Pakistango hirietan atentatu gehiago izango direla ohartarazi dute talibanek

Peshauar hirian hiru atentatu izan dira, eta beste bat Dera Ismail Khanen; herenegun 25 lagun hil ziren Lahoren

Kristina Berasain Tristan.
2009ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Islamabad, Lahore, Rawalpindi eta Multan hiriak atentatuen jomuga direla ohartarazi dute talibanek. Eta herritarrei hirietatik alde egiteko deia egin diete. Pakistango Gobernuaren egoitzetan «etorkizun hurbilean» atentatu gehiago egingo dituztela. Hakimula Mehsud Orakzai eta Khyber eremu tribaletako talibanen buruak egin du ohartarazpena; Lahoren herenegun izandako atentatuaren biharamunean. Orotara 25 lagun hil ziren hiru ekintzailek zartarazi zuten bonba-autoaren eraginez. Zauritutakoak, berriz, hirurehun inguru izan ziren. TTP Tehrik-e-Taliban Pakistan erakundeak bere gain hartu du atentatuaren erantzukizuna -talde taliban nagusiak biltzen ditu bere barnean TTPk-.

Atentatu sorta

Ohartarazpena helarazi aurretik, baina, jada euren asmoei ekin dietela agerian utzi nahi izan dute talibanek. Lahoreko atentatuaren biharamunean beste lau atentatu izan ziren atzo Pakistanen; Peshauar hirian hiru bonba leherrarazi zituzten. Kabari eta Quissa Khwani saltoki guneetan zartarazi zituzten bonba horietako bi, kale bereko mutur batean eta bestean, hamar minutuko tartearekin. Hasiera batean hildakoak gehiago izan zitezkeela jakinarazi bazuten ere, azkenerako bost izan ziren hildakoak eta 70 zauritutako lagunak. Motozikleta banatan jarri zituzten ekintzaileek lehergailuak, eta urrutitik aktibatu.

Handik bi ordura beste atentatu bat izan zen Peshauarren; Sarakhara kanpoaldeko eremuan. Ekintzaile suizida batek polizia kontrol baten parean zartarazi zuen gidatzen zuen bonba-autoa. Bi agente hil zituen, eta beste hamabi lagun zauritu. Peshauar NWFP Ipar-Mendebaldeko Mugako Probintziako hiriburua da, eta armadak talibanen kontrako erasoaldia abiatu zuen duela hilabete han. Pakistango armadak erasoaldia eten ezean, hirietan erasoak egingo zituztela ohartarazi zuten orduan ere talibanek. Egunotako atentatuak talibanek erasoaldiari emandako erantzuna direla uste dute agintariek.

Dera Ismail Khan herrian izan zen laugarren atentatua -Baitula Mehsud talibanen buruzagiaren feudoa da-. Poliziaren kontrola izan zen kasu horretan ere ekintzailearen jomuga, rickshaw batean jarri zuen lehergailua eta hiru lagun hil eta beste zazpi zauritu zituen.



Desplazatuentzat nazioarteak agindutako dirua ez du jaso NBEk

Pakistanek egun dituen 2,9 milioi desplazatuen bizi baldintzak hobetze aldera nazioarteak agindutako diru laguntza ez duela jaso salatu du Nazio Batuen Erakundeak. Islamabaden egindako diru emaileen konferentzian nazioarteak 100 milioi dolar agindu zizkion Pakistani; baina promesa hori ez dela oraindik gauzatu kritikatu du erakundeak. NBEk 454,6 milioi dolar eskatu zizkien estatuei herrialdeak independentzia eskuratu zuenetik inoizko exodo masiboenari aurre egin ahal izateko. Apiriletik 2,4 milioi lagunek utzi dituzte euren etxeak, eta iazko abuztutik ihes egindakoak zenbatuta, berriz, jada 2,9 milioi dira desplazatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.