Judu laikoen familia batean sortu zen David Wilder (New Jersey, AEB, 1950), baina judutasunaren inguruan zuen ikuspegia zeharo aldatu zitzaion Jerusalemen ikasketak egitea erabaki zuenean. «Lotura biologikoa benetako sinesmenean eraldatu», eta sionismoa besarkatu zuen orduan kolonoak. Azken hamarkadaz geroztik, Hebrongo kolonia ultraeskuindarreko bozeramailea da. PANek estatu palestinarra aitortzeko alde bateko erabakia hartuz gero, «Judea eta Samaria» (Zisjordania) Israelgo Estatuan sartzeko deia egin dio Netanyahuren gobernuari.
Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren sinboloetako bat bilakatu da Hebron. Kale itxiak, etxe hutsak, kolono armatuak, palestinarren denden gaineko zabor ustela... Zein da zure iritzia egoeraren inguruan?
Errealitatea manipulatu nahi duen nazioarteko kanpaina bat zabaldu dela uste dut. 1997an, bitan banatu zuten Hebron, AEBen adostasunarekin eta Jasser Arafaten onespenarekin. Horrek hiriaren %20 Israelgo segurtasun indarren kontrolpean utzi zuen; beraz, juduak ez gara legez kanpo bizi. Badaude arabiarrentzat itxitako kale batzuk, baina segurtasun neurriak armadak ezartzen ditu, ez guk. Arabiarrek hiriko %97ra dute sarbidea; guk bakarrik %3ra.
Nolakoa da elkarbizitza kolonoen artean?
Bizitza lasaia daramagu. 800 lagun bizi gara, eta bizitegi auzoa osatzen dugu. Maiz gure kontrako indarkeriari aurre egin behar diogu, baina hobe da Hebronen bizitzea New Yorken baino. Hemen ez dugu pornografiaz, drogez edo prostituzioaz arduratu beharrik. Armak ez ditut gogoko, baina ezagutzen ditut pistolari esker bizirik dauden auzotarrak. Misio ideologiko garrantzitsua dugu Hebronen. Hemen ez bagina, toki sakratuetarako sarbiderik ez lukete izango juduek.
Baina egia da juduak edonora joan daitezkeela. Arazoa kolonoekin dagoela diote palestinarrek...
Baina, zoritxarrez, Hamasek ez du Israelgo herritar baten eta Europako judu baten artean desberdintzen, denak baikara etsaiak. Juduak mende luzez bizi izan ziren Hebronen. Hona etorrita ez genuen inoren lurra okupatu, gure etxera itzuli ginen. Askatasun guztia izan beharko genuke etxe bat eraikitzeko, erosteko eta kale guztietan paseatzeko. Zoritxarrez, ez da horrela gertatzen.
Zergatik?
Israelgo Gobernuak kontuak eskatu behar dizkio Obama presidenteari. Hebrongo juduok doministiku egiten dugun bakoitzean asaldatu egiten baita Obama. Sateliteen bidez dena kontrolatzen dute, eta ezin dugu etxerik eraiki, eta arabiarren jabetza bat erostea ia ezinezkoa da. Haien legediaren arabera, judu bati ondasunak saltzen dizkionak zigor hilgarria jaso lezake. Baina jabetza juduak dira etxe horiek, 1540an Hebronera iritsi ziren gure arbasoak bizi izan baitziren bertan. Dena den, lortuko dugu judu gehiago ekartzea. Ez da berehala izango, baina komunitate handia eta askea osatuko dugu.
Israel ez da ongizate estatu bat, baina zenbait ahotsek kritikatu dute politika sozialak kolonietan bakarrik ezartzen dituela gobernuak; etxebizitzak merkeago erosteko estatuaren diru laguntzak eta zergen murrizketak kasu.
Hori ez da egia. Gainontzeko israeldarrek ordaintzen dituzten zerga berak pagatzen ditugu guk. Kontua da jabetzaren balioa desberdina dela tokiaren arabera. Etxe batek ez du berdin balio Hebronen edo Tel Aviven, herrialde guztietan gertatzen den bezala. Horrez gain, zenbat diru gastatu du Israelek kibbutzek bizirik iraun dezaten? Beste komunitateetan baino askoz gehiago, baina inor ez da hortaz kexu. Gure komunitatean geldirik daude egitasmoak; beraz, nola azaldu AEBek eta EBk halako dirutza gastatzea hiriaren beste aldean? Arabiarrentzat ari dira ongizate estatua bultzatzen.
Zer irizten diozu Israelgo haserretuen mugimenduari?
Pertsona nagiak dira haserretuak, aspertuta daudenak, lanera joaterik nahi ez dutenak eta kanpadendetan lo egitea gustatzen zaienak. Egia da Israelgo herritarrok zerga altuak ordaintzen ditugula eta aurrekontuen zati handi bat segurtasunean gastatzen dela, baina beharrezkoa da sakrifizioa. Protesten oinarria ez da etxebizitza merkeak eskatzea, Judea eta Samaria arabiarrei ematea baizik. Ezkerretik sorturiko mugimendu politikoa da, eta Netanyahu presionatzea du helburu, arabiarrekin 1967ko mugen inguruan negozia dezan.
Palestinako Aginte Nazionalak 1967ko mugen barruko Palestinako estatuaren aitorpen proposamena eramango du irailean NBEra. Uste duzu bi estatuena dela irtenbidea?
Noski, sinesten dut bi estatuen irtenbidean; guk Israel izan dezakegu, eta arabiarrak Texasera joan daitezke! Palestinako estatuaren aitorpena suizidio bat izango litzateke guretzat; izan ere, ezin dugu beste herrialde etsairik onartu. Ikusi zeintzuek inguratzen gaituzten; Hezbolak eta Siriak egunero mehatxatzen gaituzte iparraldetik, Jordanian eta Egipton ez dakigu zer gertatuko den, eta Gazan Hamasek agintzen du. Ez dut Abbas gogoko, baina zer gertatuko litzateke Hamasek Judean eta Samarian aginduko balu? Gureak egingo luke, eta ihes egin beharko genuke berriz ere. Gainera, iraileko proposamena ikuskizun bat iruditzen zait. AEBek beto eskubidea baliatuko dute Segurtasun Kontseiluan, eta atzera botatzeko presioa handituko zaio Abbasi. Beraz, posible da ezer ez gertatzea, baina Abbasek NBEra joateko alde bateko erabakia hartuz gero, Israelgo Gobernuak ere Judea eta Samaria bere egiteko ebazpena har dezake. Netanyahuk oraindik ez du ezer esan jendaurrean, baina guk hala ikusten dugu.
Zisjordania beretuz gero, zer gertatuko litzateke han mendez mende bizi izan diren palestinarrekin?
Batzuek diote Israelgo herritartasuna eskuratu beharko luketela, eskubide guztiekin. Ni ez nago ados. Egun, Israelgo arabiarrek ordezkaritza dute parlamentuan, eta horietako batzuek ez dute Israelgo Estatua onartu ere egiten. Zer gertatuko litzateke AEBetako kongresuan Al Kaedako ordezkari bat egongo balitz eta AEBak suntsitzea eskatuko balu? Gai korapilatsua da, baina ez litzaidake axolako egoera horri aurre egitea. Are gehiago, momentu hori noiz iritsiko den desiratzen nago.
David Wilder. Hebrongo koloniako bozeramailea
«Palestinako estatua aitortzea suizidio bat izango litzateke guretzat»
«Ikuskizun bat» iruditzen zaio Wilderri irailean PANek NBEn egingo duen eskaria, eta Israelek Zisjordania bere egin dezala eskatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu