Ezohiko egoeran egin ziren hauteskundeetako kanpaina eta bozketa, eta ezohiko egoeran hasi da legealdia Kataluniako Parlamentua osatu den egunean ere. Zortzi eserleku hutsik egon dira saioan; horietako bost Bruselan diren Carles Puigdemont, Clara Ponsati, Lluis Puig, Toni Comin eta Meritxell Serret diputatuei dagozkienak, eta beste hiru espetxean diren Oriol Junqueras, Joaquim Forn eta Jordi Sanchez diputatuenak. Zortzi eserlekuetan xingola horiak egon dira jarrita, espetxeratuen askatasuna eta erbesteratuen itzulera galdegiteko ikur.
Junquerasek, Fornek eta Sanchezek haien boza beste diputatu baten esku uzteko eskatu dute, eta saioaren hasieran eratu den Adin Mahaiak onartu egin die aukera hori, Ciutadansek eta PPk kontrako iritzia agertu duten arren. Oriol Junquerasek Marta Rovira ERCko idazkari nagusiaren esku utzi du bere boza; Joaquim Fornek eta Jordi Sanchezek, berriz, Jordi Turullen esku utzi dute. Bruselan diren diputatuek ez dute boto delegatuaren aukera galdegin, eta ez dute bozketan parte hartu.
Parlamentuan egon ez diren arren, protagonista bihurtu dituzte falta ziren diputatuak. Alderdi independentistetako ordezkariek txalo zaparrada eskaini diete; bai, Rovira eta Turull kartzelatuta dauden diputatuen izenean botoa ematera altxatu direnean, baita adineko mahaiko presidente Ernest Maragallek erbestean diren diputatuak boza ematera deitu dituenean ere.
Roger Torrentek bigarren bozketan lortu du presidente izendatua izateko babes nahikoa, gehiengo soilarekin. JxCren, ERCren eta CUPen aldeko 65 boto jaso ditu Torrentek, eta 56 boto bildu ditu Ciutadanseko Jose Maria Espejo-Saavedrak. Torrentekin batera, mahaia osatu dute Josep Costa (JxC) eta Jose Maria Espejo-Saavedra (C's) presidenteordeek, eta Joan Garcia (C's), Eusebi Campdepedros (JxC), Alba Verges (ERC) eta David Perez (PSC) idazkariek.
Karguaren ondoren, hitza hartu du Torrentek. Kataluniak "aurrekari demokratikorik gabeko" egoera bizi duela nabarmendu du, eta herrialdeko "erakunde guztiak" berreskuratzea betebeharra dela ziurtatu du. Torrenten esanetan, Carme Forcadell aurreko parlamentuko presidentearen arrastoari jarraitzea izango du helburu. "Parlamentuan gai guztiei buruz hitz egiteko aukera izan behar da".
Torrenti eginiko elkarrizketa argitaratu zuen BERRIAk urriaren 8an, eta orduan urriaren 1eko erreferendumaren "mandatu demokratikoa" gauzatzearen alde agertu zen parlamentuko presidentea.
Arreta, inbestiduran
JxCk eta ERCk parlamentuko mahaiaren kontrola eskuratu dute gaurko saioan, presidentetza eta mahaiko gehiengoa lortuta. Orain arreta parlamentuaren hurrengo saioan dago jarrita, Generalitateko presidentea izendatzeko lehen inbestidura saioan. JxCk eta ERCk Carles Puigdemont presidentegai aurkeztuko dutela iragarri dute, baina nola egingo duten ez dute argitu oraindik.
Mahaiak zeresan handia izan dezake, independentisten asmoa Puigdemontek zuzeneko bideo seinalez saioan parte hartzea baldin bada. Izan ere, mahaiarena da horren gisako neurriak baimentzeko ahalmena. Oraingoz, parlamentuko zerbitzu juridikoek ohartarazi dute araudiaren kontrakoa litzatekeela Puigdemont telematikoki presidente izendatzea, baina JxCk ukatu egin du halakorik. Aurora Madaula diputatuak adierazi du araudiaren arabera izendatuko dutela Puigdemont. Nabarmendu duenez, parlamentuko letratuak aholkulariak dira, eta ez dute arautzeko gaitasunik; parlamentuak bai, ordea.
Parlamentuko saioaren zuzeneko kontaketa egin du BERRIAk.