Onuradunak eta galtzaileak

Gain behera zihoazen farmazia enpresak salbatu ditu igandean ezagutarazitako gaitzak. A/H1N1 gripearen kontrako botikak ekoizten dituztenen akzioen balioak gora egin du burtsetan azken egunetan.

2009ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Beti dago auzokoaren zoritxarretik etekina ateratzen duenik. Eta izurriteen kasuan, farmazia konpainia handiak dira onuradunak. A/H1N1 gripeak Roche Holding AG enpresa suitzarra eta Glaxo Smith Kline Plc britainiarra amildegian jaustetik salbatu ditu, esaterako. Horiek ekoizten dituzte, hurrenez hurren, Tamiflu eta Relenza; orain artean gaitzaren kontrako erremedio bakarrak.

Rocheren irabaziak aldapan behera zihoazen 2006tik. Urte hartan saldu zizkion hegazti gripearen kontrako botikak OME Osasunerako Munduko Erakundeari. Ordainetan, 2.650 milioi euro jaso zituen. 2007a eta 2008a, baina, ez ziren hain urte onak izan. Iaz aurreko urtean baino 1.073 milioi euro gutxiago irabazi zituen enpresak.

Orain izurritearekin joera iraultzeko aukera ikusi dute. Alarma gorria piztu eta biharamunean, astelehenean, burtsetan gora egin zuen Rochek: haren akzioak bezperan baino %3 gehiago balio zuten. Eta Glaxorena ere antzerako istorioa da. «Iazko emaitzak inflexio puntua markatu dute enpresarentzat», zioen otsailean Andrew Wittyk, enpresako ordezkariak; %14 gutxiago irabazi zuten, izan ere. Herenegun, ordea, %4 egin zuten gora akzioek.

Bestalde, etekina iruzurra eginez atera nahi dutenak ere badaudela ohartarazi du Interpolek. Hori hala, internet bidez botikarik ez erostea gomendatu du. Tamiflu eta Relenza ospitaletan baino ez dituzte banatzen, gainera. Astelehenetik ezin daitezke botikan erosi.

Turismoaren gripea

Burtsaren balantza orekatzen dutenak ere badaude, ordea: galtzaileak. Esaterako, Mexikorako hegaldiak dituzten aireko konpainiak. Guztiek egin dute behera burtsetan: Lufthansak (%9,25), British Airwaysek (%7,86), Air Francek, Iberiak, eta abar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.