Liberiako herritarrek trumilka parte hartu zuten atzo 14 urte iraun zuen eta 2003ko abuztuan amaitu zen gerra zibilaren ondoko lehen bozetan. Presidentetzara lehiatzen ziren 22 hautagaien artean George Weah futbolari ohia eta Ellen Johnson-Sirleaf ekonomista dira faboritoak. Lehiakide ziren, era berean, 300.000 hildako inguru eragin zuen gerra zibilean esku hartu zuten hainbat gudalburu.
George Weahk (39 urte) gazteen artean suhartasun handia sortu du eta bera da presidente bihurtzeko aukera handien duena. Alabaina, eskarmentu eskasa egozten diote. Agintarien mundua ezagutzen du, ostera, Ellen Johnson-Sirleafek (66). Nazio Batuen Erakundean eta Munduko Bankuan jardun du eta 1,35 milioi hautesleen erdiak diren emakume gehienen babesa jaso dezake. Gerra zibilean esku hartutako zenbait hautagai ere baziren. Hala, Sierra Leonara ihes egin zuen Charles Taylor presidente ohiaren alderdiko bat zen presidentegaien artean, baita aginte horren aurka borrokatu zuten matxinoen buruzagi Seku Conneh gudalburua ere. Presidenteaz gain, Legebiltzarreko 64 kideak eta Senatuko 30 hautetsiak ere aukeratzen zituzten atzo. Bozen berme ziren nazioarteko 400 behatzaile, hauen artean, AEBetako presidente ohi Jimmy Carter. Presidentetzarako hauteskundeen emaitzak urriaren 25ean jakingo dira, baina bigarren txanda egin beharko da, ziur aski, azaroaren 8an.
LIBERIA
Parte-hartze handia izan da gerra zibilaren osteko lehen bozetan
Weah futbolari ohia eta Johnson-Sirleaf ekonomista dira faboritoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu