Oposizioa indartu den arren, laugarrenez agintea lortuko du lehen ministroak Etiopian

Gobernariak lagun izan zituen zenbait politikari oposiziora igaro dira, kexu baitira Zenawiren errepresio gogorrarekin

Garikoitz Goikoetxea.
2010eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Hogei urte badaramatza agintean, baina aurkari sendorik gabe jarraitzen du oraindik Etiopiako lehen ministro Meles Zenawik. Parlamentua aukeratzeko hauteskundeak egingo dituzte gaur, eta inork ez du zalantzan jartzen laugarren aldiz irabaziko dituela bozak Zenawik. Hori bai, oposizioa aspaldiko sendoen aurkeztuko da; tartean izango dira lehen ministro ohiak bazkide izandako hainbat politikari. Gobernuaren errepresio gogorrarekin kexu, Zenawiri aurka egitea erabaki dute.

Etiopiak azken hamarkadetan izandako garapen ekonomikoa da Zenawiren indargune nagusia. 1990eko hamarkadan iritsi zen agintera, eta harrezkero etengabea izan da herrialdearen hazkunde ekonomikoa. BPG Barne Produktu Gordina, esaterako, asko hazi da: %5 eskas zen 1990ean, eta %15 da aurten. Lehen ministroak herritarrei gogorarazi die azpiegiturak hobetzen lan handia egin duela azken urteetan, eta Etiopiak dagoeneko ez duela garai bateko gose arazorik. Nekazaritza izan da nagusiki ekonomia hazi duena, herrialdeak jateko behar duen adina ekoiztea izan baita gobernuaren helburu nagusia.

Agintera 1991n heldu zen Meles Zenawi. Ordura arte militarren menpe egon zen Etiopia, eta haien aurka borrokan aritu zen orain lehen ministro dena. Agintera heldu, eta herrialdean demokrazia ezartzen hasi zen. 1995ean lehen bozak egin zituzten. Ordea, oposizioaren arabera, egoera aldatu da, eta, 2008tik, oposizioa zanpatzeko legeak egiten ari da Zenawi.

Egoera horri aurre egiteko, indartsu aurkeztu da oposizioa, nahiz eta, inkesten arabera, ez duen batere aukerarik lehen ministroari itzal egiteko. Etiopiako Gobernuaren errepresio gogorragatik kexu dira oposizioko kideak. Horien artean Zenawik urtetan bazkide izandako hainbat politikari daude: Negaso Gigada presidente ohia, Siye Abraha Defentsa ministro izandakoa, eta lehen ministroaren alderdiko buruzagi ohi Gebru Asrat eta Aregash Adane, kasu. Zortzi alderdi politikok koalizioa osatu dute, lehen ministroa egozteko asmoz.

Mugak bozen atarian

Haren aurkakoek salatu dute gobernua gogor ari dela oposizioa isilarazten. «Erregimenarekin desadostasunak azaltzea oso arriskutsua da Etiopian», adierazi du Human Rights Watch erakundeko ordezkari Georgette Gagnonek. «Agintean dagoen alderdia eta Estatua batzen ari dira, eta gobernuak duen indar guztia erabiltzen du oposizioa deuseztatzeko eta herritarrei jazartzeko».

Hauteskundeen atarian, muga zorrotzak ezarri ditu Zenawiren gobernuak. Besteak beste, mugitzeko eragozpenak jarri dizkiete atzerritarrei eta diplomatikoei, eta baita bozak ikuskatzera joandako ordezkariei eta kazetariei ere. Hauteskundeak iruzurra izango direlakoan, oposizioko hainbat kidek ez dute izena eman botoa emateko. Parte hartzeko aukera zuten 80 milioi pertsonetatik, 32k soilik emango dute botoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.