Haim Ramon Israelgo lehen ministrordeak Jerusalem Ekialdeko auzune palestinarrak hiritik kanpo uztea eskatu du, eta legedian Zisjordaniako lurralde okupatuak bailiran izendatzea. Herenegun hondeamakina batekin hiru israeldar hil zituen palestinarra Jerusalemgo auzo palestinar batean bizi zen, eta Israelgo Gobernua neurriak lehenbailehen hartzeko gertu dago. «Erasoa hain erraz egiteko arrazoi nagusia da zerbaitengatik Jerusalem deitzen zaien auzo palestinarrak daudela, Jabel Mukaber eta Tzur Baher adibidez», salatu zuen atzo Ramonek irrati militarrean.
Zisjordaniako herritarrek ezin dute 2003az geroztik Israelgo lurraldean sartu, hots, Tel Avivek banaketa hesia eraiki zuenetik. Jerusalem Ekialdeko 200.000 palestinarrek, ordea, baimena daukate eta Israelgo nortasun agiria dute. Tzur Baher izeneko auzunekoa zen Hussam Duaiat 30 urteko erasotzailea, hondeamakina bat gidatuta hiru israeldar hil zituena, eta gero Poliziak tiroka hil zuena. Israelentzat bere hiriburu banaezina da Jerusalem, eta palestinarrentzat, bestalde, ekialdeko Jerusalem etorkizuneko estatuaren hiriburua izan behar da.
Neurri gogorragoen helburua
Bestalde, Ehud Olmert lehen ministroak ez du uste Jerusalem Ekialdeko herritarrak setia daitezkeenik. Horren ordez, erasotzailearen etxea botatzea eskatu du Olmertek Justizia eta Defentsa ministroekin batzartu ostean. «Etxeak desegin behar baditugu, egingo dugu, eta gizarte eskubide guztiak kendu behar badizkiegu ere, egingo dugu». Giza eskubideen taldeek jarritako helegite batengatik uko egin behar izan zion iraganean Israelek palestinarren etxebizitzak botatzeko asmoari.
Herenegungoa bigarren aldia da aurten Jerusalemgo palestinarrek hiriko mendebaldeari eraso egiten diotena. Dena den, Poliziaren arabera, Hussam Duaiat ez zen ohiko ekintzailea. Ez zuen auzi politikoekiko interes berezirik, laikoa zen, eta neskalagun judua edukitakoa zen. Drogarekin arazoak izandakoa dela nabarmendu du Israelgo Poliziak, eta sinesgarritasuna kendu die ustezko atentatua bere gain hartu duten talde armatu ezezagunei.
Bestalde, Israelek Gazarekiko pasabideak itxi egin ditu berriz bere lurraldearen aurka jaurtikitako koheteagatik. Khaled Meshaal Hamasek erbestean duen buruzagiak Israelekiko su-etenari eusteko borondatea berretsi du. Hamalau egun bete zituen atzo.
Palestinarren auzoak Jerusalemdik banatu nahi ditu Israelgo Gobernuak
Hondeamakina batekin hiru israeldar hil dituen palestinarraren etxea bota nahi du Olmertek Jerusalem Ekialdean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu