BANGLADESH

Ontzia hondoratu eta dozenaka lagun hil dira

Lekukoek diote 400-500 bidaiari zeramatzala; salbamendu taldeek 119 gorpu berreskuratu dituzte

Agentziak
DHAKA
2005eko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Dozenaka bidaiari zeramatzan itsasontzi bat hondoratu zen joan den larunbat gauean, Bangladeshen. 119 bidaiariren gorpuak berreskuratu zituzten larunbatetik atzora bitartean, eta horrekin amaitutzat eman zituen Gobernuak salbamendu lanak. Poliziaren arabera, ordea, 200 bat bidaiari zihoazen ontzian. Lekuko batzuen arabera,bestalde, ontzia jendez lepo zegoen eta 400-500 lagun zeuden barruan.

Chandpur herritik Dhakarantz zihoala, ekaitz tropikal batek astindu zuen M. V. Maharaj itsasontzia, Buriganga ibaian, Pagla Bazar herrian. Zenbait iturriren arabera, sei eta hogei lagun bitartean salbatu ziren, lehorrera igeri eginez iristea lortu baitzuten. Alabaina, Poliziaren datuak zuzenak badira, gutxienez 60 lagun desagertuta daude oraindik. Itsas Garraio Agintaritzak aitortu du ez dakiela zenbat lagun zihoazen ontzian. «Ontzia jendez beteta zegoen. 400 lagun baino gehiago gindoazela uste dut», esan zuen atzo lekuko batek, Delwar Husainek. Berak onik irtetea lortu zuen, baina 20 urteko alaba bat hondoratuta hil zen. Salbamendu taldeek itsasontzia lehorreratzea lortu zuten atzo, garabien laguntzarekin. Bangladeshen 20.000 ontzi txiki edo ertain erabili ohi dituzte bidaiariak garraiatzeko. Errepide eta zubi gutxi daudenez, garraiobide posible bakarra dira ehunka mila herritarrentzat. Gehienak oso zaharrak dira eta gutxi batzuek betetzen dituzte segurtasun neurriak. Azken 25 urteetan, 260 itsasontzi hondoratu eta gutxienez 3.000 lagun hil dira horren ondorioz. Gehiegizko zama edota ekaitzak izaten dira eragile nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.