Protestek ez dute etenik Aljerian. Atzo, RCD Kulturarako eta Demokraziarako Aliantzako buru Said Sadi zauritu zuten Aljerren, eta hamabi kazetari atxilotu zituzten Oranen —herrialdearen mendebaldean—, gobernuaren kontrako bi manifestaziotan.
Saidek berak adierazi zuenez, gobernuaren aldeko 400 bat lagunek aurre egin zieten hiriburuan bildutako manifestariei. «Segada baten biktima izan naiz. Poliziek inguratu naute aurrena, eta basati talde baten esku utzi naute gero. Hietako batek aurpegia zauritu nahi izan dit labanaz, baina eskua jarri dut eta hatzak zauritu dizkit», kontatu zuen.
Oranen, berriz, ez zuten manifestazioa hasteko aukerarik ere izan gobernuaren kontrakoek, poliziek hartu baitzuten martxa hastekoa zen lekua. Hirurogeitik gora lagun atxilotu zituzten, gainera; hamabi kazetariak eta gainerako gehienak antolatzaileak. Galdeketa egin ostean, guztiak aske utzi zituzten.
Protestak herrialde arabiarretan