Hirurogei urtez iraun duen historiako atalari amaiera eman ziotenherenegun Paraguaiko herritarrek. Ezen igandean egin ziren presidentetzarako hauteskundeetan irabazi egin du ezkerreko eta zentro-ezkerreko indarrak bateratzen dituen APC Aldaketarako Batasun Patriotikoa koalizioko hautagai Fernando Lugok. Vatikanoak gotzain kargutik kendutakoak aurrea hartu dio 1947tik boterean egon den PC Partido Colorado alderdiaren hautagai Blanca Ovelarri. Hirugarren irten da, berriz, Paraguaiko armadako buruzagi ohi eta UNACE Herritar Etikoen Batasun Nazionala alderdi eskuindarreko ordezkari Lino Oviedo.
Hauteskunde Batzordeak zabaldutako behin-behineko emaitzen arabera, Lugok botoen %40,83 bereganatu ditu; Ovelarrek, botoen %30,71; eta Oviedok, botoen %21,98. Botoa ematera, berriz, Paraguaiko 2,8 milioi hautesleetatik %75 joan dira. Paraguaiko Konstituzioak itzuli bakarra finkatu duenez, Lugo da kargu horretan jarriko abuztuaren 15ean.
Lugoren garaipenaren ospatzeko, 80.000 lagun inguru elkarretaratu ziren igande arratsean Asuncion hiriburuko Heroien Panteoiaren enparantzan. Bertaratu zelarik, hauxe aldarrikatu zuen Lugok jendetzarenaurrean: «Egungo garaipen hau Paraguaiko herriarena da, aldaketan sinetsi eta gauzatu baitu; gaurtik aurrera, gauzek hobera egingo dute».
APC koalizioa hogeita hamar bat alderdi edo erakunde politiko eta gizarte mugimendu aurrerazalek osatzen dutela gogoan edukita, Lugok hauxe nabarmendu du: «Bakarrik ez nazazuen utzi eskatzen dizuet; Paraguaik behar duen demokrazia elkarrekin egingo dugu». Garailea izateko aukera handiak zituela agertzen zuten lehen emaitzen berri hartu zuelarik, berriz, hauxe adierazi zuen Lugok: «Paraguai ez dute munduan ezagutu behar pobrezia eta ustelkeriagatik; bai, ordea, demokrazia eredugarria izateagatik».
Lugok irabaziko zuela ohartu eta berehala, Partido Coloradoko hautagai Blanca Ovelarrek hauxeeman zuen aditzera: «Uneotan argi dago Fernando Lugok irabazi egin duela, eta gertaera hau duintasunez onartzen dut». Nicanor Duarte jarduneko presidenteak, zeina Konstituzioaren arabera ez zen bigarren aldiz lehiatzen ahal, adierazi zuen: «Botere txandakatzea, giro baketsuan eta elkarri adituz eta laguntza emanez egin dadin, zintzo jardungo dut». Bide beretik, Latinoamerikako beste buruzagiek ere zoriondu egin zuten presidente hautatua.
LATINOAMERIKA, ALDAKETAN AURRERA. Politikan jarduteko, San Pedroko gotzain kargua utzi zuen Lugok 2006ko abenduan, eta haren garaipenak egundoko aldaketa eragin du Paraguain. Izan ere, presidentetzarako lehian porrot egin duen alderdi kontserbadorea, Partido Colorado, boterearen jabe zen 1947. urteaz geroztik.
Agintean jardun zuen PCk Alfredo Stroessner diktadore militarrak presidente kargua bahituta eduki zuen garaian ere, 1954. eta 1989. urteen artean. Boterean 61 urte egote horrek ustelkeria salaketak ugaritu ditu aginte arlo guztietan, eta egoera horrek okaztu egin ditu azkenean Paraguaiko herritarrak.
«Ezkertiar eta pobreen defendatzaile gisa ikusia den norbaitek munduan boterean luzeen geratu den indar politikoaren agintaritzari amaiera emateak nabarmen agertzen du zertaraino aldatu den Latinoamerika, eta nola sustraitu den bertan demokrazia», azaldu du AEB Ameriketako Estatu Batuetako Politika eta Ekonomia Ikerketa Zentroko kide Mark Weisbrotek. Horren arabera, baina, oraindik ez dago argi Lugok nola aldatu ahal izango dituen Paraguain gobernatzeko jokabideak, eta zenbaterainoko ahala izango duen horretarako. «Hori Partido Coloradok izango duen jokaerak baldintzatuko du; izan ere, demokraziaren joko arauak errespetatzeko prest izango al da?».
Galdera horiek ulertzearren, jakin beharrekoa da herenegungo presidentetzarako bozekin batera Diputatuen Ganberarako eta Senaturako hauteskundeak egin zituztela. Horietan, Partido Coloradok aukera handiak ditu Gobernua osatzeko garaian ezinbestezko indarra bilakatzeko.
«Botere txandakatzea giro baketsuan eta elkarri adituz eta laguntza emanez egin dadin, zintzo jardungo dut»
nicanor duarte
Paraguaiko jarduneko presidentea
«Bakarrik ez nazazuen utzi eskatzen dizuet; Paraguaik behar duen demokrazia elkarrekin egingo dugu»
Fernando lugo
paraguaiko presidente hautatua
Paraguaik ere ezkerrera egin du
60 urtean agintean egon den alderdia, Partido Colorado, garaitu egin du ezkerreko buruzagi Fernando Lugok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu