NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak Afganistanen duen misioko bi helikoptero tirokatu ditu Pakistango armadak. ISAF izeneko nazioarteko indar horien ordezkarien bertsioa da. Haien arabera, bi herrialdeen mugatik gertu dagoen kontrol postu batetik egin zuten tiro Khost eskualdera Pakistango militarrek.
ISAFeko bozemaileen hitzetan, helikopteroakAfganistanen ohiko arakatze maniobretan zihardutela eraso zituzten. Ez ziren, beraz, mugaz bestaldera igaro. Beste bat da, ordea, Pakistango armadaburu Athar Abbasen bertsioa. Jeneral horrek helikopteroak Ipar Waziristanera- Said Gai izeneko eremura- sartu zirela ziurtatu zuen atzo. «Pakistanen ondo barneratuta zeudela ohartarazteko egin genien tiro», esan zuen. Horren aurrean, airekoek bira eman eta Afganistanera itzuli ziren, Abbasen esanetan.
«Gaizkiulertu ezatseginaren» bertsio bakar bat lortze aldera, eztabaidan dihardute bi aldeek. Hala jakinarazi zuten atzo Pentagonoko ordezkariek. Eta bide batez, gertatutakoak gertatu, erasoek ez zutela ez biktimarik, ez kalte materialik eragin ere nabarmen zuten.
AEBekin liskarrak
AEBetako militarrak terrorismoaren kontrako koalizio baten buru dira Afganistanen. Eta horrek Hego Waziristanen mugaz gaindiko erasoak egin izan dituela maiz salatu izan du Islamabadek. Izan ere, Pakistan iparraldeko mendi eremu horretan talibanak eta Osama Bin Laden bera dagoela uste du CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak. Estalitako erasoak ziren joan den astera arte. Baina irailaren 3an gertatutakoak istilu diplomatikoa eragin zuen. Afganistan eta Pakistanen arteko muga zeharkatu eta ekintzaile talibanen aurkako erasoa egin zuten orduan AEBek, Hego Waziristanen. Hogei izan ziren hildako zibilak. Eta ordutik halako sarraldi gehiago ere egin dituzte AEBetako airekoek Pakistanen; azkena joan den igandean.
Halakoen aurrean, eta artean lehen ministro zela, Yusuf Raza Guilanik atzerriko soldaduen erasoak ez zituela onartuko adierazi zuen. Lehen ministro aukeratu berriak ere, Asif Ali Zardarik, lurralde subiranotasuna urratzen duen ekintzarik ez duela toleratuko esan du. Washingtonek aliatutzat dauka Zardari, talibanen kontrako borrokari dagokionean.
Bere aldetik, Pakistango Gobernuak «ezin duela edo ez duela nahi» Hego Waziristan kontrolpean hartu uste du Washingtonek. Eta hori hala, 2001ean Afganistandik kanporatutako Al Kaedako kideak eskualde menditsu horretan babestu eta antolatu direnaz ere ziur dago. Horregatik indartu dute Afganistanen dauden ISAFeko indarrek bi herrialdeen arteko mugako zaintza. Eta horregatik ekin diote mugaz haratagoko ekintzak egiteari ere.
Pakistanek Afganistanen bere bi aireko tirokatu dituela salatu du NATOk
Helikopteroek muga gainditu zutela «ohartarazteko» tiroak izan direla jakinarazi du Pakistanek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu