Irango programa nuklearraren inguruko negoziazioak asteartean dira jarraitzekoak Turkiako Istanbul hirian. Munduko potentziekin bildu aurretik, baina, hortzak erakutsi ditu Iranek, eta nazioarteari ohartarazi dio galtzeko asko duela auzi honetan. Ormuzko itsasartea ixteko lege proposamena aurkeztu dute Irango legebiltzarrean, eta diputatu gehienek babestu dute. Teheranek itsasartea itxi nahi die Irani zigorrak ezarri dizkioten herrialdeei.
«Munduko sarrailaren» giltza Iranen eskuetan egongo dela adierazi du Yavad Karimi Godusi legebiltzarkideak. Izan ere, munduko itsaso bidezko petrolio garraioaren herena pasatzen da Ormuztik. Munduko hogei petrolio ekoizle nagusietatik sei daude Persiar Golkoan —Saudi Arabia, Iran , Arabiar Emirerri Batuak, Kuwait, Irak eta Qatar—, eta AEBak, Europa mendebaldea, Japonia eta Txina dira erregai horren beharra duten eremu nagusiak, eta Washingtonek presentzia indartu du Pertsiar Golkoan. Izan ere, Iranek trafikoa ixten badu, petrolio upelaren prezioa nabarmen garestituko litzateke.
Parlamentuko 290 kideetatik 150ek babestu dute lege proposamena, eta helburua uztaila amaitu baino lehen legea onartzea dela esan du Godusik. Azken hitza, dena den, Ali Khamenei estatuburuak dauka, bera baita indar armatuen burua. Militarrek Ormuz ixteko plan bat dutela azaldu du Sayed Hassan Firuzabadi jeneralak, baina horretarako Khamenei aiatolaren baimena behar dutela gaineratu du.
Uranioaren aberastea
Bestetik, Reza Taqavi apaizak ohartarazi du iranek uranioaren aberastea %20tik %56era igoko duela nazioarteak zigorrak kentzen ez baditu. Khameneiren gertuko gizona da Taqavi.
Iranek aurreko negoziazio saioetan ere munduko potentziei adierazi die prest dagoela kontzesioak egiteko bere aurkako zigorrak kentzen badituzte eta erabilera zibilerako proiektu nuklearrak aurrera eramateko eskubidea onartzen badiote.
Ormuzko itsasartea ixtea onartu dute Irango diputatu gehienek
Teheranen aurka zigorrak onartu dituzten herrialdeei itsasartea erabiltzea debekatu nahi diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu