Ingurumen ekonomian aditua

Antxon Olabe: «Parisko Hitzarmena baliagarria izan da, baina helburuak urruti ditugu»

Olaberen esanetan, klima aldaketari dagokionez, Txinak garbi egiten du «nazioarteko lankidetza politiken» alde. AEBek, berriz, aurkako «jarrera beligerantea» hartu dute.

Antxon Olabe Iruñean, asteon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Antxon Olabe Iruñean, asteon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2025eko abenduaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ingurumen ekonomian aditua da Antxon Olabe (Eibar, Gipuzkoa, 1955). Klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko aholkularia izan zen Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Espainiako presidenteorde eta ministro Teresa Riberaren kabinetean. Parisko Hitzarmenak hamar urte bete dituen honetan, AEBen eta Txinaren ikuspegiaz mintzatu da; munduko potentzia handienek nola jokatu duten azaldu du.

Multilateralismoari dagokionez, egoera nolakoa zen 2015ean Parisko Hitzarmena onartu zenean?

Alde batetik, Europako Batasunak urte asko zeramatzan klima akordio multilateralen alde ia bakarrik borrokatzen. Baina 2014an, Parisko Hitzarmena sinatu baino lehen, aldaketa handia izan zen, Pekinek eta Washingtonek akordioa egin baitzuten Xi Jinpingen eta Barack Obamaren arteko goi bileran [Txinako eta AEBetako orduko presidenteak, hurrenez hurren]. Munduan gehien isurtzen duten eta potentzia handienak diren biek akordioa sinatzeak jokaleku berri bat sortu zuen: munduko hiru indar handienek bat egin zuten. Esan daiteke Parisko Hitzarmena posible izan zela nazioarteko jokalekua hori zelako.

Hori bi urteren buruan bukatu zen, 2017an AEBek ikusi baitzuen Txina hazten ari zela. Hori mehatxutzat hartu zuten estatubatuarrek, arriskuan jartzen baitzuen azken mendean izandako nagusitasun ekonomikoa eta geopolitikoa.

Multilateralismoaren ikurtzat jo zuen askok. Hala izan zen?

Bai. Oso arkitektura garrantzitsua sortu zen klima krisiaren inguruko nazioarteko politikei dagokienez. Baina horrek ez du esan nahi perfektua zenik. Parisko Hitzarmena errealismo garrantzitsu batean oinarritu zen, herrialde bakoitzaren inguruko erabakiak herrialdeek beraiek hartzen zituztelako. Hori muga bat ere izan daiteke, hein batean. Baina pentsaezina da Txinak, AEBek edo Indiak onartzea nazioarteko agintari batek esatea zenbat murriztu behar dituzten isuriak.

«Agerikoa da jokaleku geopolitikoan lehen baino konfrontazio handiagoa dagoela, eta horrek asko zailtzen ditu lankidetza dinamikak»

Zer aldatu da geroztik?

Lehenik eta behin, klima krisia bizkortu egin da. Lurraren tenperaturaren igoera 1,5 gradutan mantentzeko helburua ez da inolaz ere lortuko, eta ez dut uste tenperatura bi gradu baino gutxiago igotzea ere lortuko denik. Bestetik, uste dut ia ez direla murriztuko berotegi gasen isuriak.

Hirugarrenik, agerikoa da jokaleku geopolitikoan lehen baino konfrontazio handiagoa dagoela, eta horrek asko zailtzen ditu lankidetza dinamikak. Eta hor sar daiteke AEBetako zatiketa politikoa ere. Alderdi Errepublikanoak politika klimatikoak baztertu ditu agintean egon den bakoitzean.

Kontrara, hamar urte hauetan, trantsizio energetikoan dinamika aparta izan da energia berriztagarrietarako, ibilgailu elektrikoetarako eta baterietarako. Eta horrek Txinan dauka ardatza.

Uste duzu klima aldaketaren aurkako borrokak garrantzia galdu duela?

Garai zail batean gaude. Azken urteetan batez ere EB Europako Batasunak egin dio tira gurdiari, alde handiz gainera. Eta, gaur egun, desorientazio estrategikoan murgilduta dago. Konfrontazio politiko betean gaude, eta hori ez da jokalekurik erosoena EBrentzat. Izan ere, inguru multilateral batean eta konpromiso eta akordio formaletan mugitzen da ondoen; horretarako diseinatutako proiektu politiko bat delako.

AEBek, Trumpen eskutik, bizkarra erakutsi diete politika klimatikoei. Txinak, berriz, ikusi du AEBek konfrontaziorako jarrera daukatela haren hazkunde ekonomikoari eta teknologikoari dagokionez; eta haien politika klimatikoek ez daukate elkarlanerako jarrera izanda edukiko luketen bezainbesteko garrantzirik, 2014an ikusi zen bezalaxe. Errusia eta Saudi Arabia, berriz, beren esku dagoen guztia egiten ari dira politika klimatikoek porrot egin dezaten, diru asko baitaukate jokoan: bilioiak.

AEBak eta Txina munduko potentzia handienak dira, eta, era berean, gehien kutsatzen dutenak. Zer ikuspegi dute Parisko Hitzarmenaren eta NBEren Klima Aldaketari Buruzko Esparru Hitzarmenaren gainean?

Klima aldaketari dagokionez, Txinak argi eta garbi egiten du nazioarteko lankidetza politiken alde. Horretan, badu Europako Batasunaren antza, baina ñabardura batekin: Txina beti saiatuko da segurtasun energetikoa eta haren garapen ekonomikoa zaintzen.

AEBak bigarrenez erretiratu dira Parisko Hitzarmenetik. Trumpek gobernatzen duen bitartean, ez dago zereginik, eta ez da baztertu behar Nazio Batuen Klima Aldaketari Buruzko Esparru Hitzarmenetik erretiratzea. Administrazio horrek erregai fosilaren alde egiten du, sutsuki gainera, eta [AEBetako presidente ohi] Joe Bidenek energia berriztagarrien eta politika klimatikoen alde jarritako araudia desegiten ari dira.

«Txinak klima aldaketari aurre egiteko interesa dauka, baina sistema eraldatu behar du horretarako»

Zergatik aldatu da hainbeste AEBen jarrera azken urteetan?

Klima aldaketaren inguruan errepublikanoek eta demokratek elkarrekin sinatu zuten azken akordioa duela 30 urtekoa da, Senatuak Nazio Batuen Klima Aldaketari Buruzko Esparru Hitzarmena berretsi zuenekoa. Alderdi Errepublikanoa alderdi negazionista bat da azken 25 urteez geroztik; erabat hartu zituen aintzat erregai fosilen interesak. Trumpekin, gainera, okerrera egin du egoerak, klima aldaketaren kontrako jarrera beligerantea hartu baitu. Trantsizio energetikoaren aldeko borrokak diru kopuru handiak jartzen ditu arriskuan. Izan ere, 2025ean, 20 milioi upel ekoizten dira urtero AEBetan. Saudi Arabian eta Errusian ekoizten dena batu beharra dago kopuru horretara iristeko. Upel bakoitzak 70 euro inguru balio baldin baditu... atera kontuak.

Eta Txina? Garrantzitsua al da Parisko Hitzarmenerako?

Ezbairik gabe. Txinak gasen urteko isurketen %30 inguru eragiten ditu; horregatik da munduko emisioen dinamika aldatzeko botere gehien daukan herrialdea. Azken urteetan ikaragarri hazi da ekonomikoki eta industrialki. Garapen hori, maila energetikoari dagokionez, ikatzaren erabileran oinarritu da, eta horrek esan nahi du berotegi gas asko isuri dela. Gaur egun, Txinaren sistema energetikoaren %53 dago ikatzean oinarrituta.

Hortaz, Txinak klima aldaketari aurre egiteko interesa dauka, baina sistema eraldatu behar du benetako aurrerapausoak emateko. Horretarako, datozen urteetan beharrezkoa litzateke ikatz zentralak ixteko anbizio askoz ere erradikalagoa erakustea.

Hamar urteren ostean, zer etorkizun ikusten diozu Parisko Hitzarmenari?

Nik oso ikuspegi kritikoa daukat Belemen egin den COP30 biltzarraren inguruan. Izugarrizko porrota izan da. Onartezina da hogeita hamar COP biltzar egin ostean oraindik ere ezin izatea erregai fosilen inguruan hitz egin. Munduko emisioen %75 sortzen dituzte. Alderaketa egiteko, biriketako minbiziaren inguruan eztabaidatzeko hogeita hamar osasun kongresu egin ostean tabakoari buruz hitz egiteko baimenik ez izatea bezalakoa da.

Hala ere, datuek erakusten dute Parisko Hitzarmena baliagarria izan dela azken urteetan, eta joerak hobera egin duela 2014ko egoerarekin alderatuta. Baina oraindik urruti ditugu helburuak. Akordioak lotzen saiatu behar da, eta estrategia berriak pentsatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.