Persiako lehoinabarra belar garaietan basahuntzari nola, Reza Pahlavi hala ari da erbestetik begira Irango protestei, aukeraren esperoan helburuaren gainera jauzi egiteko. Islamiar errepublika botatzea du xede errepublika horrek berak kendu zuen monarkiaren ondorengoak, bertze estatu eredu bat ezartzeko: «Ez da ikuspegi abstraktu bat, ikuspegi praktiko bat da, interes nazional batean, egonkortasunean eta lankidetzan oinarritua», adierazi zuen atzo X sare sozialean. Protestek ez ezik, Donald Trump AEBetako presidentearen mehatxuek ere dardarka paratu dute Irango egungo estatu eredua, baina nazioartean inork ez du argi Pahlavi alternatiba erreal bat ote den islamiar errepublika ordezkatzeko. Xahren Iran 1979an desagertu baitzen, Persiako lehoinabarraren garai bateko habitat zabala aspaldian galdu zen bezala.
Pahlavik, ordea, argi du baietz. «Kalean nire izena ari dira oihukatzen, ez bertze inorena», adierazi zion iragan astelehenean AEBetako CBS News kateari. Afrikako eta Indiako ahaide ezagunagoen aldean, zailagoa da Persiako lehoinabarra filmatzea. Ez da Pahlaviren kasua, urteak baitira jendaurrean Irango Islamiar Errepublika eraistea eskatzen ari dela, eta duela bi aste pasa protestak piztu zirenetik, agerraldi gehiago egin ditu. Batzuetan lehenbiziko pertsonan mintzo da manifestariei buruz, eta horiek mandatu bat eman diotela ziurtatu du: «Eskatu didate pauso bat aitzinera emateko, eta haien ahotsa izateko kanpoko munduan, ahal dugun guztia egiteko matxinada honek arrakasta izan dezan», erran zion CBSri.
Hala ere, aiatolak agintetik botatzeko irandarrek bere izena oihukatzea ez ezik, AEBen esku hartzea ere beharrezko ikusten du: «Interbentzioa gertatu edo ez, berdin segituko dugu lanean, baina interbentzioa ahal den agudoen egin behar da erregimena eror dadin». Trump hor dabil, orain mehatxu gordinak egiten, orain uzkurrago agertzen, baina Pahlaviren aukera ez du argi ikusten, Reutersi herenegun erran zionez Etxe Zurian egindako elkarrizketa batean: «Tipo jatorra ematen du, baina ez dakit nola moldatuko litzatekeen bere herrialdean bertan». Alegia, Pahlaviri komeni zaiola Maria Corina Machado Venezuelako oposizioko kidearen azken asteotako ibilerak kontuan hartzea.
Baina Irango tronu galduaren oinordekoa leial zaie AEBei. Anitz zor die. Han harrapatu zuen aita agintetik kendu zuen iraultzak. Armadako hegazkin pilotu izateko trebatzen ari zen, eta AEBetan gelditu behar izan zuen, gaur arte. Formakuntza akademikoa ere AEBetan amaitu zuen: Zientzia Politikoetako ikasketak egin zituen Hego Kaliforniako unibertsitatean. Bertzeak bertze, horregatik dio «trebatuta» dagoela Iranen lema hartzeko. Eta behin ontziaren kapitain bihurtuta, atzerri politikan 180 graduko aldaketa bat eginen luke, orain Iranen etsai direnak lagun bihurtzeko: «Estatu Batuekin harremana normalizatuko genuke, eta Amerikarekin eta bere herriarekin adiskidetasuna berrezarri. Israelgo Estatua berehala onartuko genuke», adierazi zuen X sare sozialean.
Monarkia edo errepublika?
Israel bisitatua du Pahlavik, eta Benjamin Netanyahu lehen ministroarekin parez pare izana da. Nazioartean agerraldiak egiten dituenean, beti agertu ohi da bere inguruan Irango bandera zaharra, urrezko lehoi baten irudia erdian duena. Iranen aspaldi desagertu ziren lehoiak, eta lehoinabarrak ia desagerrarazteko beren harri koskorra ekarri zuten monarkek, ehizaldi bereziak antolatuta. PeLeWG Persiako Lehoinabarraren Lantaldea nazioarteko erakundearen arabera, Reza Pahlaviren aita Mohammed Reza Pahlavi xahk halako hiru antolatu zituen. Xahren boterea ia absolutu bilakatu zuena izan zen Mohammed Reza. AEBek eta Erresuma Batuak lagunduta Mohammad Mossadegh demokratikoki aukeratutako lehen ministroa boteretik kendu (1953), eta Polizia estatu batean oinarritu zuen bere agintea. Errepresio bortitza iraultzari bidea irekitzeko faktore bat izan zen.
Giro horretan jaio zen Reza Pahlavi Teheranen, 1960an. Semeetan zaharrena zenez, tronuan ondorengo izateko hezi zuten. 1980an, Kairon zela, koroatze zeremonia bat ere egin zuen, eta bere burua Reza Pahlavi II.a izendatu. Horregatik, bere burua Irango oposizioaren lidertzat agertu duenetik, ezin izan dio galderari izkin egin: xah izan nahi al du? «Ez nago hemen monarkiaren edo errepublikaren alde egiteko», erran zion CBSri. «Zubi bat naiz oraintxe, ez helmuga bat». Demokrazia sekular bateranzko trantsizioa gidatu nahi duela dio. Eta hor dago oraingoz, belar garaien artetik begira, jauzi egiteko abagunea noiz agertuko.