Ontzi bat hondoratuta 47 lagun hil dira eta 115 gehiago desagertuta daude Kongon

Ezbeharra gertatu zenean 182 bidaiari zeuden ferryan; inguru horretan maiz izaten dira horrelako istripuak

Erredakzioa
2008ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Itsasontzi bat hondoratu zen asteartean Kongoko Errepublika Demokratikoaren iparraldean, eta gutxienez 47 lagun hil dira. Tokiko irratiak jakinararazi zuenez, Oubangui ibaian gertatu zen ezbeharra astearte gauean. Erreskate taldeak bidali dituzte istripua gertatu zen lekura eta desagertutako beste 115 pertsonen bila dabiltza.

Oubangui ibaiak muga naturala marrazten du Kongoko Errepublika Demokratikoaren eta Afrika Erdiko Errepublikaren artean. Itsasontzia Bosobolo izeneko gunetik gertu hondoratu zen, Afrika Erdiko Errepublikaren mugatik hurbil. Polizia iturriek azaldu dutenez, 190 bidaiari zeramatzan ontziak istripua gertatu zenean. Bidaiari guztiak kongoarrak eta afrikaerditarrak ziren. Antza denez, arkaitz bat jo ostean hondoratu zen ontzia joan den asteartean. Ezbeharraren ostean, 25 lagun aurkitu zituzten onik eta beste 47 hilotz. «Gainerako bidaiariak, 115 lagun baino gehiago, desagertuta daude. Ez dakigu zer gertatu den beraiekin», azaldu zuen atzo Mathieu Modeste Bella barrutiko komisarioak.

Sarritan gertatzen dira mota horretako istripuak Kongoko Errepublika Demokratikoko ibaietan eta lakuetan. Gehienetan itsasontziek bidaiari larregi eramaten dituztelako gertatzen dira ezbeharrak.

Errepide eskasak daude herrialdean eta azpiegitura falta nabarmena da Kongoko Errepublika Demokratikoan. Horregatik, askok, igerian ez dakiten arren, nahiago izaten dute itsasontzia erabili garraiobide bezala.

Gainera, ibaietan eta lakuetan ez dago arriskuez ohartarazteko inongo seinalerik. Gidariek ez dute laguntzarik izaten eta horrek arriskutsuagoak bilakatzen ditu bidean egon daitezkeen oztopoak: esaterako, oraingoan ezbeharra eragin duen arkaitza.

Aurtengo bigarren istripua

Aste honetan gertatutakoa, aurten Kongoko Errepublika Demokratikoan gertatu den bigarren istripua handia izan da. Izan ere, urte hasieran antzeko beste ezbehar bat gertatu zen. Orduan, Tanganika aintziran jo zuen hondoa ontzi batek. Gutxienez 55 lagun hil ziren istripu hartan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.