Vittorio Arrigoni kazetari eta Palestinaren aldeko ekintzaile italiarra hilda azaldu da gaur Gazan (Palestina), atzo goizetik bahituta izan ostean. Italiako Gobernuko Atzerri Ministerioak eman du hilketaren berri. Gazako iturrien arabera, Hamaseko kideak aurkitu dute gorpua eta bahitzaileek ez dute ultimatuma bete —gaur arratsaldeko laurak— .
Ustez, muturreko islamdar talde batek hil du. Atzo bere presoak aska zitzala eskatu zion Hamasi. Orain dela egun batzuk Juliano Mer-Khamis antzerki zuzendaria hil zuten.
Hamasek gaitzetsi egin du hilketa. "Gazako Gobernuak salatu egiten du krimen beldurgarri hau, ez ditu islatzen gure baloreak, gure erlijioa, gure ohiturak".
Gazako Poliziak jakinarazi du bi lagun atxilotu dituela, Arrigoniren bahiketa eta hilketarekin lotura dutelakoan.
36 urte zituen italiarrak, eta Palestinaren aldeko ekintzaile nabarmena izan da azken urteetan. Duela urtebete heldu zen Gazara, elkartasun itsasontzi batean. Haren konpromiso pertsonala azpimarratu du Italiako Gobernuak.