Oposizioko Kongresuaren Alderdiak zentro-ezkerrekoa, berriz, 222 diputatu lortu zituen. «Gure garaipena aldarrikatzen dugu. Hurrengo gobernua eratuko dugu», adierazi zuen Kongresuko Alderdiko bozeramaile Kapil Sibalek. Sonia Gandhi zen alderdiaren hautagaia 1991. urtean hil zuten Rajiv Gandhi lehen ministro ohiaren alarguna. «Emaitzek agerian uzten dute gure alderdia herritar arrunten alderdia dela», gaineratu zuen Kongresuaren Alderdiko eledun Ambika Sonik. Arratsaldean, New Delhin egindako agerraldian, «lehenbailehen gobernu sendo, egonkor eta laikoa eratzeko ekimena» abiatuko duela iragarri zuen Gandhik. Ezkerreko alderdiek 62 diputatu inguru lortu zituzten eta gainontzeko alderdiek eskualdeetako talde txikiak beste 64. Orotara 545 diputatu daude Indiako LegebiltzarreanAbdul Kalam presidenteak horietako bi izendatzen ditu zuzenean.Ezkerreko alderdi gehienak Kongresuaren Alderdiari sostengua emateko prest agertu ziren atzo. Alderdi txikietako ordezkari asko ere sostengu horren alde agertu ziren. Alta, lehen ministroa zein izango den zehazteke dago oraindik eta Sonia Gandhiren izena gehien aipatzen dena baldin bada ere, koalizioa osatzen duten alderdi guztiek oniritzia eman beharko diote. Kongresuaren Alderdiak babes osoa eman zion atzo. «Gure ordezkari guztiek nahi dute Sonia lehen ministroa izatea», esan zuen Ahmed Patek alderdikideak.Aurrekanpainan liberalizazio ekonomikoa aldarrikatu zuen Gandhik, dena den, bere politikaren muina giza interesak izango direla adierazi zuen. Pakistango agintariekin bakean izateko asmoa ere erakutsi zuen. Indiaren aurkari tradizionala izan da Pakistan, bi herrialdeek Erresuma Batuaren independentzia lortu zutenetik.
21 eguneko bozak
Kongresuko Alderdiko jarraitzaileak erruz atera ziren atzo kaleetara garaipena ospatzera. Emaitzak ezustean harrapatu ditu guztiak. Inkesta aldekoenek ere ez zuten horrelako emaitzik iragartzen. BJP alderdiak zuzentzen duen aliantza bost urtez egon da agintean. Azken urte honetan herrialdean egon den garapen ekonomikoa baliatuz bozak aurreratzea erabaki zuen. Indiako herritarren %70 nekazaritzatik bizi direla eta aurtengo uzta oso ona izan dela aintzat hartuz, emaitzak euren aldekoak izango zirela uste zuten. Inkestek ere sostengu maila hobetuko zutela aurreikusten zuten.
1947. urtean independentzia lortu zuenetik, hauxe izan da herrialdeko bozetan ezuste handiena, analisten arabera. Euren hitzetan, Kongresuaren Alderdiaren botoak nekazaritza eremuetatik etorri dira bereziki.Indiako hauteskundeak joan den apirilaren 20an abiatu eta iragan astelehenenean maiatzaren 10ean bukatu ziren. Epe tarte honetan bost egunetan egin dira bozak, 29 eskualde eta sei lurralde autonomoetan. Orotara, 670 milioi herritar zeuden deituta botoa ematera munduko demokrazia populatuena den herrialdean 1.050 milioi biztanle ditu Indiak. Parte hartzea %57koa izan da.
-Soslaia
sonia gandhi
Kongresuaren Alderdiko burua
Dinastia baten irudia
Sonia Gandhi (Turin, Italia, 1946) itzalean egon zen bere senarra Rajiv Gandhi lehen ministroa 1991. urtean hil zutenetik. Zazpi urte geroago, ordea, Nehru-Gandhi sendiaren Kongresuaren Alderdiaren buru izatea onartu zuen. Orain, patuaren bidezidorrak direla edo, haren senarraren kargua beteko du alargunak.
Jatorri italiarrekoa izatea bere hautagaitza salatzeko baliatu du oposizioak. Bere aliatuen artean ere ez du erabateko sostengua izan. Berak, alta, indiartzat jotzen du bere burua: «Inoiz ez naiz atzerritar sentitu, ez naizelako atzerritarra. Ni indiarra naiz».
Cambridgen ikasten ari zela ezagutu zuten elkar Soniak eta Ravijek. 1947. urtean Indiak independentzia lortu zuenetik 44 urtez agintean egon den Nehru-Gandhi familiako kide bihurtu zen bere senarrarekin ezkontzean. Dinastiaren itzalak luzea izaten jarraituko du. Rahul Gandhi semea diputatu izango da agintaldian. Laugarren belaunaldia izango da.