ERRUMANIA

Oposizioa iruzur egingo duten beldur da gaurko hauteskundeetan

Sozialdemokratak eta zentro-eskuinekoak parekatuta daude inkestetan

Erredakzioa
2004ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Errumanian gaur egingo diren hauteskundeetan iruzurra gerta daitekeela ohartarazi zuen atzo Alderdi Nazional Liberalak eta Alderdi Demokratak osatzen duten DA Justizia eta Egia oposizioko aliantzak. Bozen zenbaketan alderdi guztietako ordezkariak egotea aldarrikatu zuen, ildo horretan, oposizioak. Orotara hemezortzi milioi errumaniar daude deituta presidentetzarako eta legebiltzarrerako bozetan parte hartzera. Hamabi hautagaietako bakar batek gehiengo absolutua lortu ezean abenduaren 12an egingo da bigarren itzulia.

PSD Alderdi Sozial Demokratako hautagai Adrian Nastase lehen ministroari presidentetzarako hautagaia da ustelkeria leporatu zion kanpainan oposizioko hautagai Traian Basescuk. Prentsa eta telebista kontrolatzea eta azken egunotan diru laguntzak ematea eta opariak egitea egotzi diote, besteak beste, lehen ministroari. Alderdi sozialdemokratak herenegun emandako azken mitinean pentsiodunen artean kafea, bonboiak eta lau euro banatu zituen batez besteko pentsioa 70 eurokoa da.Gobernuz kanpoko hamar erakundek ustelkeriaren kontrako kanpaina abiatu eta boza emateko garaian «argiak» izateko eskatu diete herritarrei. Alderdien zerrendetan ageri diren 153 pertsonen izena eman zuten argitara erakundeek ustelkeria kasuetan inplikatuta daudelakoan. Sorana Parvulescu ikuskatzailearen arabera, «iritzi publikoak politiko guztiak ustelak diren susmoa du». Agintean dauden sozialdemokratak eta oposizioko zentro-eskuinekoak parekatuta daude azken inkestetan bi alderdiek bozen %40 eskuratuko dutela diote inkestek. Iragan ekainean egin ziren udal bozetan oposizioa gailendu zen hiri nagusietan, hiriburuan barne, alderdi sozialdemokrataren urteetako nagusitasuna hautsiz. Errumaniako Alderdi Humanistak, zentzu horretan, bat egin du Alderdi Sozial Demokratarekin.Ion Iliescu presidente sozialdemokratak komunista izan zen ezin izan du aurten bozetara aurkeztu, hamaika urtez agintean egon ondoren. Senatuko diputatu izateko aurkeztu da, ordea, presidentea eta, hartara, alderdia zuzentzen jarraituko duela iritzi diote adituek.Gaurko bozetan aukeratuko duten presidentearen erronka nagusia herrialdea EB Europako Batasunean sartzeko prozesuaren azken fasea bideratzea izango da. Barne politika eta justizia alorreko gaiak eztabaidatzear daude negoziazioetan. Demokraziaren bidean pauso irmoak eman behar ditu herrialdeak EB hurrengo estatu berriak hartzen dituenean sartu ahal izateko. 2007. urteko urtarrilean sartuko dira EBn Errumania eta Bulgaria.

Batez besteko soldata 150 euro

Ekonomiaren hazkundea urtetik urtera izugarri areagotu arren, bakar batzuen eskutan pilatzen da dirua oligarkia oso handia da. Herritarren %25, berriz, muturreko pobrezian bizi dira, bereziki, nekazaritza eremuetan. Soldataren batez bestekoa 150 eurokoa da herrialdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.