Oposizioaren batasunaren menpe geratu da Lassoren geroa

Ekuadorko presidentearen kontrako epaiketa politikoa hasi dute, ustelkeria leporatuta. Estatuburuak bozekin egin du mehatxu

Guillermo Lasso Ekuadorko presidentea, artxiboko irudi batean. J. JACOME / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ekuadorko Asanbleak Guillermo Lasso presidentearen aurkako epaiketa politikoa hasi zuen atzo. Oposizioak ustelkeria egozten dio, uste baita bazekiela Flopec petrolioa ustiatzeko estatu enpresak eta Amazonas Tanker konpainia pribatuak kontratu irregularrak egin zituztela. Akusazioak salatu du Lassok ez zuela ezer ere egin kontratu horiek estatuari eragin dizkioten kalteak eragozteko. Oposizioak gehiengo kualifikatua beharko du presidente kontserbadorea kargutik botatzeko; hau da, 92 boto 137tik. Baliteke kopuru horretara iristeko moduan egotea, baina hori estatuburuaren kontrakoen batasunaren araberakoa izango da.

Oposizioak —correistek eta sozialdemokratek gidatzen dute— presidentearen kontrako salaketa aurkeztu zuen atzo, eta estatuburuak hiru ordu izan zituen segidan akusazioei erantzuteko. Bi aldeek beste txanda bat izan zuten elkarri erantzuteko, eta Lassok parlamentua utzi behar izan zuen ondoren, ganberako ordezkarien arteko eztabaida has zedin.

Litekeena da epaiketa politikoa egin ahal izateko Asanbleak saio bat baino gehiago egin behar izatea. Behin eztabaida hori amaituta, parlamentuko presidenteak beste osoko bilkura batera deitu beharko du, gehienez bost eguneko epean, epaiketa politikoa ebazteko. Azken saio horretan ez da eztabaidarik izango, bozketa soilik.

Hain justu, Lassoren etorkizuna kolokan dagoela erakutsi zuen joan den igandeko bozketak. Asanblearen agintaritza hautatzeko bozketa egin zuen ganberak —hala egin behar du legegintzaldiaren erdia betetzen denean—, eta oposizioak 96 boto batu zituen, Itxaropenaren Aldeko Batasuna alderdi correistaren, Alderdi Kristau Sozialaren, Ezker Demokratikoaren eta Pachakutik alderdi indigenistaren arteko akordioari esker.

Hala, oposizioak parlamentuko presidentetza eta bi presidenteordetzak lortu zituen, eta ganberako mahaiaren kontrola hartu.

Hori ikusita, Ekuadorko zenbait hedabidek aurreratu dute litekeena dela Lassok Asanblea desegitea. Hala eginez gero, aukera izango luke dekretu bidez gobernatzeko zenbait hilabetez, parlamenturako hauteskundeetara deitu eta bozak egin arte. Ganbera desegiteko, presidenteak argudiatu ahalko luke herrialdea «krisi politiko larri batean» dagoela edo oposizioa «modu jarraitu eta justifikatu gabean» oztopatzen ari dela gobernuaren jarduna.

Lassok parlamentua desegitearen alde egingo balu, Ekuadorko Hauteskunde Batzordeak bozetara deitu beharko luke zazpi eguneko epean, eta hauteskundeak 90 egun igaro baino lehen egin beharko lirateke.

Parlamentu berria aukeratu artean, presidenteak ekonomia arloko neurriak hartzen jarraitu ahal izango luke, dekretu bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.