Pakistanen 360.000 zibilek ihes egin dutela ohartarazi du NBEk

Armadaren eta talibanen arteko borrokak direla eta, herrialdea «giza hondamendi handi baten atarian» dela dio UNHCRk

2009ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Pakistango armadak talibanen kontra joan den astean areagotutako oldarraldiaren ondorioez ohartarazi du Nazio Batuen Erakundeak. Swat, Buner eta Dir barrutietatik jada 360.000 lagunek euren etxeak utzi eta ihes egin dutela jakinarazi du UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak. Ariane Rummery eledunak maiatzaren 2tik aurrera jasotako datuak direla zehaztu du: «Giza hondamendi handi baten atarian gaude».

NWFP Ipar-Mendebaldeko Mugako Probintzian orain dela bi aste armadak hasitako oldarraldi zabalaren lehen egunetan, berriz, beste 40.000 lagunek ihes egin zuten. Desplazatuak jasotzeko lau gune zabaldu ditu erakundeak, eta desplazatuek izena eman dezaten beste 29 gune. Urtea amaitu aurretik, indarkeria egoeran etenik ez bada bederen, beste 800.000 eta milioi bat herritarren artean ihes egingo dutela espero du UNCHRek. Abuztuan, gainera, beste 555.000 lagunek egin zuten ihes euren etxeetatik. Afganistanetik ihes eta herrialdean ezarri diren errefuxiatuak, berriz, 1,7 milioi dira.

Jusuf Raza Guilani Pakistango lehen ministroak egoerari aurre egiteko nazioarteko diru emaileen bilera egingo du aurki. Islamabaden bilduko dira.

Pakistango armadak, anartean, gogor jarraitzen du taliban gerrillari islamisten kontrako oldarraldian. Orotara 15.0000 militar ari dira erasoaldian parte hartzen, eta gerrillari islamistak, berriz, 5.000 inguru dira. Rehman Malik Pakistango Barne ministroak «taliban guztiek alde egin artean» ekitaldi militarrak jarraituko duela ohartarazi du: «Ez diegu beste aukerarik utziko». Mohammad Nadeeme Pakistango armadako eledunak, bestetik, azken bi asteetan «gutxienez 720 taliban hil» dituztela jakinarazi du, eta hogei bat soldaduk bakarrik galdu dutela bizia.

Atentatu suizida Peshauarren

Pakistanen dagoen indarkeria egoera ez da armadaren eta gerrillarien arteko borroketara mugatzen. Atentatuak ere ia egunero gertatzen dira. Urte eta erdian, 1.800 herritar baino gehiago hil dira erasoen ondorioz. Hala, atzo bertan, hamar lagunek bizia galdu zuten, Peshauarren. Ekintzaile suizida batek soinean zeraman bonba leherrarazi zuen errepide batean, hain zuzen ere, segurtasun indarrek jarritako kontrol gune baten aurrean. Leherketak 11 lagunen heriotza eragin zuen: zortzi zibil, segurtasun indarretako bi kide eta ekintzailea bera. Poliziako eledun batek adierazi duenez, «terroristak» kontrol gunea bera zuen jomuga, baina ezin izan zuen aski gerturatu, eta, orduan, bere burua ibilgailu ilararen erdian zartarazi zuen, kontrol gunetik gertu.

Pakistango talibanek gobernu federalaren kontra jihad gerra santua aldarrikatu zuten, 2007. urteko udan. Osama Bin Laden Al Kaedako buruzagiaren aginduari jarraituz aldarrikatu zuten gerra. Otsailean, NWFPko agintariek eta gobernu federalak bake akordio bat egin zuten Swat haraneko talibanekin. Xaria legea ezartzearen truke armak utziko zituztela agindu zuten talibanek, baina ituna bete ez, eta inguruko barrutietan hedatu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.