Kazetaria

Paula Bistagnino: «Opus Deiren estatutuak aldatzea gertaera historiko bat da»

Paula Bistagninok ‘Te serviré’ idatzi du, Opus Dei-k Argentinan eta Latinoamerikan izandako bilakaerari buruzko ikerketa lan bat. «Esku hartzen dute pertsonen bizian eta haien harremanetan».

Paula Bistagnino politologoa. MATIAS MARTIN CAMPAYA / EFE
Paula Bistagnino politologoa. MATIAS MARTIN CAMPAYA / EFE
Cecilia Valdez
2025eko abenduaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Paula Bistagnino (Buenos Aires, 1977) duela hamar urte baino gehiago hasi zen Opus Dei ikertzen, haurra zeneko oroitzapen baten oihartzunak bultzatuta. Izan ere, Bellavistan hazi zen Bistagnino, hau da, Opus Dei antolakundeak Argentinara ailegatu berritan egoitzatzat hartu zuen auzoan, eta, hain justu, Te serviré (Zerbitzatuko zaitut, 2024) izeneko liburu bat plazaratua du, hizpide hartuta antolakunde ultrakontserbadore horrek Argentinan eta Latinoamerikan izandako bilakaera.

Opus Dei Espainian sortu zen, 1928an; gerora, 40ko urteetan, Espainiako Elizaren onespena lortu zuten, eta, zenbait urteren buruan, Vatikanoarena. Horri esker finkatu zuten taldearen egitura, gaur egun ere indarrean den hori bera. Opus Dei da Eliza katolikoko prelatutza pertsonal bakarra, hau da, ez du bat egiten Elizaren hierarkiekin. Antolakunde horrek estatutu pribilegiatuak ditu, Joan Paulo II.ak 1982an emanak, eta, haiei esker, autonomia handia du, ez baitu inongo baimenik behar, eta ateak itxita jarduten baitu.

68 herrialdetan errotua dago Opus Dei, buruzagi gorenak aita santuaren menpe daude, eta taldeko kideen %2 baino ez dira apezak; bertze guziak, 100etik 98 alegia, konpromiso erlijiosorik gabeko laikoak dira, hau da: «Bertze nornahi bezalakoak dira: profesionalak, enpresariak edo unibertsitateko irakasleak izan daitezke, adibidez. Gisa guzietako rolak dituzte gizartean, eta, hala, modua dute askotariko esparruetan eragiteko, zuzenean erlijioaren arrastorik agerrarazi gabe», nabarmendu du Bistagninok.

Erran daiteke Opus Deikoak hagitz sartuak daudela hezkuntza erakundeetan, ezta?

Bai, hezkuntza egitura propioa dute. Argentinan, preseski, 21 ikastetxe dituzte, maila guzietakoak, eta Unibertsitate Australa ere haiena da.

Noiz ezarri zen Opus Dei Latinoamerikan?

Behin Espainian onespena lortuta eta frankismo garaian izandako goraldiarekin bat eginez, Latinoamerikan zabaltzen hasi ziren. Mexikon ekin zioten bide horri, Espainiatik kanpo duten gotorleku nagusian. 1950ean, berriz, Txilera eta Argentinara ailegatu ziren, eta, gero, Latinoamerika guzian agertu. Gainera, Latinoamerikan ezarri ziren garaian, hau da, 60ko eta 70eko urteetan, zenbait eginahalean ari ziren ezkerrari buru egiteko Elizaren barrenetik.

Zer lotura politiko ikusten dituzu hor tartean?

Eliza katolikoaren barrenean dauden erakunde neokontserbadoreetako bat da Opus Dei: gisa horretako erakundeek txartzat jotzen dituzte Elizak gizartearen sekularizazioarekin bat egiteko erreformak, eta, are, uste dute hanka sartzea izan zela boterearen parte bat gizarte zibilaren esku uztea, Elizak autoritatea galdu baitzuen horren ondorioz. Gainera, Joan Paulo II.aren aliatuak ziren, aita santu antikomunista nagusiarenak. Txileko estatu kolpearen alde agertu, eta buru egin zieten bai hirugarren munduaren aldeko apezei eta bai askapenaren teologiari.

Zure ikerketa lanean aztergai izan duzun auzi judizial bat argigarria da ulertzeko Opus Dei nola aritzen den Hego Amerikan…

Bai, auzi horrek zerikusia du Txilen diru anitz irabazi zuen Uruguaiko familia batekin, eskualde guziko aberatsenetako batekin. Familia horretako kide bat Opuseko numerario garrantzitsuenetakoa izan zen —zelibatuari eustea erabakitzen duten kideak dira numerarioak—: emakume hori, zeina 2021ean hil baitzen, auzi judizial batean nahasia zen, leporatzen baitzioten bere ahizpetako baten herentzia manipulatu izana, ahizpak arazo psikiatrikoak izanik gainera, Opusen mesedetan eta bere bertze ahizpen eta 11 iloben kalterako. Milioika dolar utzi zizkion oinordetzan antolakundeari, berrehun eta hirurehun milioi artean, Opuseko kide ezkongabeei testamentua eginarazten baitiete ondorengorik izan ezean. Gertakari horrek modua eman zidan Opusekoen jardunbideaz aritzeko: esku hartzen dute pertsonen bizian eta haien harremanetan, bai alde afektiboan eta bai arlo ekonomikoan, manipulazio espiritualaz baliatuta. Kideak behartuak daude testamentuak sinatzera edo hilabetero diru ekarpenak egitera. Bertze zenbait, berriz, antolakundearen egoitzetan bizi dira, eta soldata oso-osoa ematen diote Opusi.

«Opusen botere egiturak hagitz sendoak dira Latinoamerika osoan. Argentinan, arrunt sartuak daude botere judizialean»

Opusen inguruko kontuak arrunt misteriotsuak dira, eta, neurri handi batean, jarraitzaileen isiltasunaren eta hermetismoaren ondorio da hori. Zure ikerketa lanaren harira, aukera izan zenuen haietako anitzekin solas egiteko...

Opus Deiko kideek ateak itxi zizkidaten; beraz, kide izandakoengana jo nuen. Aitzineraxeago, aukera izan nuen antolakunde barrenean dauden batzuekin solas egiteko ere, baina, oro har, off the record. Kideen artean bada halako ukazio bat; izan ere, beren gogoz hartutako erabakitzat dauzkate bertze zenbaitek manipulaziotzat eta obligaziotzat jotzen dituztenak. Opusen sartua den epaileren batek eta arlo judizialeko goi funtzionarioren batek ere deitu dit, azaltzeko zenbait kontzeptu gaizki ulertzen ari naizela, ez dudalako prestakuntza erlijiosorik.

Ebanjelismoa hedatu eta hedatu ari da Latinoamerikan, eta Eliza katolikoa, aldiz, gibelka. Opus Deiren inguruko fenomenoak badu zerikusirik katolizismoaren bilakaerarekin?

Opus botere egitura bat da, erlijiosoek osatutako gune-gunetik kanpo ere hedatzen dena. Erdiko gune hori ttipitu egin da, XXI. mendean gero eta jende gutiago baitago prest gune horretako kideen baldintzetan bizitzeko; halarik ere, Opusen botere egiturak hagitz sendoak dira Latinoamerika osoan. Argentinan, arrunt sartuak daude botere judizialean; are, egitura horiek barne hartzen dituzte enpresariak, akademia eta botere politikoa ere. Konparazio batera, Rafael Lopez-Aliaga, Limako alkate eta Peruko presidentetzarako hautagai izana, Opuseko numerarioa da; Ekuadorko presidentegai izandako bat ere Opusekoa da, eta Txileko eta Uruguaiko ministro ohi batzuk ere bai.

Frantzisko aita santuak zer aldaketa egin nahi zituen Opusen estatutuetan?

Opuseko neskame deiturikoek salatu zuten eliteko kideen mirabe gisa aritzera behartu zituztela, eta, horren harira, auzi bat abiatu zen 2022an. Horren ondotik, Frantziskok Opus Deikoei eskatu zien estatutuak aldatu eta uko egin ziezaietela Joan Paulo II.ak emandako pribilegioei: historikoa izan zen hura. Nahiz eta estatutuak aldatzea lan nekeza ez izan, Opusek hiru urteren buruan aurkeztu zituen moldaketak. Frantziskok bi aldiz baztertu zituen antolakundearen proposamenak, eta, gero, ultimatum bat eman. Epemuga, baina, Frantzisko hil zen aste berean bukatu zen. Egungo aita santuak berarekin biltzera deitu zituen Opusekoak, eta, ustez bederen, luze gabe aurkeztuko dizkiote estatutuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.