Laurent Gbagbo Boli Kostako orain arteko presidentearen kontseilari Toussaint Alainek jakinarazi du Frantzia eta NBE Nazio Batuen Erakundea haren egoitza bonbardatzen aritu direla helikopteroekin. Geroztik Alassane Ouattara presidente hautatuaren taldeak egoitzara sartu nahian dabiltza.
Gbagbo Abidjanen dago, bunker batean ezkutatuta, sendiarekin. Su-etena eman du, eta atzo zabaldu zen Boli Kostatik irteteko Frantziarekin negoziatzeari ekin ziola. Botereari eusteko aukera guztiak baliatu ondoren heldu da ustezko errenditzea.
Ouattararen inguruko iturriek diote Gbagbo harrapatu beste aukerarik ez dutela. "Egin zitezkeen eztabaida guztiak egin dira. Atzo Gbagbok su-etenaz hitz egin zuen, saiatu gara negoziatzen, baina ez da emaitzarik izan. Ez dugu beste aukerarik: harrapatzera behartu gaitu", esan du Ouattararen bozeramaile Affoussy Bambak France 24 telebista katean.
2000. urtean heldu zen presidentetzara Gbagbo (Gagnoa, 1945). Hamarkada bat urte geroago ez du onartu herritarrek bozen bitartez Ouattara oposizioko hautagaia aukeratu izana kargurako. Azaroan egin zituzten hauteskundeak.
Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroaren arabera, Gbagbok idatziz botereari uko egin beharko dio eta Ouattara presidente gisa onartu beharko du.