LGTBI jendearen eskubideen aldeko aktibista palestinarra

Ala Mohammad Khaleel: «Palestinar herriaren askatasuna eta queer eta emakumeena ezin dira bereizi; lehenengoa ezinbestekoa da bestea lortzeko»

Jerusalemdik Donostiara etorri da, oro har palestinarrek eta bereziki queerrek eta feministek han duten egoera latzaren berri ematera. Okupazioari eta errepresioari aurre egiteko LGTBI kolektiboa politizatzearen alde egin du.

Ala Mohammad Khaleel aktibista palestinarra, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ala Mohammad Khaleel aktibista palestinarra, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
kristina martin
Donostia
2026ko apirilaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ala Mohammad Khaleel (Jerusalem, 1993) aktibista da, Al-Qaws Palestinako gizartean sexu eta genero aniztasunaren aldeko elkartekoa. Donostian izan berri da, Medicus Mundi gobernuz kanpoko erakundeak gonbidatuta. Erakunde horrek fundamentalismoari buruz antolatutako topaketetan, Palestinako LGTBIQ+ erresistentziak pinkwashing eta zapalkuntza kolonialaren kontra hitzaldia eman zuen joan zen astean.

Emakumea, palestinarra eta queerra: zapalkuntza hirukoitza. Zertan da LGTBI komunitatea lurralde okupatuetan?

Palestinar herriak jasaten duen apartheidaren ondorioz, gure lurraldeak bakartuta daude, elkarrekin loturarik izan gabe. Hori dela eta, palestinarren artean, eta queerren komunitatean ere bai, egoera oso desberdina da Gazako zerrendan, Zisjordanian edo Jerusalemen. Egoera latza da palestinar guztiontzat, baina emakumea baldin bazara, oraindik okerragoa da. Adibidez, Jerusalem zaharrean kolonoen erasoen eta jazarpenaren beldur bizi dira. Kolonoek etengabe jazartzen diete emakume palestinarrei, kalean doazela. Gauean, gainera, kolonoak etxeetako ateak zabaltzen saiatzen dira. Emakumea izateagatik, edonoiz bortxatuak izan gaitezke, jazarriak, eta etxea lapurtu diezagukete. Imajinatu ze gogorra den horrela bizitzea... Egunero da bizirik irauteko borroka bat, bataila eremu bat da. Ez dago ez eskubiderik eta ez bermerik.

Europarren iruditerian oso errotuta dago herrialde musulmanetan emakumeen eta LGTBI jendearen eskubideak ez direla errespetatzen. Hala al da?

Palestina oro har herri musulmana da, baina ez da muturrekoa. Aniztasun handia dago. Ni bezala, queer eta feminista asko musulmanak gara, baina ez gara bereziki erlijiosoak. Edonola ere, palestinarrok baldintza egokiak behar ditugu emakumeen eta queerren eskubideen aldeko borroka indartzeko, baina okupazioa dagoen bitartean ezin dugu horretan zentratu, gure esfortzu guztiak kolonizazioaren aurkako borrokan jartzen ari baikara. Palestina askea denean, orduan jarri ahalko dugu arreta eskubide zibil horietan. Gaur egun, bizirik irautea da gure egunerokoaren ardatza. Gainera, europar eta arabiar herrialdeen egoera oso desberdina da, eta guk gure eredua eraiki behar dugu, ez Europakoa kopiatu.

Ala Mohammad Khaleel
ANDONI CANELLADA / FOKU

Zer egitura duzue Al-Qaws elkartean?

Bulego nagusia Haifan dugu. Ramallahn eta Jerusalemen ere bulegoak ditugu, baina klandestinoak dira. Zentro horietan, pertsona queerrei entzun egiten diegu, babesa ematen diegu; Palestinako edozein tokitatik jar daitezke gurekin harremanetan, telefonoz eta txat bidez. Gazako queer pilo batek erabiltzen du zerbitzu hori. Al-Qaws hamazazpi urtez aritu da lanean; leiho bat gara Palestinako queerren komunitatearentzat. Horretaz gain, norberaren kezkak partekatzeko topaguneak egiten ditugu, manifestuak eta artikulu akademikoak idazten ditugu, ekitaldiak antolatzen ditugu, sareetarako edukia sortzen dugu, artikuluak irakurtzen eta aztertzen ditugu... Pertsona queer bakoitzak egoera eta ibilbide bat du, eta bakoitzaren beharrak asetzen saiatzen gara. Gure elkartean sarea osatzen dugu, komunitatea osatzen dugu, elkarrengandik bakarturik dauden eta hain egoera desberdina duten palestinar lurraldeetako LGTBI komunitatea elkartzen dugu, elkar ikusi gabe, baina elkarren berri izan dezagun. Pertsona horiek beren modukoekin egoteko eta seguru sentitzeko guneak osatzen ditugu.

Ba al duzue harremanik eskubideen aldeko beste elkarte batzuekin?

Ramallahn arazoak ditugu beste elkarteekin edo erakundeekin lankidetza izateko, Palestinako Aginte Nazionalak ez duelako begi onez ikusten gure jarduna, eta beste erakundeek ez dute haiekin arazorik izan nahi.

Ekainaren hasieran, Israelek harrotasunaren desfile erraldoi bat antolatuko du Itsaso Hilean. Imajinatzen duzu? Lau eguneko ospakizun erraldoi bat, Gaza suntsituaren ondoan. Ez dute gizatasunik!

Okupazioa nahikoa ez, eta Palestinako Aginte Nazionalak ere betoa ezartzen dizue. Zergatik?

Zisjordania Aginte Nazionalaren menpe dago, eta ez du bere agintea konpartitu nahi ekintza politikoa egiten duen inongo elkarterekin. Palestina askatzeko mobilizazioetan queerren komunitatea eta feministak oso aktiboak gara, eta batzuek egozten digute oso politizatuta egotea. Baina, gure ustez, LGTBI jendearen eskubideen auzia erabat politikoa da. Palestinarren askatasuna ez da etorriko pertsona queerrak Tel Aviven ezkon daitezkeelako. Hori ez da gure helburua.

Klandestinitatean aritu behar izateak zaildu egingo du komunitatearen elkargune izatea, ezta?

Kontu handiz ibili behar dugu, eta topaketetara etorri nahi dutenei elkarrizketak egiten dizkiegu aurretik, Aginte Nazionalak eta Israelek bidalitako zelataria ez dela bermatzeko. Ezin dugu beti-beti bermatu, baina neurriak hartzen ditugu. Gure elkargunera datorrenak badaki atxilotua izateko arriskuan dagoela; horregatik, segurtasun protokoloak errepasatzen ditugu bilera horien lehenengo bost minutuetan. Nekagarria da, baina beharrezkoa.

Israel queerentzako eremu libre gisa azaltzen da. Zuek pinkwashing-a salatzen duzue. Zergatik?

Israelek saltzen du irudi hori, baina palestinarra bazara, ez dizute jazarriko gay izateagatik, baizik eta palestinarra izateagatik. Azken finean, israeldarrekin berdin dio queerra zaren ala ez: palestinarra izateagatik atxilotu eta hilko zaituzte. Orain dela gutxi, Israelgo soldadu baten irudiak azaldu dira Gazan. Bandera gay bat eskuetan duela, zera esaten du: «Hemen gaude, maitasunaren izenean». Israelgo armadak suntsitutako ehunka etxebizitzen eta eraikinen hondakinez inguratuta ageri da soldadua. Zein maitasun da hori? Nortzuk nahi dituzu askatu, queerrak? Denak hil dituzue eta! Ezin dut burutik kendu... Utz gaitzazue bizirik, eta guk erabakiko dugu zer eta nola egin nahi dugun. Palestinar herriaren askatasuna eta queer eta emakumeena ezin dira bereizi. Lehenengoa ezinbestekoa da bestea lortzeko.

Pinkwashing-aren beste adibide bat: ekainaren hasieran, Israelek harrotasunaren desfile erraldoi bat antolatuko du Itsaso Hilean. Imajinatzen duzu? Lau eguneko ospakizun erraldoi bat, Gaza suntsituaren ondoan. Ez dute gizatasunik!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA