Oded Paporish israeldarrak 51 urte ditu, eta gidari turistiko aritzen zen gerrak negozio hori geldiarazi zuen arte; orain, berriz, abeltzainen gidari dabil Zisjordanian, eta, Looking the Occupation in the Eye taldeko aktibista denez gero, Jordan ibarreko artzain palestinarren «babesle» gisa aritzen da, eta israeldarrek Zisjordaniako biztanleen kontra egindako erasoak dokumentatzen ditu. 2023tik honat, 185 kokagune ezarri dituzte hango landa eremuetan, israeldar zibilen presentzia handitzeko helburuz, eta, horren ondorioz, palestinarren 127 komunitate kanporatu dituzte beren lurretatik, gehienak abeltzain komunitateak. Han da Paporish, hezur eta mami.
Non zara orain?
Duman, Nablusen. Badira sei urte artzain palestinarrak babesten ari naizela. Gazako gerra abiatu zenetik, 2023ko urriaren 7tik alegia, aktibista gutxiago daude, eta artzainek gutxiago eramaten dituzte ardiak alhatzera.
Gerraren aitzinetik, beharrezkoa zen zu han egotea?
Bai, kolonoek galarazi egiten baitzieten artzainei artaldeak alhatzeko eta edateko tokietara eramatea. Eskuin muturreko egungo gobernua agintera ailegatu zelarik, kolonoak palestinarren etxeei erasotzen hasi ziren; gobernuak armak eta noranahiko ibilgailuak ematen zizkien, eta kokaguneak izugarri ugaritu ziren garai hartan.
Zisjordanian ez da zuzenbide estaturik.
Kolonoek eta soldaduek erabakitzen dute zein den legea. Soldadu batek kontrolgune bat ezarri ohi du palestinarren pasabide nagusietako batean: «Hau nire kontrolgunea da» erran, eta bidea nahieran hesten dio jendeari.
Gainera, horiek armadan sartzen dira.
Israelgo armadako erreserbistak dira, kolonoz osatuta dauden eta 2023ko urrian ireki zituzten unitateetako kideak. Nonbait tirabiraren bat izaten denean, inguru hori zona militar itxi izendatu, eta atxilo hartzen dituzte hara hurbiltzen diren ekintzaile eta palestinar guziak, baina kolonoak uzten dituzte han gelditzera.
Buru egin behar diezuen kolono horiek nolakoak dira?
Gehien-gehienak kokaguneetakoak izaten dira, eta adingabeak ere erabiltzen dituzte. Horren berri emana diegu bai Israelgo Poliziari eta bai NBEri, baina inork ez ditu eramaten hemendik. Kolono horiek familia hautsietako kideak izan ohi dira, probokatzaileak, eta poliziek arrazoia ematen diete. Eta hor daude landa eremuko kokaguneetako kolonoak ere: batzuek, itxuraz, ez dute erasorik egiten, baina guk badakigu palestinarrei ganadua ebasten aritu direla, eta, beraz, ez dugu bereizketarik egiten kolono horien eta argi eta garbi bortitzak direnen artean, den-denek aitortzen baitute lur hau konkistatu nahi dutela, promestua dietelakoan.
«Kolonoek argindarra eta ur hodiak mozten dituzte. Direnak eta ez direnak egiten dituzte palestinar komunitatearen kemena porrokatzeko»
Horrek guziak beldurra pizten du. Zer diote palestinarrek?
Etsipenez oroitzen dira lehengoaz. Eta lehengoa duela hiru urteko egoera ere izan daiteke; ordu hartan, palestinarrak okupazio ezin gogorrago baten pean ziren, baina baimena zuten Israelen lan egiteko. Bada, 2023ko urrian, Israelek bertan behera utzi zituen baimen horiek. Denera 100.000 zisjordaniar aritzen ziren han lanean: garai hartako lantokiko kontuak kontatzen dituzte, badakite hebreeraz solasean, baina, baimena kendu zietenetik, ez dute lanik. Lur jota daude.
Eta artzainak zertan dira?
2023tik honat, palestinarren ehun komunitate baino gehiago bota dituzte beren lurretatik, batez ere abeltzain komunitateak. Kolonoen metodoa sinplea da, eta C eremuan aplikatzen dute [Israelen esku dago haren gaineko kontrol zibil eta militarra]. Preseski, piknik gisako bat egiten dute palestinarren komunitate baten parean, haurrak ere eraman, koltxoiren bat edo bertze, eta sua pizten dute.
Behin eremu horretan errotuta, palestinarrei ebatsi, gauez jazarri, eta argindarra eta ur hodiak mozten dizkiete. Direnak eta ez direnak egiten dituzte komunitatearen kemena porrokatzeko. Palestinarrek erraten dute sekula ez liratekeela joanen beren lurretatik, baina haurrak dituzte, presioa arrunt gogorra da, eta hondarrean alde egiten dute.
Nora joaten dira?
Ahal duten tokira, etxerik gabe gelditzen baitira. Palestinako Aginte Nazionalak kontrolatzen dituen eremuetara alde egiten dute, ardiak alhatzen ahal diren tokietara. Edo, bertzela, animaliak saldu, eta hiriguneetan hasten dira lanean, egunsariaren truke. Familiak eta komunitateak bereizten dira horren ondorioz, baina inor ere ez da Jordaniara, Siriara edo Saudi Arabiara joaten. Garbiketa etniko bat egiten ari dira, baina inork ez du alde egiten hemendik. Jordan ibaiaren eta Mediterraneo itsasoaren artean gelditzen dira den-denak, oraindik ere bi herri bizi diren lur honetan.
«Garbiketa etniko bat egiten ari dira, baina inork ez du alde egiten hemendik»
Garbiketa etnikoak ez dio C eremuari bakarrik eragiten.
Duela bortz hilabete, Qusratik deitu ziguten, B eremutik. Erran zigutenez, kolonoek maiz egiten diete eraso. Elkartasunez, hiru aktibista joan ginen harat, etxetik kanporatua zuten familia batengana. Haiekin batera sartu ginen kolonoek eraso egindako etxe hartara, eta txukuntzen lagundu.
Orduan jipoitu zintuzteten?
Bai. Kolono batzuek etxe bat okupatua zuten mendixka gainean. Kokagune bat paratua zuten, artalde bat ere bazuten, eta inguruko familiak izutzen ibiltzen ziren. Halako batean, ezerezetik noranahiko ibilgailu bat agertu, hartatik lau kolono atera —aurpegia tapatuta eta garroteak eskuan—, eta joka hasi zitzaizkigun. Eskapu egiten saiatu nintzen, baina, nire gibeletik etorri, eta baloi bat banintz bezala jo ninduten; futbolean aritu ziren nirekin. Garrotearekin kolpeka aritu zitzaizkidan buruan, eta baita eskuan ere, eskuko zenbait hezur hausteraino. Gainera, kamera ebatsi zidaten. Zorabiatu beharrean nintzen.
Hain gogor jo ez zuten aktibista batek Israelgo anbulantziei dei egin zien, eta haiek erantzun ez zirela etorriko. Beti badute aitzakiaren bat. Kolonoek deituz gero, aldiz, ziztuan joaten dira. Hondarrean, palestinarren anbulantzia batek hartu gintuen, eta hango klinika batera eraman. Hirugarren aktibista hain gogor joa zuten, ezen han bertan hilko baitzen gure bila etorri izan ez balira. Halere, oraingoz ez digute tiro egiten, eta palestinarrei, aldiz, bai.
Atxiloketarik izan zen?
Hiru lagun atxilotu zituzten, horietako baten bat adingabea, nik uste, eta zenbait egunen buruan libratu. Ez omen zuten haien kontrako frogarik, baina, berez, kokalekuan geldiarazi bertzerik ez zuten egin behar. Ordutik honat, jendea hil dute Qusran, etxeak porrokatu, meskitari su eman, eta ikaragarrizko miseria eragin.
Poliziak ikerketa irekia du oraindik, «arrastoak aurkitzeko», hau Sherlock Holmesen kasu horietako bat balitz bezala, baina kontua da ez dutela nahi atxilotuen izen-abizenen berri izan dezagun; izan ere, kasua hetsiz gero modua izanen genuke horretarako, eta, beraz, auzitara jotzen ahalko nuke.