Pakistanen, gobernukideen immunitatea indartu dute

Auzitegi Gorenak goi kargudunen ustelkeria ikertzeko agindu dio lehen ministroari, eta PPPk desmen legea aldatu du, babestekoKonstituzioaren aurkakotzat jo dezakete gobernuak onartutako lege berria

2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Pakistanen, batailaz bataila aridira borrokatzen gobernua eta Justizia. Presaka eta korrika, desmen legea aldatzeko proposamena egin du PPP Pakistango Alderdi Popularrak —agintean dago—, epaileen aginduetatik babesteko. Lasterka egin dituzte tramiteak ere: astelehenean onartu zuen proposamena Batzar Nazionalak, asteartean berretsi senatuak, eta atzo sinatu zuen Asif Ali Zardari presidenteak. Gobernuko kideei, presidentea eta lehen ministroa barne, immunitate zabalagoa ematen die lege berriak desobedientzia kasuetan. Erasoaldi gogorra jo badu ere, gobernuak ez du bataila irabazi oraindik, Auzitegi Konstituzionalak ebatz baitezake legea konstituzioaren aurkakoa dela.

Iftikhar Chaudry Auzitegi Goreneko presidenteak argi utzi du ez duela atzera egingo goi kargudunen ustelkeria kasuak ikertzeko erabakian. Ekainaren 19an, Yusuf Raza Gilani lehen ministroa kargutik kentzeko agindua eman zuen, eta legebiltzarreko aulkia ukatu zion, Justiziaren agindua ez betetzea leporatuta. Izan ere, presidentearen eta beste hainbat gobernukideren ustelkeria kasuak ikertzeko agindua eman zion gorenak Gilaniri, baina horrek ez zuen bete eskatutakoa. Ekainaren 23an, Raja Pervez Ashraf Energia ministro ohia lehen ministro izendatu zuten legebiltzarrean, gehiengoaren babesarekin. Kargua hartu eta egun gutxira, ordea, ustelkeria kasuak ikertzen hasteko gorenaren agindua iritsi zaio horri ere.

Uztailaren 25era arteko epea eman dio Chaudryk lehen ministroari, Suitzako agintariei eskutitz bat idazteko dirua zuritzearen inguruko auzia hasteko eskatuz. Zardari bera dago auzi horretan nahasia. Desmen lege berria, hain justu ere, Ashraf babesteko onartu dute, kargutik ken ez dezaten gorenaren eskaera betetzen ez badu, Gilanik egin bezala.

Musharrafen ondarea

Pervez Musharraf Pakistango presidente ohiak (1999-2007) ustelkeria kasuetan nahasitako politikariei amnistia ezarri zien agintaldiaren azken urtean, eta horri esker itzuli ahal izan ziren erbestetik Zardari egungo presidentea eta bere emazte eta lehen ministro ohi Benazir Bhutto. Zardari hainbat ustelkeria eta hilketa kasutan nahasita zegoen, Bhutto lehen ministro izan zen garaikoak —1988tik 1990era eta 1993tik 1996ra—. Espetxean 11 urte egin zituen, eta 2004an aske utzi zuten, erbestera joatearen truke.

Auzitegi Gorenak, baina, amnistia baliogabetu zuen 2009an, Zardari presidentetzara iritsi ondoren. Geroztik, elkarri eraso egiten, tirabiran ari dira PPPren gobernua eta Justizia, herrialdeak azken urteetan izan duen krisi politikorik larriena eraginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.