Palestine Action taldeko sei ekintzaile absolbitu ditu Erresuma Batuko auzitegi batek

Epaimahaia ez da gai izan epai bat adosteko. Esparru militarreko Israelgo enpresa baten egoitzan lapurtzea egozten zieten. Urtebete baino gehiago pasatu dute behin-behinean espetxean.

Palestinaren aldeko manifestazio bat Londresen, iazko urrian. GUILLERMO GARRIDO / EFE
Palestinaren aldeko manifestazio bat Londresen, iazko urrian. GUILLERMO GARRIDO / EFE
Igor Susaeta.
2026ko otsailaren 5a
10:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palestine Action taldeko sei aktibistak urtebete baino gehiago pasatu dute behin-behinean espetxean, lapurreta delitua egotzita, astungarri batekin. Erresuma Batuko auzitegi batek, baina, absolbitu egin zituen atzo arratsaldean.

2024ko abuztuaren 6an, ekintzaile horiek indarrez sartu ziren esparru militarreko Israelgo enpresa baten egoitzan, Bristolen —Elbit Systems UK du izena—, Ingalaterra mendebaldean, eta, batek izan ezik, gainontzeko akusatuek epaimahaiaren aurrean aitortu zuten baimenik gabe sartu zirela eta txikitu egin zutela enpresako ekipamendua, droneak eta ordenagailuak barne.

Fiskaltzaren arabera, ekintzaileen asmoa izan zen «ahalik eta kalterik handiena eragitea eta enpresaren informazioa lortzea». Ministerio publikoak epaiketan argudiatu duenez, ekintzaileek mazoekin eraso egin zieten segurtasun zaintzaileei, haiek atxilotzen saiatu zirenean.

Defentsaren esanetan, ordea, aktibisten asmoa zen «indarkeriarik ez erabiltzea» eta Israelgo armadarekin loturiko enpresa hori «armagabetzea». «Mazoak ez ziren armak, armagabetze sinbolikorako tresnak baizik». Enpresa horrek ukatu egiten du Israelgo armadarekin lotura duenik.

Deliberatzen 36 ordu pasatu ondoren, Woolwicheko Koroaren Auzitegiko epaimahaiak ez zuen epai bat adostu, eta, orduan, aktibistak aske geratu ziren. Kontuan hartu behar da Erresuma Batuko Gobernuak talde hori debekatu zuela iazko uztailean. Erresuma Batuko legediaren arabera, behin-behineko kartzelaldia sei hilabetekoa izan daiteke gehienez; aktibistek, baina, urtebete baino gehiago igaro dute espetxean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.