Oposizioak ehun mila lagun elkartu ditu Yemengo hiriburuan

Herrialdearen hegoaldean lau soldadu eta hiru ekintzaile independentista hil dira borroka batean

Erredakzioa
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Astebete bete da Ali Abdala Sale Yemengo presidenteak erasoa jasan zuenetik. Zauriak sendatzeko Saudi Arabian dago orduz geroztik, baina erregimenak botereari eusten dio. Oposizioak, ordea, bertze indar erakustaldi bat egin zuen atzo, Sana hiriburuan ehun mila lagun elkartuz manifestazio batean. Ortziral eguerdiko errezoen ondotik deitu zuten martxara. Ondoren, hor parte hartu zuten anitz hadish tribuko 40 kideren hiletara joan ziren. Erregimenaren aurkako borroketan hildako milizianoak ziren guztiak.

Hala ere, oposizioa ez ezik, Saleren jarraitzaileak ere karrikara atera ziren atzo Sanan. Al Sabain hiriko plaza handienean elkartu ziren milaka lagun, Aberriarekiko eta liderrarekiko leialtasunaren ortzirala deitu zuten martxan. Oposizioak, berriz, manifestazioak egin zituen Taiz herrialdeko bigarren hirian (hego-mendebaldean), Eben (hegoaldean) eta Saadan (ipar-mendebaldean).

Manifestazioak ez ezik, borrokak ere izan dira Yemenen. Hegoaldean, lau soldadu eta hiru ekintzaile independentista hil dira, azken horiek postu militar bati eginiko erasoan. Ekintzaileek postua tirokatu eta hartzea lortu zuten, baina armadak bonbardatu egin zuen ondoren. 1990era arte Yemen bitan banatuta egon zen: iparraldean, estatu kapitalista, eta, hegoaldean, sozialista. 1994an hegoaldea berriz ere banatzen saiatu zen, eta gerra zibila lehertu zen. Iparraldeak irabazi zuen, eta orduz geroztik bazterkeria salatu dute hegoaldeko hainbat taldek.

AEBen «gerra sekretua»

AEB «gerra sekretua» egiten ari dira Yemenen, The New York Times egunkariak aste honetan argitaratu duenez. Armadak eta CIAk Al Kaedaren aurkako bonbardaketak egin dituzte, iturri horrek dioenez. Zenbaitetan piloturik gabeko hegazkinak erabili dituzte, Pakistanen bezala. 2009an Detroiten hegazkin bat leherrarazi nahi zuen taldeak Yemenen zuen jatorria, AEBen arabera. Orduz geroztik Washingtonentzat lehentasunezko helburua da Yemengo Al Kaeda.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.