ERASOA AEB-ETAN

Ostadar koloreak, ilunduta

Obamak dio ez dagoela froga garbirik Orlandoko erasoa EIrekin lotzeko, talde jihadistak bere gain hartu arren. Erasotzaile batek 49 lagun hil ditu tiroz, LGTB komunitatea elkartzen den lokal batean

Orlandoko Pulse aretoan izan zen erasoa. UNIVISION FLORIDA CENTRAL / EFE
2016ko ekainaren 14a
07:34
Entzun

Pertsona batek Orlandoko Pulse lokalera sartu eta gutxienez 50 lagun hil ostean, biktima kopuruak gora ez egitea da lehentasuna erasoaren biharamunean. Izan ere, 53 lagun zauritu zituen erasotzaileak, eta horietako batzuk larri daude. OneBlood erakundeak jakinarazi duenez, Orlandoko erasoaren harira eman den odol kopurua ez da eman 2001eko irailaren 11ko erasoez geroztik. Floridan, 35.000 lagunek eman dute odola, Susan Forbes OneBlood-eko komunikazio zuzendariordearen arabera.

Bitartean, hildakoak identifikatzen eta erasotzailea ikertzen ari da Polizia. Jakinarazi duenez, bi aldiz ikertu zuten "talde terroristekin lotura" ote zuen jakiteko. Gainera, azaldu du 39 lagun tabernan bertan hil zituztela.

NBC Newsek esan du erasogileak tabernara sartu aurretik larrialdietara deitu duela, "Estatu Islamikoarekin leial" dela esanez. Erasoen biharamunean, Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa, esanez Omar Mateen ustezko erasotzailea "kaliferriaren soldadua" zela. EIk bere irratiaren bitartez zabaldu duenez, Mateenek "segurtasun erasoaldi bat egin zuen, gurutzatuen topagune batean sartuz". Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak ez du hipotesirik aldeztu; esan du nahikoa informazio badutela esateko "terrorismo eta gorroto erasoa" izan dela.

Elkartasun mezuak AEBetan eta munduko hainbat lekutan zabaldu dira. Bi aste barru, ekainaren 28an ospatuko dute Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen Nazioarteko Eguna, eta, hain justu, New Yorkeko Stonewall tabernan 1969an izandako istiluen harira ospatzen da LGTB eguna ekainaren 28an. Orlandoko erasoen ostean, New Yorken Stonewall izan da erasoak salatzeko eta biktimei elkartasuna azaltzeko topaleku nagusia.

AEBetan eztabaida

Obamak mahai gainean jarri du armak erosteko erraztasunei buruzko eztabaida. Erasoak gaitzesteko hitzaldian, nabarmendu du Orlandoko erasoek gogorarazten dutela "zein erraza den arma bat norbaiten esku egotea eta tiroka hastea eskola, gurtzarako leku, zinema areto edo dantzaleku batean".

Donald Trump Alderdi Errepublikanoko presidentegaiak, berriz, Estatu Islamikoaren aurka "gogor eta argi" aritzea galdegin du, Obamaren dimisioa eskatzearekin batera: "Estatubatuar guztiak babestu behar ditugu terrorismo islamiar erradikaletik; ez du lekurik gizarte ireki eta tolerante batean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.