Soldadu israeldarrek gizonezko palestinar bat hil zuten bart gauean, tiroz. Lekukoen arabera, hil duten gizona 42 urteko Osama Mansur da, eta bost seme-alaba zituen. Emaztearekin zihoan autoan, eta tirokatu egin zuten.
Israelgo armadako iturrien arabera, bikoteak Ramallah hegoaldeko Bir Naballah herriko kontrolgune bat jo zuen autoarekin, eta soldaduek tiro eginez erantzun zieten. Gizona tokian bertan hil zen, eta emakumea zaurituta eraman zuten erietxera. Emazteak ukatu egin du militarrei eraso egin izana, eta salatu kontrolgunean geldirik zeudelarik tirokatu zituztela.
Testigantzen arabera, tiroketa izan baino ordu batzuk lehenago, militarrak herrian sartu ziren, eta hainbat etxe miatu zituzten. Horrek protestak eragin zituen, baita liskarrak ere herritarren eta militarren artean.