Laurent Gbagboren eta Alassane Ouattararen indarrek Boli Kostan giza eskubideak urratu dituztela salatu du NBEk. Datuak egiaztatuz gero, bi aldeek Nazioarteko Zigor Auzitegian erantzun beharko dutela adierazi du Navi Pillayk, NBEko giza eskubideen goi komisarioak.
Boli Kostako Indar Errepublikanoek mendebaldeko herrietan harrapakatzeak, bahiketak, atxiloketa bidegabeak eta tratu txarrak egin izanaren berri jaso du Nazio Batuen Erakundeak. Informazio hori baieztatu nahian ari direla adierazi du Rupert Colville goi komisarioaren eledunak. Ouattararen aldekoei neurriak hartzeko eskatu die. Egunotan Abidjan hirian eta herrialdeko beste hainbat tokitan borrokan ari diren indarrei mendekua baztertzeko erregutu die, hain justu, Colvillek.
Horrez gain, Gbagboren indarrek ere giza eskubideak urratu dituztela adierazi du Pillayren bozeramaileak. Hainbat herritar hil dituztela salatu du; bi zibil bizirik erre zituzten Gagnoa hirian, etaAbidjanen bertan beste hiru lagun hil zituzten. Colvilleren arabera, ordea, hilketa horiek ez dira Gbagboren aldekoek azken egunotan egin dituzten bakarrak. NBEk lasaitzeko eskatu die bi aldeei.
Egoera geroz eta gaiztoagoa da, Abidjanen, batik bat. Hiri horretan Ouattararen aldekoek komando ikusezin bat eratu dutela diote zurrumurruek. Orain arte presidentearen alde egin dutenei indarrez jazartzeko taldea da hori.
Segurtasun falta
Herrialdean lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeek ere, geroz eta segurtasun falta handiagoa dagoela salatu dute. Unicef erakundeak, esate baterako, bere egitekoa murriztu behar izan duela argitu du. Besteak beste, txertatze kanpaina bat bertan behera utzi behar izan du, indarkeriaren ondoriozlangileak arriskuan zirelako. Era berean, baina, herrialdeak laguntza premia handia izaten jarraitzen duela azaldu du.
Ouattarak eta Gbagbok giza eskubideak urratu dituztela salatu du NBEk
Datuak baieztatuz gero, bi presidentegaiek Nazioarteko Zigor Auzitegian erantzun beharko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu