Pakistango xiiten kontrako eraso suizidan gutxienez 30 lagun hil dira, Karachin

2009ko abenduaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pakistango musulman xiiten kontra Karachi hirian egindako eraso suizidan, gutxienez 30 lagun hil ziren atzo, eta 63 zauritu. Sarraskia gertatu da ekintzaile batek leherrarazi duelarik soinean zeukan bonba, Ashura dolualdi xiitan parte hartzen ari ziren dozenaka mila erromesen artean sartu eta gero. Pakistanen gutxiengoan diren xiiten aurkako beste oldar egiterik ere gertatu da aurreko egunetan.

Sindh probintziako hiriburuan, Karachin, 50.000 inguru erromes xiita zeuden erasoa izan zen unean. Erromesen artean zebilen ekintzaile suizida batek soinean ezkutatua zuen bonba leherrarazi zuen, M.A. Jinnah etorbidean. Eztandak izualdia eragin zuen karriketan. Alabaina, sarraskiaz ohartzean, haserrea piztu zen berehala, eta segurtasun indarrei, hedabideetako ibilgailu eta langileei eta inguruko dendei eraso zieten. Antolatzaileek, haatik, lasaitzeko eta erromesaldian jarraitzeko eskatu zioten jendeari.

Atentatuaren ondorioei dagokienez, Sindheko Osasun ministro Saghir Ahmadek atzo iluntzean zabaldutako behin-behineko balantzearen arabera, 30 lagun hil dira eta 63 zauritu. Baina ohartarazi dute biktimak gehiago izan daitezkeela, orduek aurrera egin ahala.

Erromesaldia eteteko deia

Pakistango lehen ministro Jusuf Raza Gilanik gogor gaitzetsi du erasoa, baina lasaitasunerako deia zabaldu die xiitei. Segurtasun kontuak argudiatuta, Rehman Malik Barne ministroak, berriz, Ashura-ko erromesaldia eteteko eskatu die erlijioburuei. Ashura da xiiten erlijio ospakizun nagusia. Horren bitartez gogoratzen dute Mahomet profetaren biloba Hussein imamaren hilketa, 680. urtean Kerbalako gudukaldian gertatua.

Pakistango musulmanen artean, %20 inguru baino ez dira xiitak, eta azken urteotan eraso ugari pairatu dituzte, suniten artean muturreko joerak garatzearekin batera. Azken egunetakoak soilik zehaztearren, Karachin bertan beste leherketa bat jazo zen igandean: hamazazpi lagun zauritu ziren. Pakistanen menpeko Kaxmirko hiriburu Muzaffarabaden, berriz, xiiten mezkita bati eraso zioten. Ekintzaile suizida batek bonba bat zartarazi eta zazpi lagun hil eta 80 zauritu zituen, gutxienez.

Xiitei jazartzeaz gain, muturreko islamista sunitek Gobernuaren aurka ere badihardute. Hala, talibanek oldar egin zioten atzo euren aurka borrokatzen den leinu milizia bati, Ipar Mendebaldeko Mugako Probintzian; hamabost lagun hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.