Frantziako aurrekontu legea eta gizarte segurantzarako aurrekontuaren lege proiektua onartzeko 49.3 artikulua erabiltzeaz gain, gizarte segurantzako aurrekontuaren xehetasunen berri ere eman dute gaur. Catherine Vautrin Frantziako Lan eta Osasun ministroak eman ditu, eta adierazi «aurrekontu inperfektua» dela, baina «guztiak batzea» dela helburua. Hala, iragarri du —joan den astean egindako elkarrizketa batean aurreratutakoa baieztatuz— menpekotasunen bat duten adinekoen egoitzetako larrialdietarako funtsaren aurrekontua hiru aldiz handiagoa izanen dela aurrerantzean: 300 milioi euro. Are, funts hori zen, hain zuzen, Alderdi Sozialistaren kezka nagusietako bat François Bayrou Frantziako lehen ministroarekin egindako negoziazio bilkuretan.
Horrez gain, gaitzetara bideratutako aseguru nazionalaren gastuaren xedea %3,3 handituko dute, eta ospitaleen aurrekontua ere bai: %3,8. Vautrinek erran duenez, ospitaleetarako 1.000 milioi euroko diru sail bat gordeko dute, eta horietan egiten diren esku hartzeendako edo botiketarako izanen dira. Gaur egun 3.500 milioi euro inguruko defizita dute herrialdeko ospitaleek.
Frantziako ospitaleen federazioa lege proiektuaz mintzatu da ohar bidez, eta adierazi neurriak «alde bakarrez» hartu direla, eta «ondorio larriak» izan ditzakeela osasun etxe publiko anitzendako. Izan ere, ospitaleek finantzaketa handiagoa izanen duten arren, 2025 eta 2028 bitarte urtero hiru puntu eman beharko dituzte ospitaleetako langileen erretreten kotizazioarendako, joan den astean onartutako dekretu baten arabera.
Gizarte segurantzaren defizitaz ere mintzatu da Vautrin, eta erran aurten 23.000 milioi euro ingurukoa izanen dela. Haren erranetan, gainera, aurrekontuaren lege proiektua ez balitz bozkatuko, defizita are handiagoa litzateke: 30.000 milioi euro ingurukoa.
Pazienteendako tasak
Lege proiektu horretan egonen den bertze elementuetako baten berri eman zuten joan den astean Parisien hedabidean, eta hautsak harrotu zituen. «Taxe lapin» (untxi tasa) deritzo, eta, erran zuenez, aurrekontuetan mantenduko dute. Tresna horren bidez, bortz euro kobratuko zaizkie beren hitzorduetara joaten ez diren pazienteei.
Ez da gaia ateratzen den lehenbiziko aldia: 2024ko apirilean Frederic Valletoux zen Osasun ministro, eta, Gabriel Attal lehen ministroarekin batera, hark egin zuen proposamena lehenbizikoz. Helburua da «pazienteek beren erantzukizuna» hartzea, baita osasun sistemako lekuak «optimizatzea» ere. Gobernuaren helburua zen 2025eko urtarrilaren 1ean neurria indarrean jartzea Doctolib plataformaren bidez.
Hasieran, baina, plataformak ezezkoa eman zuen, osasun langileei administrazio lan gehiago ezin zaiela eman eta osasun sistemarako sarbidea ezin dela oztopatu argudiatuta. Ordea, gobernu aldaketarekin bertan behera geratu zen proposamena, Vautrinek berriz ere gogora ekarri duen arte.