. 30 estatu eta nazioarteko erakundek baino gehiagok osatzen duten koalizio horrek Ukrainari laguntzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Antonio Costa Europar Kontseiluko buruak, berriz, esan du «Ukrainarako bake justu eta iraunkorra inoiz baino gertuago» dagoela, eta gatazkako bi aldeen negoziazioek «formatu egokia» izan behar dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.