Paraguaiko herri indigenak, baso soiltzearen arriskuei buru egin beharrean

Gran Chaco eskualdearen Paraguaiko partean bizi diren bi indigena aioreo Italiara joan dira, salatzera beren eskualdeko basoak soiltzen ari direla Europako herrialde horretara larrua esportatzeko.

Aioreo komunitateko kide batzuk, beren lurretan. INICIATIVA AMOTOCODIE
Aioreo komunitateko kide batzuk, beren lurretan. INICIATIVA AMOTOCODIE
Cecilia Valdez
2026ko maiatzaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela aste batzuk, Paraguaiko aioreo totobiegosode komunitateko bi kide Italiara joan ziren, salatzera beren lurretako basoak soiltzen ari direla luxuzko produktuetarako larrua ekoizteko. Gran Cacho eskualdean bakartuta bizi dira indigena horietako anitz —haiek hala nahita—, hau da, Hego Amerikako basorik zabalenetan bigarrenean, eta behin baino gehiagotan salatu dute Paraguaiko Gobernuak abandonatuak dauzkala eta errepide biozeaniko bat —Ozeano Atlantikotik Pazifikorako tartea hartzen duena— eraiki nahi duela aioreoen lurretan.

«Milanen egon gara, eta solas egin dugu Chacoko baso soiltzearen eragile den enpresarekin, larrua saltzen duen enpresa horrekin», kontatu du Rosalino Darajidi Picaneraik, behin Italiatik itzulita, bidaia horren harira hautsak oraindik harrotuak zeudela Paraguain. BMW, Porsche eta Land Rover etxeetako luxuzko autoetarako segurtasun uhalak, bolanteak eta jarlekuak egiten dituzten enpresariekin elkartu ziren Rosalino eta Porai Picanerai, baina baita Vatikanoko agintariekin, Italiako Gobernuaren Atzerri Ministerioko ordezkariekin eta Diputatuen Ganberako giza eskubideen batzordearekin ere.

«Italian gurekin elkartu ziren enpresariek erran ziguten ez zekitela zer zegoen erosten zuten larruaren gibelean»

ROSALINO PICANERAI Aioreo komunitateko kidea

«Herri honen historian, garbiketa etnikoko prozesu bat izan zen 60ko urteetan; horixe bera gertatu zitzaien bakartuta bizi ziren bertze hainbat herri indigenari, misio ebanjelikoetako partaideek bilatu egin baitzituzten, beren lurretatik kanporatu eta indigenentzako kokalekuetan sartzera behartu». Halaxe azaldu du Iniciativa Amotocodie erakundeko kide batek; 2002tik ari da aioreo indigenekin lanean, baina nahiago du izenik ez eman, Italiarako bidaiaren berri zabaldu zenetik mehatxuak ailegatu baitzaizkie etengabe. Garbiketa etnikoko prozesuaren harira, zera gaineratu du, halarik ere: «Uste bazuten ere aioreo guziekin harremanetan jarriak zirela eta den-denak lekualdatuak zituztela, zantzuak agertu ziren basoan bazeudela oraindik ere herri horretako kide batzuk».

Gai horren inguruan egin dituen ikerketetan, Santi Carneri kazetariak kontatzen du Porai Picanerai basoan bizi izan zela harik eta 1986an handik bortxan atera zuten arte senideekin batean; ordutik, halako erasoak salatzen aritu da Picanerai. Halarik ere, hau da indigena aioreoek atzerrira bidaiatu duten lehenbiziko aldia, eta neurri batean horrexegatik harrotu dira hautsak hainbertze. «Gure kasua Auzitegi Interamerikarraren esku dago, baina Paraguain legea urratzen ari dira», adierazi du Rosalino Picaneraik. «Italian gurekin elkartu ziren enpresariek erran ziguten ez zekitela zer zegoen erosten zuten larruaren gibelean, eta hemendik aitzinera egiaztatu eginen zutela». Carneriren hitzetan, albisteak nolako oihartzuna izan zuen ikusita, «Larruaren Paraguaiko Ganberak tokiko hedabide nagusiei deitu zien, indigenen kontra eta aholkularitza teknikoa eta legala ematen dieten antolakundeen kontra mintzatzeko».

Halaber, aioreoek salatu dute beren lurretako baso soiltzeak legez kanpokoak direla, baita Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak ezarritako kautela neurri baten aurkakoak ere. 1989an, Hezkuntza eta Kultu Ministerioak aitortu zuen lur horiek aioreo totobiesgodeenak zirela, eta ondare natural eta kulturalaren izendapena eman zien herri horretako kideei», adierazi dute Iniciativa Amotocodieko partaideak. «Garai horretan, halaber, 560.000 hektareako eremu bat definitu zuten, eta indigenei lurrak itzultzeko prozesu bat abiarazi, Paraguaiko lege esparruan eskura dauden mekanismoak erabiliz, baina, azkenean, indigenek 120.000 hektarea eskas baino ez zituzten berreskuratu». Ordutik, aioreoak beren ondarea babesteko ahaleginetan ari dira lurren jabetza tituluak eskuratuz, baina, haien erranetan, estatuak ez du interesik hartutako konpromisoa betetzeko.

Errepide biozeanikoa

Nolanahi ere, bada basoa soiltzeko bertze arrazoi nagusi bat ere: Ozeano Pazifikoa eta Atlantikoa lotzeko egiten ari diren errepide biozeanikoa. Martxoan, Montevideon izandako bilkura batean, Paraguaik azaldu zuen zer aitzinamendu izan diren Kaprikornioko Korridore Biozeanikoa egiteko proiektuan. Azaldu izan dutenez, proiektu horren helburua da Hego Amerikaren integrazio fisiko eta operatiboa hobetzea lurreko korridore efizienteen bidez.

(ID_17785027442375) Ayoreo komunitateko kide bat. Paraguai.
Aioreo komunitateko kide bat, bere lurretan. INICIATIVA AMOTOCODIE

«Errepide biozeanikoa sekulako eraikuntza lana da, eta ez du kontuan hartzen herri indigenen autonomia, ezta aitzinetik kontsulta egiteko prozesua ere. Izan ere, herri indigenen oinarrizko eskubidea da kontsultatuak izatea halakoetan, ziurtatuta ez zaiela presiorik egin eta behar bezala informatuak daudela auziaren inguruan», Iniciativa Amotocodie erakundeko partaidearen erranetan. Proiektu horren helburuak ere ekarri ditu hizpidera: «Asmo hori bat dator Brasilen interes ekonomikoekin, produktuak Ozeano Atlantikotik atera eta Iquiquera eraman nahi baititu, Txilera, horrela lotura zuzenagoa izateko Asiako merkatuarekin, oraintxe handik eskatzen baita soja eta haragi gehien».

Iniciativa Amotocodiekoen arabera, ikusita zer-nolako erresistentzia piztu zuen errepide hori egiteko proiektuak, aspalditik gainera, ez zuten izan lanak erdi gordeka eta puskaka egitea bertze aukerarik. Halarik ere, duela gutxi auzia hizpide bilakatu zen berriz ere —Paraguain bai bederen—, indigenek gaia ikusgai jartzea lortu baitzuten Italiara bidaiatuta. Italia da Paraguaiko larruaren erosle nagusia: mundu zabaleko esportazioen erdiak harenak dira, eta Europako Batasunera bidaltzen direnen %99.

«Aioreoen herria da guaraniera bigarren hizkuntzatzat hartu ez zuen bakarra. Hizkuntza propioa dute»

Iniciativa Amotocodieko kidea 

Gaur egun, nahiz eta oraindik ere badiren talde batzuk hala nahi izanda bakartuta bizi direnak, aioreo herriko kide gehienak mendiguneetatik kanpo bizi dira, kokaleku egonkorretan. 2023ra bitarteko datuetan, 31 komunitate zituzten erregistratuak, eta etnia horretako kideak 4.000 inguru ziren ordu hartan, Paraguaikoak eta Boliviakoak kontuan hartuta.

Aioreo hitzak egiazko gizonak erran nahi du, eta herritar sedentarioei, indigenak izan edo ez, cojñone deitzen diete aioreoek, hau da, behar bezala pentsatzen ez duen jendea. «Aioreoen erresistentzia kulturala ere bada», zehaztu dute Iniciativa Amotocodie erakundeko kideek: «Aioreoen herria da guaraniera bigarren hizkuntzatzat hartu ez zuen bakarra. Aioreoek hizkuntza propioa dute, eta gaztelania dute bigarren hizkuntza».

Are gehiago, nahiz eta sedentario bihurtutako aioreoek bizimodua moldatu behar izan duten inguruko gizartera egokitzeko, beren kultura tradizionalaren parte handi bati eusten diote: konparazio batera, anitz mugitzen dira batetik bertzera, ez dute materialik pilatzen, eta fede handia dute naturan, munduan eta beren buruarengan. Edozein modutan, bakartuta ez bizitzeak autonomia galarazi die, eta haietako anitz hirigunerik populatuenen kanpoaldean bizi dira, egoera hagitz kaskarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA