PALESTINA

Palestina baikor, NBEko kide bihurtzeko bidean

NBEn Segurtasun Kontseiluak onarpen batzordera bidali du eskaera. Palestinaren arabera, pauso «historikoa» da.

Khan Yuniseko herritar batzuk, atzo, txikitutako eraikin baten aurretik igarotzen. HAITHAM IMAD / EFE
Khan Yuniseko herritar batzuk, atzo, txikitutako eraikin baten aurretik igarotzen. HAITHAM IMAD / EFE
Igor Susaeta.
2024ko apirilaren 9a
09:30
Entzun

Palestinak aurrerapauso bat eman du NBE Nazio Batuen Erakundearen kide bihurtzeko ahaleginean. Egina duen eskaeraz mintzatu ziren, atzo gauean, NBEren Segurtasun Kontseiluan, eta erakundearen organo horrek onarpen batzordera bidali du. Palestinaren NBErako enbaxadore Riyad Mansurren arabera, «historikoa» da urrats hori.

Dena den, aintzat hartu behar da 2011n ere ahalegindu zela kide bihurtzen. Orduan, baina, prozesua bertan behera utzi zuten AEB Ameriketako Estatu Batuen beto mehatxupean, eta Palestinari erakundeko behatzaile iraunkor estatusa eman zioten. «Eskatzen dugun bakarra da nazioen komunitatean dagokigun lekua betetzea, eta beste nazio eta estatuen parekotzat hartzea», adierazi zuen Mansurrek, segurtasun kontseiluan. Baikorra da, eta espero du organo horrek Palestinako gatazka konponbidean jartzeko dagoen «adostasun globala» kontuan hartzea eta bi estatuen irtenbidea ezartzea, modu horretan Palestina kide bilakatzeko.

Maltaren enbaxadore Vanessa Frazier dago orain segurtasun kontseiluaren presidentetzan, eta adierazi du onarpen batzordea hilabete honetan dela eskaerari buruz txosten bat argitaratzekoa. Gero, segurtasun kontseilura eramango dute, han bozkatu dezaten. Onartua izan dadin, behar du segurtasun kontseiluko hamabost kideen gehiengoak alde bozkatzea, eta kide iraunkor bakar batek ere betoa ez jartzea. Errusia, Txina, Frantzia, Erresuma Batua eta AEBak dira kide iraunkorrak.

Ikusteko dago zer erabakia hartuko duten AEBek, baina Joe Biden presidentea bi estatuen irtenbidearen alde agertu izan da. Hori gauza bat da; beste bat, ordea, Palestina kide gisa onartzea NBEn. Halere, bada aurrekari bat Palestinaren itxaropena elika dezakeena. Martxo amaieran,  segurtasun kontseiluak lehen aldiz onartu zuen Gazako setiorako su eten bat; ezustean, AEBak abstenitu egin ziren, eta Israelek gogor kritikatu zuen. Horren harira, Tel Avivi iruditzen zaio «terrorismoa saritzea» litzatekeela Palestina kide gisa onartzea.

Hamasen zalantzak

Segurtasun kontseiluak ekinbidea onartuko balu, hori erakundearen Batzar Nagusira eramango lukete. Han, asanbleako 193 kideen bi herenen babesa beharko luke aurrera egiteko. Hala gertatuko balitz, atzera segurtasun kontseilura itzuliko lukete eskaera, behin betiko onar dezaten. Palestinak 140 estaturen babesa du, baina oraingoz behatzailea da, Vatikanoa bezala, esaterako. XXI. mendean Suitza (2002), Ekialdeko Timor (2002), Montenegro (2006) eta Hego Sudan (2011) bihurtu dira NBEko kide.

10

Israelek zenbat lagun atxilotu dituen gaur Gazan. Palestinako Wafa berri agentziak adierazi du Israelgo indarrek gutxienez hamar palestinar atxilotu dituztela gaur goizaldean Zisjordania okupatuan egindako sarekada batean. Iturri horren arabera, hango herritarren ondasunak ere txikitu dituzte Israelgo militarrek.

Eta Gazan bertan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak atzo adierazi zuen «data bat» dagoela jarrita zerrendaren hegoaldeko operazio militarra hasteko. Horren harira, Sami Abu Zahry Hamasen bozeramaileak adierazi dio Al-Jazeera telebistari Netanyahuren esanek «zalantzak» eragiten dituztela menia baterako negoziazioak berriro hasteko orduan. Talde islamistaren ustez, elkarrizketa horiei berriro ekiteko atarian, Israelek ez du «amore ematen» bere planteamenduan. Hori kaleratu du ohar batean talde islamistak, Qatarko eta Egiptoko bitartekarien eskutik Israelen planteamenduaren berri izan ondoren.

Iazko azaro amaierako astebete inguruko meniaz geroztik ez da berriro halakorik egon, eta aldeak ari dira negoziatzen gutxienez sei aste iraungo duen tregoa bat, ahalbidetuko duena Israelek preso palestinarrak askatzea eta Hamasek gauza bera egitea urriaren 7tik bahituta dituen israeldarrekin. Ez dira, baina, kopuruetan ados jartzen. Su etenak ekarriko luke, gainera, laguntza humanitarioaren sarreraren areagotze bat. Hamasek eskatzen du Israelgo tropak Gazatik ateratzea; Tel Avivek, ordea, baztertu egiten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.