Venezuela

Oposizioak salatu du «tiro egin» dietela parlamentuan sartu nahi zuten kideei

Guaidok Asanblea Nazionalaren biltzarrera deitu zuen gaurko, nahiz eta ofizialki Luis Parra diputatua den hango presidente.

Erasotu duten autoa, kazetariz inguratuta. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko urtarrilaren 15a
10:02
Entzun

Venezuelako oposizioko hainbat diputatuk salatu dute «herritar armatuek» parlamentura iristea galarazi dietela. Hainbat lagunek harriak eta makilak bota dituzte diputatu talde bat zihoan autoen aurka, eremura gerturatzea ekiditeko. Oposizioak, berriz, «autoen aurka tiro egin» dutela ere gehitu du. Juan Guaido oposizioko kideak Asanblea Nazionalaren bilerara deitu zuen gaurko. Parlamentuko presidentea, ordea, Luis Parra diputatua da ofizialki.

Asanblea Nazionala Venezuelako oposizioak gehiengoa duen erakunde politiko bakarra da. Halere, botere hori mugatua da. Guaidoren gidaritzapean zela, gobernuak ez ditu haren erabakiak bete, Auzitegi Gorenak haren aurka ebatzi zuelako legediari «men ez egiteagatik». Gainera, urtarrilaren 5ean eginiko biltzarrean, Luis Parra diputatua —oposizioko disidentea— izendatu zuten hango presidente, PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren botoekin. Oposizioak, baina, ez du ontzat hartzen bozketa hori, besteak beste Guaido eta beste hainbat parlamentari ez zirelako han egon. Haiek adierazi zuten polizien kontroletan atxiki zituztela, eta ez zietela utzi barrura sartzen. Venezuelako presidente Nicolas Madurorentzat, ordea, horiek «aitzakiak» izan ziren: «Guaidok, porrot egin duen diputatuak, ez du sartu nahi izan, ez zuelako boto nahikorik. Ez da ausartuko egoerari aurre egitera».

Asanblea Nazionalaren bozketa hari entzungor eginez, oposizioak biltzar inprobisatu bat egin zuen El Nacional egunkariaren egoitzan. Han, Guaidok parlamentuko presidente gisa zin egin zuen, bere aldeko diputatuen babesarekin. Hala, gaurko biltzarrera deitu zuen Guaidok. Oposizioko diputatuak zeramatzan auto bat izan da parlamenturako bidea hartzen lehena, kazetariz inguratuta, eta hari egin diote eraso gobernuaren aldeko herritarrek. Oposizioak salatu du «PNB Polizia Nazional Bolivartarreko, GNB Guardia Nazional Bolibartarreko eta kontrainteligentziako agenteak» zeudela erasoak gertatu diren lekuan, baina ez dutela ezer egin ekiditeko. «Suzko armekin tirokatu gaituzte; hor daude kamioneta blindatuko leihoak suntsituta», adierazi du Carlos Prosperi diputatuak. Hainbat kazetarik ere salatu dute eraso egin dietela, autoari jarraika hari zirenean.

Kamionetetan egin dute buelta, Ekintza Demokratikoa alderdiaren egoitzara. Horren ostean, sare sozialen bidez azaldu dute beste leku batean egingo dutela biltzarra, Caracasko anfiteatro batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.