Parisko Louvre museotik Napoleonen eta Josefina enperatrizaren bitxiak ostu dituzte

Hiru lagunek egin dute lapurreta goizean, museoa ireki berritan. Ez da zauriturik izan. Bederatzi pieza lapurtu dituzte, balio «kalkulaezina» dutenak.

Lapurrek Louvrera sartzeko erabili duten karga jasogailua, gaur, Parisen. MOHAMMED BADRA / EFE
Lapurrek Louvrera sartzeko erabili duten karga jasogailua, gaur, Parisen. MOHAMMED BADRA / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko urriaren 19a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lapurreta handi bat izan da gaur goizean Parisko Louvre museoan, munduko bisitatuenean. Rachida Dati Frantziako kultura ministroak jakinarazi duenez, goizeko 9:30ean, museoa ireki berritan, hiru lagunek Napoleon Bonaparteren eta Josefina enperatrizaren bildumako bederatzi pieza ostu eta ihes egitea lortu dute. Ez da zauriturik izan.

Lapurrak bi motorretan iritsi dira museora, eta karga jasogailu bat erabili dute zuzenean Apolo Galeriara heltzeko, bitxiak zeuden tokira. Obrak egiten ari dira Sena ibaiaren alboko inguru horretan. Kaputxadunek motozerra txikiak zituzten, eta horiekin hautsi dituzte leihoak. Bi barrura sartu dira, eta hirugarrenak kanpoaldean itxaron du. Ekintzak zazpi minutu inguru iraun ditu, eta, itxura guztien arabera, ondo planifikatuta zuten.

(ID_15432880) FRANCE MUSEUM LOUVRE
Louvre museoa itxita, gaur, lapurretaren ostean. MOHAMMED BADRA / EFE

Sortako bederatzi pieza lapurtu dituzte, baina ikertzaileak argitzen ari dira oraindik zenbateko balioa eraman duten denera. Dena den, Laurent Nuñez Frantziako Barne ministroak aurreratu du bitxi horien balioa «kalkulaezina» dela.

Le Parisien egunkariaren arabera, museoaren kanpoaldean topatu dute lapurtutako piezetako bat, Eugenia enperatrizaren koroa. Itxuraz, hautsi egin da lapurrak ihesean ari zirela.

(ID_15432885) FRANCE MUSEUM LOUVRE
Lapurreta izan den kalea, itxita. MOHAMMED BADRA / EFE

Dati ministroak adierazi du lapurrak profesionalak direla: «Museoak gaur egungo kriminalitate modu berrietara egokitu behar ditugu; antolatuak dira, profesionalak, lasai sartzen dira eta lau minutuan altxorra eramateko gai dira indarkeria erabili gabe».

Lapurretaren berri izandakoan, bisitari guztiak atera dituzte museotik eta jakinarazi dute gaur itxita egongo dela, egun osoan. Louvrek zortzi milioi bisitari baino gehiago jasotzen ditu urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.