Siziliako (Italia) kanaleko uharteetara iritsi nahian zebiltzala 22 lagun hil ziren gutxienez larunbatetik iganderako gauean eta beste 42 desagertu ziren, beren itsasontzia hondoratzean. Guztira 75 immigrante zeuden itsasontzian: 70 marokoar eta 5 tunisiar. Tunisiako kostazainak desagertuen bila jarraitu zuten atzo, Susseko kostaldean.
Itsas komandantziak aditzera eman zuenez, hondoratzea igande goizaldean gertatu zen. Hondoratzeko unean 11 lagun (10 marokoar eta tunisiar bat) bizirik atera zituzten. Itsasontzia Chott Meriemgo hondartzatik irten zen bertako polizia ohartu ere egin gabe eta Siziliako kanaleko uharteak zituen helmuga. Arrantzontzi batek eman zuen hondoratzearen abisua, baina gertakariaren nondik norakoak ez zituzten argitu. Itsasontzi hau ez da azken egunetan Italia helmuga izan duen bakarra. Igande goizaldean 500 etorkin baino gehiago iritsi ziren Lampedusa uhartera (Sizilia hegoaldea). 223 lagun zeramatzan ikustatu zuten lehen itsasontziak eta motorra matxuratuta zuen. Hondoratu aurretik kostazainek guztiak salbu ateratzea lortu zuten. Ordu batzuk geroago, 300 etorkinetik gora zituen beste itsasontzi bat atoian eraman zuten kostalderaino. Berehala, uhartera iritsi berri ziren beste 115 immigranteren atxiloketen berri ere eman zuten. Pasa den asteazkenetik hona, 1.500 etorkin inguru iritsi dira Lampedusara; ia gehienak Libiako kostatik iritsiak dira. Bertako harrera egoitza gainezka dago azken egunetan jasotzen ari diren immigrante kopuru handia dela eta. Egoitza honek 190 lagunentzako tokia besterik ez du eta une honetan ia mila lagun daude bertan, Gobernuak neurriak hartu dituen arren.
Aire-zubia
Silvio Berlusconiren gobernuak hartutako erabakiak zeresana piztu du segituan. Italiako Gobernuak etorkinak, berehala, euren herrialdera itzultzeko erabakia hartu du. Lampedusatik Tripolira doan aire-zubi bat ezarri dute etorkinak kanporatzeko.
Neurri honek giza eskubideak larri urratzen dituela salatu dute Amnesty International (AI), Mugarik Gabeko Medikuak eta Italiako Elkartasun Partzuergoak (CIS): «Pertsona hauek Italiatik aldendu dituzte aldez aurretik duten asilo eskubideaz informaziorik eskaini eta errefuxiatu gisa onartuak izateko beharrezko diren pausoak betetzeko aukerarik eman gabe. Ekintza hau Italiako eta nazioarteko arauetatik kanpo dago». Komunikatu batean adierazi dutenez, Genevako Ituneko 33 .artikuluaren aurkako ekintza da zehazki. Artikulu horrek debekatu egiten du errefuxiatuak beren bizitza arriskuan izango luketen herrialdera itzultzea, mugak legez kanpo zeharkatu arren.Stefano Savik, Mugarik Gabeko Medikuak taldeko zuzendaria Italian, honakoa azaldu du: «Italia behartuta dago pertsona hauei errefuxiatu gisa onartzeko aukera luzatzera»
53 atxilotu Espainiako kostaldean
Espainiako kostaldean ere, Motrilen (Granada), 53 etorkinmarokoar atxilotu zituen Guardia Zibilak igande gauean. Horien artean emakume bat eta hiru adin txikiko zeuden. Itsasontzia helikoptero batek ikusi zuen eta Guardia Zibilak Motrilen hegoaldean geldiarazi zuen 23:30 aldera.
Datorren orduetan, etorkinak euren herrialdera itzultzeko bideak jarriko dituzte martxan. Adin txikikoak aldiz Poliziaren esku geratuko dira.
IMMIGRAZIOA
Ontzi bat hondoratuta, 22 etorkin hil eta 42 desagertu dira Tunisian
Italiako hainbat erakundek salatu dute Erroma giza eskubideak urratzen ari dela, etorkinak iritsi ahala kanporatzen ari baita hegazkinez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu